Pilota mistoarekin ere jokatuko dute Emakume Master Cup-en

Master Cup-ean ariko diren pilotarietako batzuk, atzoko aurkezpenean. A.L. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Emakume Master Cup txapelketek aldaketa handia izango dute aurten. Orain arte pilota goxoarekin jokatu dira bakarrik; lau eta erdikotik aurrera, baina, mistoa ere erabiliko dute. Toke erdiko pilota da, goxoa baino bizi eta gogorragoa, eta, era berean, eskuentzako kaltegarriagoa. Pilotari gazteenak, txikitatik hasi eta esku-huska inoiz utzi ez dutenak ohituta daude pilota horietara. Ez, ordea, urte batzuk utzita egon ondoren azken urteetan pilotalekuetara itzuli diren beteranoak.

Iker Amarika antolatzaileak espero du pilota mota berriarekin ikuskizuna hobetzea. «Jokoaren abiada bizituko du, eta kirol maila hobea eskatuko die pilotariei. Hobeto prestatu beharko dituzte euren buruak». Antolatzaileek, baina, ez dute inor kanpoan utzi nahi, eta apurka egin nahi dute pilota gogorragoarekiko trantsizioa. Ondorioz, lau eta erdiko lau txapelketa jokatuko dira: pilota mistokoa, eta pilota biguneko hiru: hastapen, promozio eta lehen mailakoak. Txapelketak atzo aurkeztu zituzten, eta urriaren 12an hasiko dira. Finalerdiak abenduaren 1ean jokatuko dira, Galdakaon (Bizkaia), eta finalak 15ean, Barakaldon (Bizkaia).

Emakume Master Cup txapelketa irekia da, nahi duenak eman dezake izena, eta orain parte hartzaileei dagokie erabakitzea zein pilotarekin jokatuko duten. Hilaren 30era arteko epea dute izena emateko. Olatz Arrizabalaga iazko txapeldunak, esaterako, ez du argi. «Oraindik erabakitzeke nago. Mistoak entrenatzea eta eskuak gogortzea eskatzen du. Urte osoan bigunarekin jokatu dugu, eta jauzia da mistora igarotzea». Oihana Aldai promozio mailako iazko txapelduna ataka berean dago. Aurkezpenean egon zen, eta udan pilota mistoko torneo bat jokatu badu ere, gustura gainera, oraindik ez daki zein mailatan emango duen izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.