Ikusgaiago egin dira

Arrazakeriak indar handia hartu du kirolean, eta zer esanik ez futbolean. Halako kasuak, gero eta ezagunagoak diren arren, ez dira hainbeste ugaritu. Hainbat adituk agerian utzi dute agintarien pasibotasuna.

Ingalaterrako zale bat kartel batekin, UEFAri kontuak eskatuz. PETER POWELL / EFE.
Mikel O. Iribar.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Estatuek betidanik erabili izan dute kirola beren nazioaren ikuspegia ordezkatzeko. Futbolak, esaterako, kirol kolektiboen artean, zabalkunderik handiena izan du munduan, ordezkaritza eremu bat bilakatzeraino». Ekain Rojo (Donostia, 1983) EHUko irakasle eta Nor ikerketa taldeko kidearen adierazpenak dira horiek. Rojok dio XIX. mende amaieratik estatuentzat «sinbolikoki oso indartsua» dela futbola, eta, haren iritziz, haientzat «azken aingura» da futbola. Horrez gain, EHUko irakaslearen arabera, futbolean errazago ikusarazten da «gu haien aurka» egoera, eta, horren ondorioz, identitateen arteko talka agerikoa dela azpimarratu du.

Lehia horrek, batez ere nazioartean, nazioaz duten ikuspegia erakustera eramaten dituzte selekzioak. Rojok Frantziako selekzioko gizonezkoen taldea jarri du adibide gisa. «Selekzio horretan ikus daiteke aniztasuna badagoela, Afrikatik joandako ondorengo asko baitaude». Iragan urtean, Munduko Kopa irabazi zuenean, esaterako, taldeko 23 jokalarietatik lauk bakarrik zituzten bi gurasoak Frantzian jaioak. Rojok dioenez, Alemaniako taldeak ere badu aniztasun hori, XX. mendearen amaiera arte islatu ez zuen arren.

Gaur egun, ordea, estatu askok ez dute islatzen aniztasun hori, hau da, «balio existentzialak betikotu nahi dituzte», EHUko irakaslearen hitzetan. Jarrera hori eskuin muturrarekin lotu du Rojok. «Egun, Europako ekialdean eskuin muturrak indarra duen herrialdeek purutasunari eutsi nahi diote futbolean ere». Gizarte garapenaren aurkako mezuak entzuten direnez, arrazakeriak eta xenofobiak indar handia dute kirolean, eta zer esanik ez futbolean.

Azken hilabeteotan, horrelako dozenaka kasu gertatu dira Europan jokatutako partidetan. Hainbat jokalarik irain eta oihu arrazistak jasan dituzte. Esate baterako, Tyrone Mings, Raheem Sterling eta Marcus Rashford Ingalaterrako selekzioko jokalariek halako egoera bat jasan zuten datorren urteko Eurokoparako sailkatzeko partida batean, Bulgarian. Taison Barcellos Xaktar Donetskekoak ere jasan zituen irainak Ukrainako Ligan, Dinamo Kieven aurka; baita Mario Balotelli Bresciakoak ere Italiako Ligan, Veronaren aurkako partidan. Beste adibide bat da Ahmad Mendes Moreirarena, Herbehereetako Ligan.

Nolanahi ere, Euskal Herrian oihartzunik handiena eduki duena Alexander Isak Realeko jokalariaren kasua izan da. Azaroaren 15ean, Isak bere selekzioarekin, Suediarekin, Eurokoparako sailkatzeko partida jokatzen ari zen, Errumanian. Aulkitik atera zen, bigarren zatian, eta Bukarest Arenako harmailetako bateko zaleak irainka hasi zitzaizkion Realeko jokalariari. Daniele Orsato epaileak une batez neurketa eten zuen, eta bertan behera uzteko zorian egon zen. Lehiaren amaieran, taldekide guztiak Isak besarkatzera joan ziren. Hurrengo egunean, Jokin Aperribai Realeko presidenteak gogor salatu zituen Isakek jasandako irain eta oihu arrazistak. Horrez gain, joan den larunbatean, Realak eta Eibarrek jokatutako euskal derbian, Anoetako harmailetan Arrazakeria gelditu jartzen zuen oihal bat zabaldu zuten jarraitzaile txuri-urdinek neurketaren hasieran, Isaki babesa emateko.

Azkenaldiko kasuak dira horiek, baina Rojok zera azaldu du: «Arrazakeria kasuak gehiago entzuten diren arren, ez dira hainbeste ugaritu». Iritzi berekoa da Thaylor Lubazanbio (Bilbo, 1994) jokalaria: «Kasuak gehiago ikusten dira orain, eta, gaur egun, sare sozialetan berehala zabaltzen dira». Gainera, aldeak ikusten ditu. «Ez da gauza bera Lehen Mailan gertatzea ala Bigarren B Mailan. Beheragoko kasuek oihartzun eta sinesgarritasun askoz ere txikiagoa dute». Lubazanbio Bilbon jaioa da. Aita Angolakoa du, eta ama Laudiokoa (Araba). Gaztetan futbolerako hautua egin zuen, eta azken zazpi denboraldietan sei taldetan jokatu du: tartean, Eibar, Athletic eta Real Union.

Irungo (Gipuzkoa) taldean zegoela, gertaera ilun bat bizi izan zuen. Jokalariak ondo gogoan du buruan pasatu zitzaiona. 2017ko otsailaren 22a zen, eta Real Union Konfederazio Kopako partida jokatzen ari zen Atletico Saguntinoren aurka, Gal estadioan. Lubazanbio bigarren zatian zelairatu zen, eta, berehala, aireko jokaldi batean aurkariarekin lehia bat izan zuen. «Biak erori ginen lurrera, eta, altxatu orduko, aurkaria irainka hasi zitzaidan, nire azalaren kolorearekin sartuz». Bi jokalariak zeuden lekutik metro gutxira zegoen epailea, eta Real Unioneko jokalaria harengana hurbildu zen neurriak hartzeko eskatzera. Hark, ordea, entzungor egin zion. «Jasandako irainak baino gehiago, epailearen jarrerak egin zidan min».

Partida amaitu zenean, aldageletarako bidean berriz ere epailearengana jo zuen gertatutakoaren inguruan erabakiren bat hartzeko eskatzera, baina epaileak urruntzeko esan zion, bestela ohartarazpena jasoko zuela. «Ondoren, hilabeteko zigorra jaso nuen». Epaileak aktan jarri zuen ezen, partida amaitu eta gero, segurtasun agenteek geratu behar izan zutela Real Unioneko jokalaria. Hori gezur «biribila» zela dio Lubazanbiok. «Polizia nire ondoan zegoen, eta taldekideak ni lasaitzen aritu ziren, negarrez eta amorru bizian nengoelako». Biharamunean, Lubazanbiok salaketa jarri zuen Irungo ertzain etxean, baina geroztik ez du berririk jaso.

Gurasoak, «okerrenak»

Hura ez zen Lubazanbiok irain arrazistak jasan zituen lehen aldia. Nerabe zela ere bizi izan zituen halako egoerak. Danok Batekin jokatzen zuela Lezaman gertatu zitzaiona ekarri du gogora. «Harmailetan zauden gurasoetako batek 'tximino madarikatua' esan zidan». Hala, gazte mailetako neurketetan, jokalariek baino gehiago gurasoek izaten duten jarrera desegokia salatu du Lubazanbiok. Iritzi berekoa da Mikel Mazkiaran (Olatzagutia, Nafarroa, 1967) Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea; «Gurasoak izaten dira okerrenak. Modu sano batean animatu beharrean, astakeriak esaten dituzte jokalari atzerritarren aurka».

Dena den, horrelako kasuetan, Mazkiaranek gizonen eta emakumeen arteko bereizketa egin du. Izan ere, haren esanetan, emakumeek jarrera «lasaiagoa» izaten dute. Rojo ere bat dator: «Halako egoeretan, gizonezkoek beren maskulinitatea erakutsi nahi izaten dute». Horrelakoetan epaileak partida geratu eta bertan behera uzteko erabakia hartu beharko lukeela uste du Mazkiaranek. «EAEn 2007ko lege bat dugu, eta horrelako kasuetan epaileak badu eskubidea erabakiak hartzeko. Kontua da errealitatean horrelako erabakiak oso gutxitan hartzen direla».

Bestalde, legediarekin ere badago beste kezka bat. Espainian, esaterako, kirol esparruan gertatzen diren gorroto edota bazterkeria kasuak arau-hauste administratibo moduan hartzen dira. Horregatik, Mazkiaranen iritziz, horrelako kasuak ez dira «behar bezala» aztertzen.

Agintarien jarrera pasiboa

Halako gertaerei lotuta, gainera, Rojok zalantzan jarri du UEFA Europako Futbol Elkarteen Batasunak futbolean gertatzen diren arrazakeria kasuak bukarazi nahi dituenik: «UEFAk neurri bateraino badu ahalmena horrelako gertaerak amaiarazteko, baina ez dakit egun egiten duena baino gehiago egin nahi ote duen». Herrialde bakoitzak bere bilakaera eta gizarte arazoak dituela gogorarazi du, eta uste du zaila dela kanpotik norbait etorri eta arazoa konpontzea. Mazkiaran eta Lubazanbio ere bat datoz: «Taldeetako zuzendaritzek ultrekin harreman ona dutenez, ez zaie komeni haiekin arazoak izatea, jarrera arbuiagarriak dituzten arren». Rojo, baina, harago doa: «Presidenteek neurriak hartzen ez badituzte, berdin pentsatzen dutelako izango da. Errumaniako eta Bulgariako federazioetako presidenteek, zehazki, ez dituzte salatzen jokabide horiek. Halere, horrekin ez dut esan nahi Europako mendebaldean ere gertatzen ez direnik halakoak».

Europako futbol talde gutxi batzuk gai izan dira muturreko jarraitzaileak estadiotik kanporatzeko. Rojok Bartzelona taldearen adibidea du gogoan. 2003an, Joan Laporta presidente zela, zuzendaritzak Boixos Nois muturreko ultra taldea kanporatu zuen Camp Nou estadiotik. Herbehereetan ere neurriak hartu dituzte, eta, iragan astean, Italiako Ligako klub guztiek ohar bateratu bat kaleratu zuten, aitortuz «arazo larria» dutela arrazakeriarekin, eta «berehalako konponbidea» eman behar zaiola.

Beraz, arrazakeriaren aurkako urratsak egiten ari dira, baina agintariek harago joan beharko luketela diote hirurek. «Isunen bidez ez da konponduko arazoa. Gaia serioago hartu beharko lukete, eta arrazakeriaren aurkako politikak mahai gainean jarri beharko lirateke», adierazi du SOS Arrazakeriako kideak. Baina esan du herrialde bakoitzeko gobernuek esku hartu beharko luketela horretarako. Izan ere, Rojok azaldu duenez, eskuin muturrak atzerritarren aurkako politikak jartzen baditu martxan, jarrera arrazistak ugaritu egingo dira gizartean.

Hala eta guztiz ere, guztiek nabarmendu dute futbolak arrazakeriaren eta xenofobiaren errealitatea ikusgaiagoa egiten duela, gizartean duen indarrarengatik, eta horrek kontzientzia handitzeko eragina izango duela uste dute. Hori bai, gazteetatik hasiz, hezkuntzan programa gehiago txertatu beharko liratekeela nabarmendu dute, «futbola integraziorako funtsezko tresna baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.