Bilboko Aste Nagusia

Sendagai magikoa

Jaietako egitarauan dozenaka ekintza dituzte umeek, eta Txikigunean daukate euren txokoa. Ospitalean daudenek ere badute jaia: zirkua joan zaie bisitan

Zirrara eta arriskua. II Circo Italianoko artistek ikuskizun koloretsua eskaini zieten egun hauek Basurtuko ospitalean igaro behar dituzten haurrei. JUNE PRIETO / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Toki hotzak izan ohi dira ospitaleak, ezbehar eta malkoen gordeleku. Pilulak, xiringak, isiltasuna eta gaixotasunak ezkutatzen dira horma zurien atzean. Etsipenak eta tristurak jantzi ohi ditu, irribarreei toki gutxi utzita. Egun batez bada ere, atzo, Bilboko Basurtuko ospitalea kolorez, ilusioz eta algaraz jantzi zen. Il Circo Italiano zirkuaren ikuskizuna eraman zuten San Pelaio haurren pabiloiaren kanpoko aldera. Han ziren trapezista, malabarista, dantzari eta funanbulistak, hasi aurreko beroketak egiten. Eta, zirkuaren izar, pailazoak eta magoa. Aste Nagusia aitzakia hartuta, zirkua ospitalera eraman zuten, egun batez bada ere.

12:00 puntu-puntuan, eguzkiak gogor jotzen zuen, eta Basurtuko egunerokotasun lasaia eten zen bat-batean. Kalejiran heldu ziren txistulariak eta Marijaia. Aste Nagusiak agertokia aldatu zuen egun batez: Areatzatik Basurtuko ospitalera lekualdatu zen. Han ziren Saioa Dominguez txupinera eta Zorion Egileor pregoilaria, konpartsa guztietako ordezkariekin batera. Erakundeetako ordezkaririk ere bazen. Mediku, erizain zein bestelako osasun langileak euren egitekoak alboratu, eta ikuskizunaz gozatzeko prest ziren. Lehenengo aldiz joan ziren Janire Robledo eta Joseba Arteta Aixeberri konpartsako kideak zirkuak ospitalera egindako bisitara, ilusio handiz. «Berezia izan behar du eurentzat. Haiek ezin dira jaietara joan, eta jaien zatitxo bat ekartzen diegu», azaldu zuen Robledok. «Ezin dugu mundua aldatu, baina euren egunerokotasuna apurtzeko aukera bat da», gehitu zuen Artetxek.

Haurren pabiloiaren ondoan antolatu zuten jairako azpiegitura guztia: oholtza, bozgorailuak eta oihal handi bat belarretan, zirku inprobisatua atondu zuten berehala. Jakin-minez atera zuten burua leihotik inguruko eraikinetako gaixoek ere. Basurtuko ospitaleko pediatra da Mercedes Rodriguez, eta ikuskizuna ikustera lagundu zituen haurrak: «Ospitaleratuta dauden umeak alaitzea da helburua», azaldu zuen irribarretsu. «Egoera jasangarriagoa izan dadin saiatzen gara, behintzat irribarre egin dezatela», gehitu zuen Adrian Revuelta medikuak, Rodriguez alboan zuela. Aurretik ematen diete umeei zirkuaren etorreraren berri, eta ilusio handiz bizi izan zuten bisita. Motibazio ziztada indartsua izaten da eurentzat.

Jantzi distiratsu eta koloretsuz horniturik, aurpegia margotuta eta ikuskizun ahaztezina eskaintzeko prest ziren artistak; jatorri eta adin guztietako hamarnaka profesional. Malabaristak eman zion hasiera, eta atzetik jarraitu zioten pailazo, ilusionista eta trapezistek. 16 urteko funanbulistak zur eta lur utzi zituen ikusleak, soka gainean oreka mantenduta, joan-etorrian. Orotara, 50 minutu iraun zituen ikuskizunak.

Haurrentzako espresuki prestatu zuten saioa, eta ezohiko azpiegiturara egokitu behar izan zuten: «Ikuskizun berezia da, dugunen artean dibertigarriena;pailazoen parte hartze handia du. Gaizki pasatzen ari diren ume hauentzako ezinbestekoa da egunerokotasunetik ateratzeko tarte hau eskaintzea», jakinarazi zuen Sonia Mirandak, Il Circo Italianoko zuzendari artistikoak. «Hau gure ogibidea da, eta guretzat ezinbestekoa da ikusleak dibertitzea eta pozik ikustea». Hala ere, aitortu zuen arrisku maila handiko zenbait ekitaldi kanpoan utzi behar izan dituztela, eta beste zenbait baldintzetara egokitu direla.

Txalo zaparrada artean hartu zituzten haur, guraso eta osasun langileek zirkuko artistak, tarte batez pena guztiak ahantzita. Giro magikoa sortu zen, batez ere umeen artean. Magia mantentzearen arduradunetako bat izan zen Willy Buca ilusionista: «Poztasuna eta gozamena ekarri nahi izan ditugu, tarte batez non dauden ahatz dezaten», azaldu zuen. Ikuskizuna ipuin bat balitz bezala egituratu zuten, haurrei istorio bat kontatu guran: «Neskato baten istorioa da hau, egunen batean zirkuko artista izan nahi duen neska baten kontakizuna». Amesteko aukera eman nahi diete haurrei, eta, egunen batean ametsak egi bihur daitezkeela erakutsi.

Olgetarako gunea

Han eta hemen, Bilbo osoan daude txikienentzako ekintzak jaietan; baina, Casilda Iturrizar parkean egon ohi da gunerik esanguratsuena. Aste Nagusiko egun guztietan egoten da zabalik Txikigunea. Aurten, 24 ekintza antolatu dituzte. Adinaren eta jarduera motaren arabera, lau gunetan banatu dituzte jarduerak, parkea jolastoki erraldoi bihurtuz. Ur jolasak, aurpegiak margotzea eta puzgarriak dira ekintza arrakastatsuenak. Atzoko egun eguzkitsua zela eta, uretan murgilduta eman zuten eguna askok. Hala ere, Gargantua da Txikiguneko izarra: Marijaiarekin batera, Aste Nagusiko ikurrik esanguratsuena, haurrentzako txirrista bihurtutako gizon jatuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.