Kresalaren gaziak bustia

Angeluko Udalak arte garaikidearen biurtekoa antolatu du; nazioarteko hamabi artista gonbidaturen obrak elkartu ditu Amodio Ganbera hondartzaren bazterrean; azaroaren 4ra arte egonen dira hor

Anne Wenzelen 'Invalid icon'. Artistak sei tona buztin behar izan ditu; astuna bezain hauskorra. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Angelu
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Perspektiba aldaketa bat. Hondarrean denak burua itsasoaldera begira jartzeko ordez, itzuli eta arte garaikideari begira jartzea: horretarako aukera ematen du Angeluko arte garaikidearen biurtekoak. Zazpigarren aldia du, eta azaroaren 4ra arte luzatuko da, Herriko Etxeak antolatua. Richard Leydier paristar arte kritikaria da erakusketaren antolatzailea, eta hari eman diote artisten aurkitzearen ardura. Amodioa hautatu dute artisten lan ardatz, Amodio Ganbara hondartza dutela bilgune nagusi. Artistak hamabi dira orotara, europarrak gehienak, Tadashi Kawamata japoniarra eta AEBetako Rachel Kaye eta Jay Nelson salbu. Besteak, Anne Wenzel, Madeleine Berkhemer, Laure Mary-Couegnias, Stephane Pencreac'h, Guillaume Alby Remed, Jeremy Demester, Lionel Scoccimaro, Grout eta Mazeas eta Bernhard Martin dira.

Tadashi Kawamata eta Stephane Pencreac'hen kasuan, bi erakusketa berezi zintzilikatu dituzte. Beatrix Enea erakustokiko beheko solairura joanez gero, Tadashi Kawamataren obrak aurkituko dira. Haren aitzineko lanen maketak ikus daitezke, besteak beste. Georges Pompidou mediatekan, berriz, Stephane Pencreac'hen margolan eta eskulturak dituzte elkartu.

Baina biurtekoaren leku nagusia hondartza bazterra da. Kresalaren gazian altxatzeko moduan pentsatu artelanak dira gehienak. Kanpoak dakartzan gorabeheren menpe. Eskultura egiten ari zela, jadanik ekaitzaren ondorioekin konposatu behar izan zuen Anne Wenzelek agorril hasieran. Sei tona buztinekin egina baita bere Invalid icon; buztin hauskorra du, eta ekaitzak azpiegitura eraman zion. Geroztik lortu du bururatzea obra, baina, halere, segitzen du hauskor. Eta nahitara. Artistak obraren partetzat ditu azarora arte eginen dituen euriak eta etengabeko haizearen eragina. Badaki bisitariek andeatzen ahal dutela ere, eta hori ere obraren parte zaio. Obrarekin, urrikalmenduaren «indar unibertsala» baitu irudikatu nahi izan. Norbanakoaren enpatia gaitasuna bere begien aitzinean gertatzen ari denari begira galdekatzea da artistaren xedea. Pietà baten forma eman dio buztinari, Maria ama Jesus semea besoetan hila duela. Pariseko Petit Palais museoan 1916an muntatu erakusketa bateko pietà-ri egiten dio erreferentzia zuzena eskulturak; orduan, bonbek andeatu eskulturak zituzten elkartu. Bururik gabeko Maria; eta hala du hau ere. Lehen Mundu Gerran, «etsaiaren afruskerien» aurkako propaganda egiteko erabili zuten erakusketa.

Invalid icon eskulturaz gain, urrundik ageri den beste obra Tadashi Kawamata artistaren Love Tower dorrea da. Amodio Ganbarako harpearen gainaldean, mendittoaren tontor gainean, Kawamatak egurrezko dorre bat egin du. Hogei bat pertsonarentzako lekua dago gainean. Artistak lore forma eman nahi izan dio, lorea ikusten duenentzat. Dorrea tunel bat ere izan daiteke, nondik harpeko bi amoranteak eskapatzen ahalko diren.

Izan ere, Amodio Ganbarako harpe batek kondaira bat dauka. Justu dorrearen azpian. François d'Arnaud de Baculard idazleak zuen finkatu kondaira 1784an: hark dio harpe horretan Saubade eta Laorens maitaleak hil zirela. Bata aberatsa, bestea pobrea. Amodio debekatua zen berena. Eta harpean gordeleku. Baina, halako batean, ekaitzak eta uste baino lasterrago goititu zen marea indartsu batek hor harrapatu zituzten, eta bikotea ito egin zen. XIX. mendeko erromantizismoak asmatu Romeo eta Julieta, Lapurdiko itsasbazterrari egokitua.

Kondaira hori oinarri duen amodioaren gaia hautatu du, hain zuzen, erakusketaren arduradunak. Funtsean, biurtekoak harpea bera ere bereganatu du. Lionel Scoccimaro artistak egurrezko taulekin estali du harpearen sartzea. Berez, harpe barnean hondarra da bakarrik. Baina hor, deus hori gordez, artistak ilusio bat sortzen du, zerbait gortzekoa balego bezala. Ilusio horrekin jostatzen da, gainera, artista. Taulen gainean, sex shop-etako estetika erabiliz arrosaz argituz, izenburu batzuk idatzi ditu: les culs nus (ipurdi biluziak), Super suck (zurrupa bikaina), El culo (ipurdia) eta, beraz, erdi horretan, Chambre d'amour (Amodio Ganbara). Izen horiek begi keinu bat ere badira bigarren gradua ulertzen dutenentzat; surf munduan surf egiteko leku ezagutuak diren leku izanak ere baitira.

Baina surfa egiteko guneak direla ez dakienarentzat ere badu nondik zer ulertu. Oro har, obraz obra, biurtekoak eskaintzen duenibilbide horretan, esplikazioetan burua askorik hautsi gabe ere, bada nondik zer ikusi eta zer interpretatu. Bakoitzak egin dezake bere filma. Batzuetan, kasik hobe ere. Frantses hutsean emanak diren testuek ez baitute baitezpada gauza handirik ekartzen. Horren adibide Jay Nelson eta Rachel Kayeren obra izan daiteke. San Franciscotik etorriak dira bi artistak; erakusketaren arduradunak hautatu ditu, partez, bikote direlako eta bikotean lan egiten dutelako.

Tunel formako jarleku bat egin dute biek. Jay Nelsonek egitura, eta Rachel Kayek margotu duena. Paldo gainean pausatua dute tunel jarlekua; biribila irekia da, itsasoari begira, eta barnean kuxin luze bat. Obra gonbidapen bat da itsasoari begira lasai bertan egoteko modu kontenplatiboan. Obraren testua irakur daiteke, baina ezin gorde hats laburreko testu hantu baten itxura duela: «Paisaia ikusgarri horretan, esperientzia kasik mistikoa izan daiteke. Biziaren tunelean biak elkarrekin engaiatu(...) Geroari begira, gauzen iraunkortasunik ezaren eta betierekotasun sentimenduaren artean».

Artetik errateko, interesgarria izan da artistek kazetariei egin aurkezpen denboran Jay Nelson eta Rachel Kayerenen aurkezpena. Bi artistak ingeles hutsean aritu dira hamar bat minutuz, eta nehork ez du arazorik ukan horrekin. Nehork ez du itzulpenik eskatu, eta erakusketa arduradunak ere ez du galdetu beharrik ba ote zen. Are gehiago, galderen aldia iritsi delarik, kazetarien artean horrelako zeingehiagoka bat piztu da, nork besteak baino ingeles ederragoa duen erakusteko; burutik ezin kendu euskaraz izan balitz ez zela horrela pasatuko. Baina euskarazko hitzik ez erakusketa horretan.

Leydier bera paristarra da, eta esplikatu du itsasaldea surfaren bidez zuela ezagutu. Bakantzetan. Geroztik, bigarren egoitza bat erosi du hegoaldeko Landetan, Euskal Herriko itsasaldea garestiegia zaiolako. Baina segitzen du bertaratzen surfa egitera. Eta horra nola hautatu artisten artean surfaren zale bat baino gehiago aurkitzen den. Ez liteke kasualitatea. Badu alde hori ere biurtekoak. Gauzak nondik bizi diren, zer irudi eman nahi den, horri buruz gogoetatzekoa eman dezake.

Amodio Ganbara izena ere frantsesetik dator, euskarara itzulia. Nola ote zuen jatorrizko izena hondartzak? Ba ote zuen izen berezirik euskaraz? Chambre d'amour bera, aldiz, Pierre De Lancrek 1612an argitaratu Deabru eta aingeru txarren aldakortasunaren taula liburuan agertzen da. itsasbazterreko les chambres d'amour aipatzen ditu bertan; esaten du emazteak itsasoan bainatu eta harpe eta amodio ganbaretan idortzen zituztela beren gorputzak, bezperako akelarreez solastatu bitartean.

Ibilaldian eta interpretazioetan barna segituz geroz, hor agertuko da landare handien artean Stephane Pencreachen Love is in the air izeneko eskultura. Emazte baten brontzezko gorputz liraina, gaur egungo normetan sartzen den edertasuna. Ilerik gabeko Barbie bat dirudi. Bulbarik gabe. Eta bulbarik gabeko gorputz horri begira, ezin burutik kendu Liv Stromquisten Jakintzaren fruitua komikia (Kunskapens frukt, 2014). Bulba ez erakusteko dagoen joera aipatzen du bertan. Nasak 1972an bidali Pioneer espazio zundan, humanoak marraztu zituzten plaka batean, gizon bat eta emazte baten gorputzak, estralurtarrei gure berri emateko. Hasieran marraztu zuten bulba, baina gero kentzea erabaki zuten. Interpretazioa libre, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.