Eztabaidak plazara egin du salto

Lizarrako La Bota peñak erabaki du zezenketetara ez joatea. Nafarroan eztabaida plazaratzen ari da poliki-poliki; zenbait musikari eta peñakide zezenketen aurka agertu dira, eta zalantzan jarri dute orain arteko besta. Iruñea Antitaurinoak jarrera aldaketa sumatu du;peñei esku hartzeko eskatu die.

Gazteak ere bai. Peñetako gazteak zezen plazara sartzeko bidean, iazko sanferminetan. RODRIGO JIMÉNEZ / EFE.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun

Zezenketek behera egin dute azken hamarkadetan Euskal Herrian. Hala ere, toki batzuetan oraindik ere oso erroturik daude zezenak erabilita egiten diren bestak. Nafarroan, adibidez. Iruñeko sanferminak zezenen hilketaren bueltan antolatzen dituzte, eta ekitaldi taurinoak antolatzen dituzte herri askotan. Hala ere, aldaketak suma litezke.

Lizarrako (Nafarroa) La Bota peña da horren adibide. Aurrerantzean ez dira zezenketetara joanen. Hala erabaki zuten barne bozketa egin ondotik. Erabakia hartzea denbora kontua zen, egoerak ez baitzuen beste biderik uzten. Cesar Etxeberria peñako lehendakaria da, eta, esan duenez, azken urteetan gaia eztabaidatu dute, eta erabakia hartu dute azkenean: «Arrazoi nagusia da gero eta jende gutxiago doala».

Lehenbiziko sintoma: urtero txaranga bat kontratatzen dute bestetarako, eta musikarien egitekoetako bat zezenketetara joatea zen. Txandak antolatzen zituzten txaranga laguntzeko, eta urtetik urtera gero eta zailagoa egiten zitzaien txarangarekin batera zezenketara joateko boluntarioak topatzea. Zezenketetara joateko sarreren salmenta da bigarren sintoma. Lehen, aste osorako bonoa saltzen zuten peñan, baina dagoeneko ez zuen inork erosten; beraz, saltzeari utzi zioten.


Zapi beltzek zerua dute estaltzen Gazteluko plazako protesta batean. IÑIGO URIZ / FOKU

«Horretaz gainera, ikusten genuen Lizarran gero eta jende gutxiago joaten dela zezenketetara; plaza gero eta hutsago dago. Ez dauka interesik. Beraz, horra ez joatea erabaki dugu, eta alternatibak bilatzea», azaldu du Etxeberriak. Aurten, zezenketen orduan kalejiran ibiliko dira, tabernaz taberna. «Hori bai, hori erakargarria da. Musikarekin ateratzen garenean, jendea atzetik etortzen da». Hala ere, oraingoz entzierroetara joanen dira, txaranga eta guzi.

Lizarran hiru egunez egiten dituzte zezenketak, eta beste bi egunez bestelako zezen ikuskizunak antolatzen dituzte. Azken horietan dagoeneko ez zuen parte hartzen La Botak. Asteartean, pilota partidara joaten dira, «aspalditik», eta, iaz, ez ziren joan asteazkeneko zekorketara: «Gure egoitzaren parean, urezko txirrista bat jarri genuen, eta han geratu ginen, txarangarekin». Etxeberriak dio gero eta zezen ikuskizun gutxiago daudela, eta gero eta jende gutxiago joaten dela. «Astelehena da salbuespena, hemengo Pablo Hermoso de Mendoza zaldi gaineko zezenketaria aritzen baita, baina horretan ere gero eta gutxiago». Bada aintzat hartzeko beste datu bat: Lizarrako gazteen bestetan ez dute zezen ikuskizunik eskatu azken 11 urteetan.

Peñak ez du bere burua zezenketen kontrakotzat, nahiz eta bere kide batzuk hala diren. Batez ere zezenketen kontrakoek jarri dute gaia mahai gainean orain arte. Urtero ateratzen zen gaia batzarretan, baina, normalki, berandu izaten zen, eta erabakia atzeratuz joan da.


Iruñeko udaletxe aurrean egindako protesta, uztailaren 5ean. IÑIGO URIZ / FOKU

Eztabaida peñetan

Lizarrakoak ekar dezake segidarik. La Bota peñak ehun urte baino gehiago ditu; beraz, ez da huskeria hartutako erabakia. Etxeberriak esan duenez, beste herri batzuetako peñetan ere ari dira eztabaida mahai gainean jartzen, gainera. Aldaketa orokorra, baina, ez da berehala gertatuko.

Iruñean eztabaida zabaltzen ari dela uste du Txaro Buñuel Iruñea Antitaurinoa taldeko bozeramaileak. Haren aburuz, tokiko jende gero eta gehiago agertzen da zezenketen kontra. Buñuelek nabarmendu du La Bota peñaren erabakia garrantzitsua dela, bide bat erakusten baitu. «Erakundeek, besta eragileek, eragile ekonomikoek eta gizarteak zer uste dute: etorkizunera begiratu behar dela edo ailegatzen ari den errealitateari bizkarra eman? Hiriak eztabaida horri heldu behar dio, eta zezenketen alternatibak bilatu». Bide horretan, peñek «oinarrizko agente» eta «bultzatzaile» izan behar dutela uste du.

Bien bitartean, peñetan aldaketa gutxi. Haiek arduratzen dira eguzkitan geratzen den harmailako sarrerak saltzeaz. Buñuelek dituen datuen arabera, dagoeneko ez dira bono guziak saltzen, eta peña batzuek bono gutxiago jartzen dituzte salgai. Zezen plazaren kudeaketaz arduratzen den Misericordia etxeak ere onartu du dagoeneko ez dela plaza erabat betetzen. Datu ofizialen arabera, 2007tik 2016ra erdira jaitsi ziren zezenketak Hego Euskal Herrian. 2013tik 2018ra, baina, gelditu da beherako joera. Iaz, Nafarroan hogei egin ziren.

Buñuelen arabera, adina ere kontuan hartu behar da: «Gazte asko ez doaz zezenketetara edo ez dira peñetan sartzen arrazoi horregatik». Ez da hori Iñigo San Martin eta Mikel Mugeta peñakideek sumatu dutena. Sanfermin peñakoak dira, eta ez dira zezen plazara joaten «printzipioengatik» eta «etikagatik». «Hilketa baten inguruan besta egitea ez da etikoa», esan du San Martinek.


Peñetako gazteak zezen plazara sartzeko bidean, iazko sanferminetan. RODRIGO JIMENEZ / EFE

Ez dira sobera baikor peñan ikusten dutenarekin. Izan ere, gazteak ere zezenketetara joaten direla diote, eta sanfermin guzietarako bonoa erosten dutela. «Urtero betetzen dira plazak, eta ez bakarrik jende helduarekin», zehaztu du San Martinek. «Plaza betetzen da oraingoz, nahiz eta eskaera duela hogei urtekoa baino txikiagoa izanen den seguruenik», gehitu du Mugetak.

Peñako kideak zezenketen kontra egon daitezkeela diote, ideiak eta bazkide txartela ez direla bateraezinak. «Urte osoan gara peñakideak, ez bakarrik sanferminetan», azaldu du San Martinek. «Are, sanferminetan gauza gehiago ere egiten ditugu». Hala ere, «pena» sentitzen dute jakinda haien peña zezenketetara doala. «Batez ere zezenketak gustuko ez izan arren hara joaten direnengatik. Jende ugari han sortzen den giroagatik joaten baita», zehaztu du Mugetak.

Beste doinu bat

Zezen plazan ez dira soilik peñak egoten. Herri askotan, udal musika bandak izaten du zezenketetan jotzeko ardura. Hala gertatzen da Iruñean eta Tafallan ere. Baina denak ez dira ados. Pamplonesa bandako bi musikari ez dira plazan sartzen, zezenketen aurkako jarrera baitute. Tafallan ere badira zezen plazaren atarian itzulia ematen dutenak. Batzuetan, protesta antitaurinora batzeko, gainera. Beste pitzadura bat. Dena den, musikari horiek nahiago izan dute oraingoz haien jarrerari buruz publikoki ez hitz egin.

Zezenketetara joaten direnen kopurua poliki jaisten ari da, baina, hala ere,peñetako gazte antitaurinoek uste dute alternatiba «sendoak» falta direla. Aitzitik, haien peñan gaia eztabaidagai dela diote, «inolako taburik gabe». Federazioa horretan lanean ari dela ere esan dute. Eta alternatibak badaude; gero eta gehiago, gainera. Herri Sanferminak plataformak jarduerak antolatzen ditu —aurten ere bai— zezenketen orduan. Ez dira bakarrak. Iruñea Antitaurinoak uztailaren 7rako kalejira deitu du, 19:00etan. Bestetako zenbait eragileren menpe dagoen eztabaida gaia plazan zabaltzea dute helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.