Lau eta erdiko Txapelketako finala. Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Pilotan ez naiz ari iaz bezain erraz, baina buruz indartsuagoa naiz»

Bigarrenez jarraian, lau eta erdiko txapelaren bila kantxaratuko da Ezkurdia igandean. Txapelketa osoan iazko sasoi bikaina harrapatu ez badu ere, egunik onena finalean izatea espero du; hori bai, uste du Altuna III.aren jokoa «erauntsia» izaten ari dela.

jon eskudero
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Iazko urtea nekez ahaztuko du Joseba Ezkurdiak, profesionaletan zazpi urte egin ondoren lehenbizikoz jantzi baitzuen maila goreneko txapel bat. Birritan, gainera; binaka lehenik, eta lau eta erdian gero. «2018ak betirako markatu ninduen». Dena den, iazkoari baino meritu handiagoa ematen dio egunotan lortzen ari denari. Edo lor dezakeenari. «Zailena ez baita iristea, mantentzea baizik». Bigarren urtez jarraian, lau eta erdiko finala jokatuko du, eta aitortu du egunak aurrera igaro ahala gero eta gertuago ikusten duela txapela janzteko aukera. «Egunetik egunera indartsuago eta motibatuago sentitzen naiz». Helburua betetzeko, ordea, Jokin Altuna hartu beharko du mendean, eta aurkaria «aspaldiko sasoi onenean» dagoela uste du.

Finaletako protokoloa ezaguna egingo zaizu jada. Zer moduz daramazu?

Ez dut uste nire indargune nagusia elkarrizketak ematea denik, baina dagoeneko ohitu egin naiz kazetariekin hitz egitera eta protokoloa betetzera. Nire hirugarren aldia da halako zerbait biziko dudala, eta egun pare bat ezohikoak pasatu behar badira ere, oso gustuko lana da, seinale ona baita denek zugana jotzea. Oso pozik nago kazetari guztiak Arbizun jasotzen ari naizelako. Sinatuko nuke hala jarraitzea.

Finaletan esperientzia dutenek esaten dute finalak ez ezik, aurreko egunak ere gozatu egin behar direla. Zuk lortzen al duzu hori?

Bai, dudarik gabe. Politena ez da helmuga, bidea baizik, eta ni momentu txiki askok betetzen naute. Herri txiki batekoa naiz, jendea ilusioz gainezka sentitzen dut, familia ere gogotsu eta pozik dago, eta ni zer esanik ez. Goizero esnatzen naiz pentsatuz gozatu egin behar dudala finalaren kontu honekin, izan nire denbora librean edo izan entrenamenduetan. Oso pilotari gutxiren eskura egoten da finalak jokatzea, eta, horretarako aukera izanda, ez ditut gozamen momentuak alferrik galdu nahi. Lehenengo finalean, urduritasuna gehiago antzematen nuen, baina, orain, bezpera egun hauek lasaiago daramatzat.

Lehen final hura binakakoa izan zenuen, eta ondorengo biak banakakoak dituzu. Zer aldatzen da batetik bestera?

Bereziagoa da banaka final bat jokatzea. Nik zortea izan nuen binaka Zabaletarekin iritsi nintzelako finalera, eta bailara berekoak garenez eta gainera lagunak, elkarrizketak eta halakoak elkarrekin egin genituen. Dena den, banakako kontu honek beste xarma bat du. Denak daude zure gainean, eta horrek harro sentiarazten zaitu. Gustatuko litzaidake buruz buru kantxa osoan final bat jokatzea, urteko egunik handiena dela esaten baitute. Halere, orain burua igandeko finalean daukat.

Inguruko guztiak gainean izateak zaildu egingo du pilota eta finalaren pentsamendutik ihes egitea. Zuk nola lortzen duzu hori?

Ez dakit lortzen ote dudan, oso zaila baita. Entrenamendu fisikoetan eta teknikoetan ahaztu egin ohi dut finala, gozatu egiten baitut egiten dudanarekin. Niri gehien gustatzen zaidan gauza pilotan aritzea da, eta, horretan ari naizenean, ez dut beste ezer izaten buruan. Ezta finala ere. Zailagoa izaten da denbora librean deskonektatzea. Herrian sentitzen naiz erosoen, familiarekin egonean edo lagunekin kafe bat hartzen, eta futbola ikustea ere izugarri gustatzen zait. Garrantzitsuena da gorputza lasai eta patxadatsu edukitzea. Lo egiteko ere ez daukat arazorik.

Nolako giroa nabari duzu Arbizun?

Oso giro ona. Nahiz eta hirugarren finala izan, herritarrak ilusioz gainezka daude igandea iristeko, eta herriaren herenak Iruñean izango dira. Kalera ateratzen naizenean, denek animatzen naute, eta maitatua sentitzen naiz. Arbizun beti egon da pilotarako afizio handia, baina nire gorakada honek beste bultzada bat eman dio herriari. Pilota profesionaleko jaialdiak ekartzen hasi da udala, eta pilota eskolan ere gero eta ume gehiago ari dira izena ematen. Urte luzez bi lagun aritu dira eskola koordinatzen, eta haien lekukoa guraso talde batek hartu zuen. Entrenatzaile bat jarri zuten umeekin aritzeko, eta berriz ere osasun onean dago Arbizuko pilota eskola.

Eta inork ba al du bizkarrean zure abizenik jarrita?

Bai, batek baino gehiagok. Akaso ni ez naiz egokiena hori esateko, baina batzuk ikusten ditut bizkarrean Ezkurdia abizena dutela. Harro sentitzeko modukoa da hori. Ni ere saiatzen naiz haurrei maitasuna itzultzen, eta batzuetan joaten naiz haien entrenamenduetara kasu egitera. Beste batzuetan, berriz, nire entrenamendu saioak egiten ditut Arbizun bertan, eta haurrak begira egoten dira. Lau eta erdiko final honetarako, adibidez, herrian egin dut lan saio bat, Jokin Etxanizekin eta Juan Martinez de Irujorekin.

Finalari begira jarrita, Jon Apezetxea Aspeko teknikariak zera esan berri du: «iazko final bera izango da, baina Altuna ez da iazkoa izango, hobea baizik». Ados al zaude?

Bai, biok iristen gara garai ezberdinean. Txapelketari begira jarrita, egia da berak errazago lortu duela finalerako sailkatzea, eta nik lana gogotik egin behar izan dudala. Laso eta Jakaren kontra larri irabazi nuen, baina horrek ere badu alde ona: buruz indartsu nagoela uste dut. Orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izango igandean, eta ikusi beharko da bakoitzak zer-nolako gorputzaldia daukan. Pilota horregatik da pilota, inoiz ez dakizulako zer gerta daitekeen. Faboritoa bera izango da, baina nire sentipenak gero eta hobeak dira; joan den astean baino freskoago sentitzen naiz orain, eta uste dut txapelketako sasoirik onenean iritsiko naizela finalera.

Ikusi al dituzu telebistaz Jokin Altunaren partida guztiak?

Den-denak ez, baina gehienak bai. Lasoren aurkako finalerdia ikusi nuen, eta akaso hobe nuen ez ikusi, sekulako erakustaldia egin baitzuen. 5-1 atzetik hasi arren, burua hotz mantendu, bere dohainetan sinetsi, eta partida aurrera atera zuen, erraz. Halere, lehen gehiago kikiltzen nintzen, baina orain ikasi dut soilik neure buruari begiratzen. Garrantzitsuena ni naiz; badakit indartsu nagoela, eta nire jokoa ondo egiten badut garaipenetik gertu egongo naizela. Soilik horrek axola dit. Gainera, sekretu gutxi dago nire eta Altunaren artean.

Bi aurpegi izan dituzu txapelketan, ona eta txarra. Ez al da hala?

Ados nago, bai. Batzuetan oso fresko sentitu naiz, eta bestetan, ez hain ondo. Bengoetxearen kontra, esaterako, izugarri gustura bukatu nuen, eta Laso eta Jakaren aurka gehiago kosta zitzaidan. Halere, kontuan hartu behar da aurkari oso onak izan ditudala. Akaso, ezkerrarekin tantoa amaitzea ari zait kostatzen; zabaleko ertza bilatzea, alegia. Sentipen hori daukat, iaz pilotan errazago egiten nuela aurten baino. Izan liteke partidak irabazteko presio hori sentitu dudala eta asko arriskatu beharrean nahiago izan dudala pilotak boleaz jo. Ez dakit zer arrazoirengatik ari zaidan kostatzen gehiago tantoak amaitzea. Garbi dago finalean ez dela aski izango defentsa ona egitea.

Pilotalekuak mesede egiten al dio zure jokoari?

Baliteke. Frontoia oso azkarra da; Gasteizkoaren antzekoa, esango nuke. Lurrean bizi ibiltzen da pilota; niri izugarri gustatzen zait, eta horregatik ezinbestekoa izango da pilotari abiadura ematea. Ausarta izan behar dut, eta aurrea hartu hari. Horretarako, pilota azkarrak aukeratuko ditut. Momentu zailak ere izango ditu finalak, baina, hasi eta buka, lehian sartuta egon behar dut.

Aurrerapausoa, dudarik gabe, buruz egin duzu.

Bai, baina ez aurten soilik; uste dut iaz hasi nuela bide hori. Esan dudan bezala, iaz baino gehiago ari zait kostatzen pilotan egitea, baina buruz oso indartsu sentitzen naiz. Gustura aritzen naiz defentsako lanean; ez diot beldurrik galtzeari eta sufritzeari, eta hortik etorri da nire gorakada. Iazko bi txapel horien presiorik ez dut nabaritu inoiz, baina lau eta erdiko honetan erakutsi nahi nion neure buruari iazkoa ez zela kasualitatea izan. Eta izugarri pozik nago, beti esaten baita zailena mantentzea izaten dela.

Kritikak entzundakoa zara, sufritzeko adorerik ez omen zenuelako. Nola ematen dio buelta horri pilotari batek?

Lehenengo pausoa onartzea da, eta hurrengoa, ikasteko prest egotea. Urteetan aurrera egiteak lagundu egiten du gauzak beste modu batean hartzen, baina nik landu egin dut gai hau. Eta lantzen jarraitzen dut. Bere garaian laguntza eskatu nuen sufrimendu hori kudeatzen ikasteko, eta orain beste modu bateko pertsona naiz. Bai pilotarako, bai bizitzarako. Entrenamendu fisikoetan daukagun taldea gakoa da niretzat, eta metodoa aldatzea erabaki genuen. Orain sarritan hitz egiten dugu partidei buruz; bakoitzak bere iritzia ematen du, nik nire barrenak askatzen ditut, zalantzak galdetu, eta mesede egiten dit horrek guztiak. Irujo da gertuen daukadan pertsona. Psikologia entrenamendu fisiko eta teknikoak bezain garrantzitsua da. Beste kirolen aldean, pilota atzerapen batekin doa, baina gero eta pilotari gehiagok beharko dute laguntza mentala, presioa jasaten ikasteko.

Punta-puntako pilotari bilakatu zara, eta, halere, udan erdi itzalpean ibili behar izan duzu, partida gehiegi jokatu gabe. Ulertzen al duzu enpresak izandako jarrera?

Nahi baino gutxiago jokatu dut, egia esan. Uda hasiera bikaina izan nuen. Sanferminetan lau eta erdiko finaletik kanpo geratu nintzen ozta-ozta, baina binakakoa irabazi nuen. Gasteizko torneoan ere txukun aritu nintzen, baina, gero, beherakada etorri zitzaidan. Hogei bat egunez burumakur samar egon nintzen, ez dakit zergatik. Nekeagatik edo. Enpresak ez zidan aukera askorik eman torneoetan, baina ni ere ez nengoen onenean. Zaila da urte guztian sasoiko egotea. Garrantzitsuena da berriz buelta eman diodala horri. Gustatuko litzaidake uda iristen denetan partida gehiago izatea, baina hori ez dago nire esku.

Buruz buruko txapeldun izatea zenuke aldarrikapenik onena?

Hori gorengo ametsa betetzea litzateke. Iaz faboritotzat jotzen ninduten, eta finalerdietan kale egin nuen. Oraindik urte asko geratzen zaizkit profesional mailan, eta izango dut aukera horretarako. Binakako eta lau eta erdiko txapelak baditut dagoeneko, eta izugarria litzateke hiru txapelak irabazi dituztenen artean sartzea. Halere, balioa ematen diot urte guztian erregularra izateari. Hemendik eta erretiratu bitarte horixe egin nahi nuke, urte guztian erregularra izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.