Karmelo Bizkarra. Medikua

«Artzek esaten zidan bezala, osotuz osatu eta osatuz osotu; hori da gure bidea»

Zuhaizpeko zuzendariak argi dauka gorputzak bere kabuz sendatzeko ahalmena daukala, eta gaixotasuna zerbait esatera datorrela: «Gaixotasunak isiltzen ditugun emozioetatik datoz»

IÑIGO URIZ / FOKU.
Kristina Berasain Tristan.
Ziritzako Etxeak
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Deierri ibarraren bihotzean. Bidegurutze batean. Ehun urteko zuhaitz baten babesean. Euskal Herriaren hegoalde eguzkitsuan. Hementxe aurkitu zuen bere lekua Karmelo Bizkarrak (Durango, Bizkaia, 1956): «Zuhaizpe nire lehenengo ametsa izan zen. Alaba bat daukat, baina etxe hau nire lehenengo semea da». Bizkarrak Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen medikuntza, eta, gerora, ezagutza zabaltzeko asmoz, medikuntza higienistara, antroposofikora eta psikosomatikora gerturatu zen: «Etxean, beheko suan, lapikoa berotzeko erabiltzen genuen trebera balira bezala dira niretzat; nire hiru hankak». Andre Torque, Wilhelm Reich eta Luis Pelayo izan zituen erreferente, eta, gaur egun, bera bihurtu da erreferente, hainbat liburutan aletu baitu urteetako jakintza. Zuhaizpe osasun zentroan hartu du BERRIA, hitzaldiz eta kongresuz betetako agendan tarte bat eginez.

Berdetzen eta loratzen ari da natura. Zuhaizpe ere itxita izaten duzue neguan.

Bizitzan zikloak daude. Neguan, barrura sartu behar dugu, egin dugunaz hausnartzeko eta egin nahi dugunaz pentsatzeko, eta udaberria berriz ekiteko garaia da. Neguan hiltzen dena indar gehiagorekin jaiotzen da udaberrian. Natura bezala, gu ere berpiztu egiten gara.

1988an zabaldu zituen ateak Zuhaizpek. Apirilaren 5ean ekingo diozue denboraldi berriari.

Bai. Urte berezia da. Jaiotzen garen uneak eta lekuak markatzen gaitu; eguzkiak eta unibertsoak prozesu zehatz batean daude une horretan, gure izaeran eta nortasunean islatzen dena, eta 33 urte geroago eguzkia berriz ere prozesu berean dago, jaio gineneko une berean. Momentu hori oso egokia da gauza batzuk atzean uzteko, zaharra dena atzean uzteko, eta bide berriak zabaltzeko. Bulkada berri bat da. Zuhaizpen une horretan gaude.

Buñuelen ekin zenion ibilbideari. Eneko Landaburu medikuarekin batera osasun etxe bat zabaldu zenuen 1983an. Euskal Herriko lehen osasun etxea izan zen. Nola gogoratzen duzu?

Esperientzia izugarria izan zen. Beste ikuspegi bat zabaldu zitzaidan. Nafarroaren hegoaldean asko erabiltzen den esamoldea ikasi nuen han, gerora behin eta berriz erabili dudana: «caldico y quietud» [saldatxoa eta lasaitasuna].

Ondoren etorri zen Zuhaizpe.

Bai. Iruñean nintzen, eta etxea ikustera etorri ginen. Kanpotik ikusi genituen etxea eta lorategia, eta, handik egun batzuetara, jabeekin geratu nintzen etxea barrutik ikusteko. Egun horretan, sekulako ekaitza zegoen; trumoiak, tximista, euria... Abiatu aurretik, pentsatu nuen: «Zer demontre noa ni gaur etxe hura ikustera», baina konpromisoa hartuta nuen, eta, ibarrera ailegatzean, atertu egin zuen. Eguzkia atera zen, eta ondoren ortzadarra. Etxetik kilometro batera nengoela ikusi nuen ortzadarra etxeko zuhaitzetik beretik ateratzen zela. Niretzat, seinale handi bat izan zen. Bizitzan eduki ditut horrelako seinaleak, eta onartzen ditut.

Zuretzat, zer da Zuhaizpe?

Eskola handia, izan dudan osasun eskolarik handiena. Asko ikasi dut, eta ikasten jarraitzen dut, ikasteko zabalik nagoelako. Berehala ohartu nintzen nire lanean egiten dudanak emaitza onak dituela, eta pazientea, zain geratu beharrean, eragile bihurtzen denean, aktiboa denean, aldaketa datorrela. Gorputzak bere kabuz sendatzeko ahalmena dauka. Egunero ikusten dugun gauza da. Esker oneko mezu asko jaso ditugu urteotan; izan ere, pertsona askok hemen ikasi dute norberak bere barruan dituela osatzeko tresnak. Askotan esaten dut osasuna ez dela oparitzen, osasuna ez dela erosten, osasuna konkista bat da.

Milaka lagun pasatu dira...

Iaz, mila eta piko pertsona pasatu ziren, eta, urte hauetan guztietan, milaka. Denentzat izan da osasun eskola Zuhaizpe; niretzat eta etxera etorri direnentzat. Jende askok esaten du mugarri bat izan dela euren bizitzan. Etxea bidegurutze baten erdian dago, eta sinbolo hori ez da kasualitatea. Jende batek beste bide bati ekin dio hemen. Gurutzeak, aitzinean, sinbolizatzen zuen zeruaren eta lurraren energiak bat egiten zuela lerro horizontalarekin. Zuhaizpe gurutze handi bat izan da pertsona askorentzat.

Nolakoa da etortzen den jendea?

Askotariko jendea dator, oso ezberdina: 16-18 urtetik aurrera... 82 eta 88 urteko ahizpa birekin akordatzen naiz, gazte batek nola esaten zien bera baino gazteago zirela. Oso larri dagoen jendea dator, minbiziarekin batez ere, baina baita bere bizitzan eten bat egin nahi duena ere. Frantziatik, Argentinatik, Mexikotik, Portugaldik dator jendea. Borondate asko behar da hain urrunetik etortzeko, eta nik uste dut bidean jada sendatzen hasten direla. Intentzioa oso inportantea da. Xamanek esaten dute intentzioa jarri behar dela, eta, hala da, gauzak intentzioarekin egin behar dira. Intentzioak norabide bat markatzen du.

Urteotan aldatu al dira artatu dituzun gaixotasun motak?

Gaur egun, antsietatea, depresioa eta insomnioa dira gaixotasunen txota, zaldia eta erregea. Gero eta gehiago ikusten dugu hori, eta gero eta argiago daukat gaixotasunen jatorria emozionala dela; gaixotasunen %80 erreprimitzen, saihesten edo isiltzen ditugun emozioetatik datoz. Euskalduna sentimendu handiko herri bat da, baina zailtasun asko ditugu emozioak adierazteko, batez ere gorputzarekin, eta aintzat hartu behar dugu azkenean beti azaleratzen dugula sentitzen duguna, era batean edo bestean, batzuetan hitzez, eta, kasurik txarrenean, gaixotasun baten sintomen bidez. Emozioak ezin dira estali, ezta ahaztu ere, eta, blokeatzen direnean, gorputzari itsatsita geratzen dira, ainguratuta, gaixotasun fisiko bihurtu arte. Emozioak kudeatzen ikasi behar dugu, neurri handi batean analfabeto emozionalak garelako.

Egungo bizimodu azkarrak eta indibidualistak eragina al du?

Bai. Gure gizartea zainketa intentsiboetako unitatean sartzeko zorian dago. Ez gara ondo bizitzen ari, birusei edo bakterioei botatzen ahal diegu errua, baina nola bizi garen galdetu behar diogu geure buruari, daramagun bizimodua egokia ote den, kanpokoa gure barrukoaren ispilua baita. Galdera hori egiten diogu hona datorrenari, proposamen hori egiten diogu: zer egin dezakeen norberak osasuntsu egoteko.

Koronabirusa zabaldu da egun hauetan. Pandemia izendatu dute. Nola ikusten duzu gertatzen ari dena zure begietatik?

Kausa-efektu asko daude gaixotasun bat azaleratzeko, eta, niretzat, birus bat ez da lehenengo kausa. Daramagun bizimodua da gakoa. Korrika eta presaka bizi gara, bizipozik gabe, gaizki elikatuz, ur kutsatuta edanez, haize zikina arnastuz... Pentsatzen dugunak, sentitzen dugunak eta egiten dugunak bat etorri behar dute, baina ez da horrela izaten,eta, horren ondorioz, ez gaude gurekin ondo... Gero birusak eta bakterioak datoz, baina ez dira lehenengo kausa: hirugarrena, laugarrena, bosgarrena dira. Lehenengoa bizimodua da. Erdi Aroan, gaixotasun batzuk zeuden, eta, orain, beste batzuk agertzen ari dira, baina gaur-gaurkoz pandemia gehiago dauzkagu minbiziarekin edo bihotzeko gaixotasunekin, koronabirusarekin baino. Bizimoduaren ondorio diren gaixotasunak dira. Orain, beldurra ari dira inokulatzen. Honi aurre egiteko ere norberak asko egin dezake. Zaindu egin behar gara. Gure emozioak eta pentsamenduak ere bai.

Gaixotasuna zerbait esatera datorrela esaten duzu. Zure ondorio nagusienetako bat da hori.

Bai. Batzuetan, senda gaitezen dator gaixotasuna. Katarro batek, adibidez, zerbait kanporatu behar dugula esaten digu. Katarrein latinezko hitzak isuri, joan esan nahi du, eta hori da; kanporatu beharrekoa kanporatzen dugunean sendatzen gara. Gaixotasun txikien bidez, gorputza bere lekuan kokatzen da berriz, barruko desorekak orekatzen dira.

Baraua aldarrikatzen duzu aspalditik. Gaur egun modan jarri da aldizkako baraualdia egitearena. Zergatik baraua?

Baraua da terapia magna, terapiarik handiena. 40 urtez ikusi dut barauak nola laguntzen duen osatzen, baita gaixotasunik larrienak ere. Gero eta ikerketa gehiagok baieztatzen dute behinolatik datorren metodo hori zein eraginkorra den, eta ezin dugu ahaztu edo bazterrean utzi. Ameriketako Estatu Batuetako ospitale onkologikoetan ere baraua gomendatzen dute. Aldi bat dago gauza bakoitzarentzat, jateko eta ez jateko, lan egiteko eta deskantsatzeko, esna egoteko eta lo egoteko, eguzkia eta ilargia dauden bezala, eguna eta gaua dauden bezala... Asko jaten dugu, eta ez da gose garelako. Emozioak tapatzeko jaten dugu, izan antsietatea, amorrua, kezka, beldurra... Haurrek eta animaliek berez egiten dute baraua gaixorik daudenean. Nire amamak ere egiten zuen, amama Sebastiana, gaixorik zegoenean, ohean sartzen zen, eta salda beroa hartzen zuen, eta hurrengo goizean ondo esnatzen zen. Gure gorputzak badu mediku bat, barne mediku bat, badakiena une bakoitzean zer egin behar duen. Guk ez dakigu gure gibelak nola egiten duen digestioa, edo gure bihotzak nola egiten duen taupaka, baina egin egiten dute. Zelula bakoitzak bere lana egiten du, osotasunarentzat. Zelulak ez dira indibidualistak.

Kolorea eta forma ere jan behar direla diozu.

Bizitzako gauza guztiak energiaren irudikapena dira; energiak substantziaren forma hartzen du. Eta jaten dugunean ez dugu bakarrik substantzia jaten, esentzia ere jaten dugu, energia ere jaten dugu. Horregatik gomendatzen dugu frutak eta barazkiak jatea, energia eta bitamina hartzeko.

Aitzindari izatea ez da erraza izaten. Nolakoa izan da bidea?

Semerik zaharrena naiz, baita lehen biloba aitaren eta amaren partez, eta bideak urratzea tokatu zait, bizitzan eta lanean. Bidea ez da erraza izan. Duela bi edo hiru urte, beste herrialde batera joatekotan izan nintzen; Brasilera edo Portugalera. Une zailak bizi izan ditugu, kontrakarrean ari garelako nolabait, eta jende batek ezagutu gabe kritikatzen duelako. Askotan galdetu izan didate ea medikua naizen, eta nik esaten diet: «Bai». Jarraian galdetzen didate: «Mediku-medikua?». Eta nik: «Bai, bai». Hemen nago. Ez dakit zergatik, baina hemen nago. Martin Luther Kingek esaten zuen bezala, «bihar mundua akabatzen bada ere, nik gaur zuhaitz bat landatuko nuke». Zuhaitz piloa landatu ditugu azken urteotan gure lorategian.

Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Legebiltzarrean izan berri zarete medikuntza integratzailea osasun sistema publikoan txertatu dadin aldarrikatzen.

Pirinioek ezin dute barrera bat izan. Alemanian, Suitzan, Austrian txertatuta dago medikuntza integratzailea osasun sistema publikoan, eta gu ezin gara atzetik joan. Portugalen ere aurretik doaz; datorren astean hitzaldi bat ematera goaz hara. Zergatik hemen ez? Galdera hori luzatu genuen bi parlamentuetan. Uste dugu urrats hori egiteko unea dela. Ez dugu asko eskatzen. Medikuntza bakarra dago, eta da sendatzen duena. Mediku batek ezin ditu ortzadarraren kolore guztiak menderatu, bakoitzak bi edo hiru menderatu ditzake, eta horietan sakondu behar du, baina kolore guztiak behar ditugu. Nire ustez, medikuntza ez da zientzia bakarrik, arte bat da, eta helburua da arte hori zabaltzea, eta bakoitzak ikustea zer kolore nahi dituen. Osakidetza eta Osasunbidea deitzen dira gure osasun sistemak, beraz, osasunaren alde egin behar dute, ez bakarrik gaixotasunaren kontra. Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan oso aurretik doaz. Brasilen, Txilen, Perun, Nikaraguan ere... Osasunaren Mundu Erakundeko 2014-2023ko plan estrategikoak ere bide orri hori jasotzen du. Eta ikerketak badaude esaten dutenak medikuntza integratzaileak aurrezpen bat dakarrela sistema publikoan, %30eko aurrezpena. Asko da! Zergatik hemen ez dugu egiten beste herrialdeetan egiten dutena?

Medikuak botikak ematera mugatzen dira askotan...

Bai, baina gero eta jende gehiago ohartzen da botikak ez direla konponbidea. Botikekin sintomak tapatu bai, baina gaixotasuna ez da sendatzen. Gu ez gaude botiken kontra, batzuetan beharrezkoak direlako, baina osasuna da bidea. Inor ez da etorriko kanpotik barrukoa sendatzera, norberak egin behar du bide hori; zauria ere barrutik kanpora sendatzen da.

«Osotuz osatu eta osatuz osotu».

Joxan Artzek esaten zidan hori. Ez zait ahaztuko. Joxanek bihotza gorputza baino handiagoa zuen, poeta handia zen, eta seigarren zentzumen bat zuen. Egun batean esan zidan: «Karmelo, orain ulertu dut esaten duzuna; osotuz osatu eta osatuz osotu». Hori da gure bidea. Euskaraz, osatzea hori da: osotzea. Eta medikua osagilea da, osotasunaren bidez osatzen laguntzen duena. Artzek modu ederrean laburbildu zuen hori. Maitasun handiz gordetzen ditut dedikatu zizkidan liburuak. Pertsona berezia zen niretzat.

Zuhaizpe zure lehen ametsa izan zen. Gaur egun zein da zure ametsa?

Unibertsitatean medikuntzako klaseak ematea, ikasleei nire bizipenak eta esperientzia transmititzeko. UNED-Bergaran badugu leiho bat zabalik gaur egun, medikuntza integratzaileari buruzko bi urteko ikastaroa profesionalentzat. Aitorpen txiki bat da, baina nire ametsa hori da: Euskal Herriko Medikuntza fakultatean katedra bat izatea. Kanpoko herrialderen batetik badator eskaintza, onartuko dut, baina nahiko nuke hemen izatea. Ametsa Euskal Herrian izatea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.