Maisuen xehetasunei begirada

Natura hilaren artista deitzen diote Giorgio Morandiri. Artistak 1920 eta 1960 bitartean sortutako obren sorta bildu du Guggenheim museoak 'Atzera Begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak' erakusketan. Haren obrak eta maisu izan zituenen artelanak egongo dira ikusgai, urriaren 6ra arte

Giorgio Morandiren azken etapako natura hiletako bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Munduan zehar bidaiatu daiteke, ezer ikusi gabe. Mundua ulertu ahal izateko ez da beharrezkoa asko ikustea, ikusten den hori izugarrizko arretaz behatzea baizik». Ikuspegi horretatik abiatu zuen Giorgio Morandik (Bologna, Italia1890- 1964, Bologna, Italia) bere ibilbide artistikoa. Behin bakarrik irten zen Italiatik, eta orotara sei hiri baino ez zituen bisitatu bizitza osoan.Bertatik bertara munduko txoko gutxi ezagutu zituen, baina horrek ez zuen bere eragin artistiko zabala mugatu. Beste mende etabeste estilo batzuetako maisuetatik edan zuen Morandik; betiere horien lanetako xehetasunei erreparatuz. «Sentitu nuen nire bidea aurkitzeko aurreko mendeetan egindako artelan garrantzitsuenak ulertu behar nituela, antzinako maisuen inspirazio iturri nagusia errealitatea izan baitzen», zioen bere autobiografian. Eredu izan zituen Francisco Zurbaran, Greco, Giuseppe Maria Crespi eta Jean Baptiste Simeon Chardin, besteak beste.

Margolariaren berezitasun horiek kontuan hartuz, Morandiren atzera begirakoa ondu du Bilboko Guggenheim museoak: Atzera Begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak. Artistaren 40 urtetako lana abiapuntutzat hartu, eta 60 bat artelan bildu dituzte museoko hiru aretotan. Alboan paratu dituzte erreferentziazko izan zituen aurreko mendeetako artisten obrak. Erabaki hori azpimarratu du Petra Joos erakusketako komisarioak: «Proiektuaren hasiera-hasieratik argi genuen: hau ezin zen izan Morandiren beste erakusketa bat. Artistaren alde ezezagunak azaleratzea zen gure nahia».

Xehetasunetan jartzen zuen arreta Morandik, eta horiek bere artelanetara egokitzen zituen ondoren. «Morandik ez du inoiz artelan bat bere osotasunean baliatzen. Deigarria egiten zaion xehetasun txiki bat hartu, eta bere ikusmolde eta pentsamenduan txertatzen du», azaldu du komisarioak. Pentsamendu horrek hari bat zuen; batik bat, natura hilak margotzen zituen boloniarrak, urteen poderioz estiloan, irudiaren konposaketan eta objektuen kokapenean eraldatuz joan zirenak.

Bilakaera azaldu nahian ordena hirukoitza ezarri diote Guggenheimeko erakusketari: hiru gela, hiru garai eta beste horrenbeste herrialde. Zenbaki horren bueltan antolatu dute Morandiren ibilbideari egindako errepasoa. Espainiako Urrezko Mendea, Bolognako Eskolako XVII. mendeko artistak eta XVIII. mendeko Frantziako Eskolako mugarri den Chardin izan zituen inspirazio iturri.

LORE ONTZIAK ETA LOREAK

Lehen aretoan Morandiren 1920ko hamarkadako lanak eta artistaren lehen etapa horretan eragile izan ziren maisuen eredua ikus daitezke. Espainiako Urrezko Mendeko artisten lana miresten zuen orduan. Hiru artista izan zituen ardatz: Francisco Zurbaran, Luis Egido Melendez eta Grekoa. Eskolaren estilo ilunak eragina izan zuen Morandirengan.

Gelara sartu bezain pronto Morandirena ez den artelan bat ikus daiteke paretan eskegita: Zurbaranen Ama Birjina, Jesus Haurrarekin eta San Joan Bautista haurra margolana. Irudian Ama Birjina, Jesus haurra eta arkume bat daude lehen planoan. Morandik, ostera, hondoan dagoen plater txiki bat eta hor dauden frutak izan zituen inspirazio iturri. Grekoaren artelanekin antzera gertatzen da. Artistaren loreak margotzeko erak liluratu zuen Morandi. «Grekoaren arteaz etengabe ikasi zuen. Haren loreak margotzeko zehaztasuna zuen gustuko. Ñabardura horretan jarri zuen arreta», azpimarratu du Joosek.

Lehenareto horretan dauden pinturetan loreontziak eta loreak dira nagusi; elkarren oso antzekoak diren dozenaka artelan horma zurietan zintzilik. Morandiren artearen lehen etaparen erakusleiho dira. Komisarioak erantsi du XX. mendearen hasierako iluntasunarekin ere bat datorrela estiloa. Italian Mussoliniren diktadurapean bizi zireneko «testuinguru beltza eta giro zaila» nabari zen artistaren bizitokian.

EGUNEROKO OBJEKTUAK

Gela aldaketak markatzen du Morandiren estilo aldaketa. Espainiatik bere jaioterrira egingo du bidea artistaren lanak, «eguneroko bizitzako objektuak» bere obraren erdigune bihurtuta. Joopsek aldaketaren lehen zantzuak jakinarazi ditu: «Bigarren gela honetan koloreak, argiztapena eta formen zehaztasuna nabarmen aldatzen dira». Bizitza arruntean jartzen du fokua orain, «mahai baten bueltan gertatzen den egunerokoan». Morandi Bolognako XVIII. mendeko eskolako artetik elikatzen hasten da, bere ibilbide artistikoan adar berri bat arakatuz: Italiako naturalismoa. Oraingoan, garai hartako maisuen artean daude Guido Reni, Guiseppe Maria Crespi eta Jacopo Bassano. Beste behin, pinturaren osotasunetik lagin txiki bat besterik ez du eramaten bere iruditegira Morandik. Artelanak, oro har, nahiko antzekoak dira euren artean, Joosek dioenez, Morandiren bilduma ezberdinen artean «egitura jarraikorra» dagoela eta. Bigarren areto honetan margo sorta ezberdinetako artelanak bikoteka kokatu dituzte, antzekotasuna nabarmentzeko.

Obra zehatz baten alboan egin du geldialdia komisarioak Morandiren beste alderdi bat argitara emateko. Pinturan natura hila osatzen duten botilak oso gertu kokatuta daude bata bestearengandik eta itxura bertikala dute. Bolognia hiriaren silueta irudikatu nahi zuela esaten dute. Ideiaren oinarrian Guido Reniren irudi bat dago. Izurriaren erretauladeituriko koadroan. izkina batean, Bologniako hiriaren isla ageri da. Horrek bereganatu zuen Morandiren arreta.

CHARDIN: KARTA GAZTELUAK

Azken gelako lanetan oinarri den artista bat eta bakarra da: Jean Batipste Simeon Chardin. XVIII. mendeko margolari frantsesa izan zen Chardin, Morandik zinez miresten zuena. Chardinek natura hilak eta erretratuak egiten zituen, batez ere, eta Morandik haren xehetasun bat hartu zuen erreferentziatzat: karta gazteluak. Izan ere, Morandik atzerrira egin zuen bidaia bakarrean ikusi zuen Chardinen obra zuzenean. 1956. urtean bidaiatu zuen bolognarrak Suitzara, Oskar Reinharten bilduma ikustera. Chardinen bi artelan zeuden bertan, eta Karta Gaztelua zen horietako bat.

Karten antolaketari erreparatu zion Morandik, eta urte berean hasi zen karta kutxak inspirazio gisa erabiltzen. Kartoizko kutxak erabili zituen lehenengo, eta latak gerora. «Lehen elementuak sakabanatuago zeuden irudian, orain elkartu egiten ditu objektuak. Blokea irudikatu nahi du». Emozio berriak pizten dituzte azken aroko natura hilek. «Azken aro honetan, margolanek bolumena dute, eta argiarekin jolasten hasten da artista. Egonkortasun eta ezegonkortasun sentipen bat ere iradokitzen dute». Joosek azaldu du ez dituela elementuak testuinguruan kokatzen; mahai baten gainean daudela iradokitzen du, baina ez da haren mugarik ikusten. Eta horrek ezinegona sortzen du.

Deigarria den beste elementu batez ere mintzo da Joos: Koadro guztiak tamainaz txikiak dira. «Morandi gela txiki baten bizi izan zen. Bertan zituen pilatuta bere artelanak, margoak eta bizitzeko baliabideak. Hori izan liteke koadroen tamainaren arrazoia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.