Asteburuko proposamenak

Herrien arteko musika

Musika Bizian jaialdia antolatu dute Galdakaon, eta estaturik ez duten nazio batzuetako musikarien lanaz gozatzeko aukera egongo da

Adir Jan musikari kurdua arituko da gaur oholtza gainean, Galdakaon. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Izurritearen ondorioz urtebeteko etenaldia egin ostean, bueltan da Galdakaoko (Bizkaia) Musika Bizian jaialdia. Estaturik gabeko nazioetatik etorritako artistak eta musikariak ditu protagonista, eta atzo eman zioten hasiera. Siziliako musika tradizionala berreskuratzeko asmoz 2005ean sortu zen I Beddi seikotea eta Xabier Solano trikitilari hernaniarra igo ziren oholtza gainera, eta gaur emango diote jarraipena horri, Iturriondo parkean ezarri duten eszenatokian.

Hain zuzen, 2014an jarri zuten lehendabizikoz martxan egitasmoa, Andra Mari Eusko Dantza taldearen eskutik, eta zazpigarren aldia da aurtengoa. Irabazi asmorik gabeko folk-rock jaialdi bat da, eta, besteak beste, Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute. Europatik, Amerikatik eta Afrikatik etorritako 30 talde inguruk hartu dute parte dagoeneko, antolatzaileek emandako datuen arabera.

Gaur, Berlingo Kreuzberg auzoan jaiotako Adir Jan musikari kurdua izango da lehena oholtza gainean, 20:00etan. Zehazki, bere musika queer poesiaren, folkaren, mistizismo sufiaren eta rock psikodelikoaren arteko nahasketa gisa deskribatzen du, eta lan hortaz gozatzeko aukera egongo da gaur artistaren zuzeneko musikarekin. Ondoren, Danny Baldurssonen txanda izango da. Faroe uharteetako abeslari eta gitarra jotzailea da. 2016 eta 2018 bitartean hainbat kontzertu eman zituen Danimarkan, Islandian, Groenlandian eta Alemanian, eta 2019an Song Writing Award saria irabazi zuen Holy abestiarekin.

Halere, eguneko egitarauari eta aurtengo jaialdiari amaiera emango dion taldea Euskal Herrikoa izango da: Skakeitan musika taldeak itxiko ditu ateak. Donostian sortu zen, 2008an, eta lehen albuma 2012an grabatu zuen. Azkenekoa, 2019an kaleratu zuten, Nola galdu denbora izenpean.

Kontzertu horietara joan nahi duenak, beraz, debalde eskuratu dezake sarrera, librea baita, baina antolatzaileek jakinarazi dute birusaren ondorioz edukiera mugatua izango dela, eta musikarien emanaldietan maskara jartzea beharrezkoa izango dela momentu oro.

Badira ekintza gehiago

Eszenatoki nagusiko emanaldiez gain, adin tarte guztietara egokitutako bestelako jarduerak ere egongo dira: eguerditik aurrera, luthierren azoka bat; musika tresna tradizionalen sortzaileek ere beren lanak erakutsiko dituzte; eta 19:00etan, kale animazio musikala egingo du herriko talde batek. Taberna Ibiltaria taldearen txanda izan zen atzo, eta Beti Jai txaranga arituko da gaur Galdakaoko kaleak alaitzen, kontzertuak hasi baino ordubete lehenagotik.

Musika Bizian jaialdia



Gaur, Galdakaoko Iturriondo parkean (Bizkaia), 20:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.