Ihesaren irudikapena

150 herritarrek hartuko dute parte Lazkaoko Astotxo Eguneko kale antzezpenean. 400 urte baino gehiagoko tradizioa du egunak herrian

Lazkaoko zenbait herritar iazko Astotxo Egunean. YURENA PANIAGUA.
Andoni Imaz.
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Errege Egunaren ondorengo igandean, beste itxura batekin esnatzen da Lazkao (Gipuzkoa). Gune historikoa Ekialde Hurbilera eraman, eta Judea bilakatzen da. Astotxo Eguna du izena, baina ez da edonolakoa astoaren atzean dagoen istorioa. Herri osoak kalean ospatuko du biharko eguna, dozenaka herritarren parte hartzearekin antolatutako festa baita.

Igandeetako erlijio ohiturak iraganeko kontua izango dira askorentzat, baina biharkoa ez da nolanahikoa izango Lazkaon. 10:00etan egingo dute asto diana, eta goiz osoa iraungo du ospakizunak. Jende askok parte hartzen du Astotxo txikia antzezlanean eta asto lehiaketan, baina Egiptorako ihesaren antzezpena da ekintza nagusia. Ehunka urteko tradizioa dauka herrian ospakizunak, eta azken hamarkadetan egin izan dute kale ikuskizuna.

Festa egunak 1652. urtean du jatorria. Orduan, zistetar komentuan, Lazkaoko mojek Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa azaltzen zuten irudiak jarri zituzten presbiterioan. Urteak igaro ziren, eta ohitura bilakatu zen irudi horiek ikustera joatea. Hala, 1988an, beste pauso bat eman zuten kontakizunean, eta herritar talde batek antzezlan bat sortu zuen irudietan ageri zen pasartearekin. Jaiaren bilakaera bizi izan zuten orduan. Ordutik, dozenaka herritarrek hartzen du parte urteroko emanaldian.

Aurten, 150 lagunek egingo dute antzerkia, «ikusten ez den beste jende askoren lanari esker», Asier Sukia antzerkiaren antolatzailearen hitzetan. Egun berezia da herritar guztientzat, «festak garatzen eta kalera ateratzen jakin duelako». Urtetik urtera materiala berrerabiltzen saiatzen dira antolatzaileak, baina baita berritzen ere: «Urte bataurrekoetatik elikatzen da».

Lazkao Txiki zelaian egingo dute antzezlana: Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesa, Herodesen dekretua eta haurren harrapaketa irudikatzeko. Infantodoko dukearen jauregia Herodesen jauregi bilakatuko da, eta Lazkaoko gune historikoa, Judea. Antzezpenean, Herodesek errege izateko jaio den haur baten berri jasoko du, eta, agintea galtzearekin kezkatuta, bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko aginduko du, dekretu bidez. Jose eta Mariari aingeru batek emango die horren berri, eta ihes egiteko esango. Ihesaldian, Betleemgo herria izango dute gordeleku.

Astotxo Eguna

Bihar, Lazkaon (Gipuzkoa), 10:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.