begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Sartu aurretik, utzi gurasoak atean

2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Jakitun egongo zarete, eta ez bazaudete, bada ordua: zinemak eta herriaren kulturaren aldeko pasioak zauriturik, bost gazte animosok zinekluba sortu dute Koldo Almandozen Hondar ahoak telesailerako paisaia izan den Bizkaiko Ondarroan; Euskal Zinemaren Bilera festa handiaren sehaska den Lekeitiotik horren hurbil den herri hain zinematografikoan, hain zuzen ere.

Aretorik gabe zen herri marinel hori. Pantaila handirik gabe Agustin Garcia Carrascok, zinemak artean hitzik ez zuela, La sirena del Cantabrico filmatu zuen herria, Igor Legarretak bere Ilargi guztiak filmatu berri duen Mutrikutik hain gertu...

Ezin leike. Ez zen posible. Ezin men egin edo ameto eman. Ezin, zuen etxeetakoa baino sakonagoa den iluntasunean pelikulak ikusi nahi zenituzten aldiro autobusa, kotxea edo auskalo zein ibilgailu hartu behar hura, Bilbora edo Lekeitiora joateko.

Beraz... ireki dezagun guk aretoa, aukera ditzagun guk filmak, piztu dezagun guk pantaila, amatatu dezagun guk saloiaren argia.

Eta horrela, birusak setiaturik, estuturik zen Beikozini aretoaren jabeengana jo zuten, udalaren babesaz, eta gozo mintzatu. Kulturaz, zinemaz, musikaz, denbora-pasaz. Eta bertakoek onartu. Onartu eta lagundu. Eta Ondarroan zeluloideaz elikatzen diren horiek poz-pozean, zoratzen. Jaioa baitzen Zeta Zinekluba.

Zeta?? Bai, Costa-Gravasen pelikula bezalaxe. Zeta? Bai, Kaliforniako heroi markaz kanpoko maskaradun hark mendeetan zehar ikur erabili ohi duen letra bera: Z, El Zorro-ren sinbolo beldurgarria, herriaren etsaiak izutzen zituen ezpataz markaturiko hizki berauxe.

Otsailak 7 egun baino ez zituela, jai eguna zela (eta ez nolanahiko jai eguna, domeka!), ekin zion bideari, bidaiari, festari Zeta Zineklubak. Estreinarako hautatutako pelikula ez zen nolanahikoa: Andres Wooden Araña, erronka hamaika bere gain hartzen duen zeluloide puska, manerak elegante-eleganteak izan arren, erraiak usteldurik dituzten pertsonaiak aurkezten dizkiguna, Txilera eramaten gaituena eta eskuin muturrekoak ziren hainbaten oraina kontatzen diguna, letaginak gure larruazalean zorrozten dituena...

Ez da, ezta ere, brometakoa hilaren 21erako (domeka, berriro) egindako hautua: Jean-Pierre Jeunetek 2014an sortutako Gazte harrigarria T.S Spivet (hots, L'Extravagant voyage du jeune et prodigieux T.S. Spivet) izango da ikusgai. Eta euskaraz entzungai. Arratsaldeko bostetan.

Egia gutako askok ez diogula Jeuneti barkatzen bere Le Fabuleux Destin d'Amélie Poulain melenga hura, kolore argitsu-argitsuetan ito egiten zen zeluloide-koxkor hura, baina egia berdaderoa ere sekula ez dugula ahaztuko bera dela Delicatessen eta Alien, la résurrection-en egilea.

Barrokismoak (barrokokeriak idatzita hobeto, agian?) jota da T.S Spivet. Gainezka egiten du koloreetan; gainezka, blai, bere zinema maneretan. Ozen baino ozenago egiten du oihu, orro, ulu. Gorrotatuko duzue maitatuko duzuen bezainbeste, baina hitzematen dizuet: espektakularra da.

Gainera, otsailaren 21eko emanaldi hori ez da helduontzat, gazteentzat baizik. Beraz, guk ez dugu zertan hitza eman edo jan beharrik. Ez beharrik, ez eskubiderik, ez baimenik. Zeta Zineklubeko sortzaileek zinemarekiko pasioa, zaletasuna, zorabioa sustatu nahi dute gazteen artean. Baina era natural-natural batez. Ez txapa botatzen, ez jota uzten zaituzten aurkezpen eta pelikula osteko solasaldi luze eta nekosoen bitartez. Ez horixe.

Izan ere, gazteentzako emanaldietan, usteko heldu ustekook kasik-kasik debekaturik izango dugu sarrera. Ideia, okurrentzia, burutazioa izugarria da: gazteek ikus dezatela zinema beraiek nahi duten bezala; gurasorik ez ondoko besaulkian, sasi jakintsurik ez aurrean zinema lezioak ematen. Hilean behin, helduak aparkaturik utziko dituzue zinemaren atarian, eta zuek izango zarete aretoaren andre jaun ta jabe.

Primerakoa ideia. Zilegi dena eta zuzena. Normalean, kontrakoaren plantak egin arren, helduak ezertaz ez dira enteratzen. Ez bizitzan eta ez bizitzaz; ez zineman eta ez zinemaz. Beti ikusten dituzu aurpegi ilun, zuentzat (omen) diren saioetara laguntzen zaituzten bakoitzean. Are okerrago, oihu, txalo, txistu ez egiteko, ez jotzeko agindua ematen dizuete serio. Serio eta beti. Beraz, zorionekoak zuek, Ondarroako gazteok! Otsailaren 21ean, gurasoak atean utzirik, sar zaitezte libre, kuadrillan edo zuen baitako konpainia onean, zuena den aretoan. Eta ez utzi (ezta pentsatu ere) antolatzaileen eskuetan zuentzako filmen aukeraketa. Hasi zuek ere nahi dituzuenak eskatzen. Aukerarik bada, eta ahal bada, zuen esanetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.