Bizigiro Asteburuko proposamenak

Eraikin itxiak, irekita

Bilboko Open House jaialdiak aukera ematen die herritarrei eraikinak barrutik ezagutzeko. Guztira, 49 eraikin bisitatu ahal izango dira

2019ko Open House jaialdiko mapa, Bilbon, artxiboko argazki batean. BERRIA.
ane insausti barandiaran
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Gaur eta bihar egingo dute aurtengo Open House ate irekien azoka, Bilbon, Hiri osasungarria lelopean, eta, hala, nazioarteko 45 hiri baino gehiagorekin bat egingo dute. Egunerokoan jendearentzat itxita egoten diren 49 eraikinen ateak irekiko dituzte, herritarrak horiek ezagutzera sar daitezen. Hirigintzaren eta arkitekturaren bidez, hiriari buruzko kontzientzia har dezaten da helburua.

Aurtengo jaialdian, iazkoan bezala, Bilboko eraikinak soilik bisitatu ahalko dira, pandemia dela eta, segurtasun neurriak bermatzeko. Bisiten bidez, hiriek osasuna eta ongizatea bermatzeko duten erronkari buruz hausnartzea nahi dute antolatzaileek: «Pandemiak agerian utzi du gure kaleak eta auzoak berriro pentsatzeko beharra, harremanetarako hurbileko berdeguneak sortzearen garrantzia, gune inklusiboak, kulturarako, joan-etorri jasangarrietarako, hurbileko merkataritzarako...».

Orotara, 49 eraikin bisitatuko dituzte. Aurrekoetan bezala, Bilboko udaletxea, Olabarri jauregia, Deustuko Unibertsitate Komertziala eta Arte Ederren Museoa ikusteko aukera izango da, besteak beste. Baina beste hamabi eraikin ere batuko dira aurtengo zerrendara: Fesa-Ercross pabiloia, Indautxuko Jesuiten eraikina, IED Kunsthall paper fabrikako eraikina, BETA IIAsFabrik eraikina, Larreagaburuko etxebizitzak, Ametzolako geltokia eta parkea, Jesus Galindez kaleko ezponda, Etxebarriko Ekaitz Andela, Abandoko udaltegia eta Elorrietako itsasertza, hain zuzen ere.

Egitarau betea

Aurten, gainera, hainbat jarduera egiteko aukera izango da, gaian sakondu ahal izateko. Alde batetik, egile bisitak egin ahalko dira, hots, arkitektoak bertan izango dira, eraikinaren diseinuari buruzko azalpenak ematen, zenbait bisitatan.

Paisaia naturalari eta hark hiriarekin duen harremanari buruzko ibilbideak ere egingo dituzte egitarauaren barruan, hiriko paisaia berdeak ezagutu eta naturguneetara iristeko ibilbideak bilatzeko asmoz. Bizikleta ibilaldi bat ere egingo dute itsasadarraren ertzetik, Zazpi Kaleetan hasi eta Euskalduna zubiraino.

Horrez gain, kontakizun urbanoak egingo dituzte talaietatik eta hiriko gune estrategikoetatik. Horien bidez, osasunak hiria sortzeko orduan izan duen eragina eta hiriaren diseinuak eta planifikazioak pertsonen ongizatean duten eragina aztertuko dute.

Bestalde, familientzako tailer irekiak antolatu dituzte: hiri berdeagoak eraikitzeko sormen dinamikak, jolasak eta ipuinak bultzatuko dituzte. Azken batean, jendea espazio publikoan nola mugitzen eta erlazionatzen den kontuan hartuta, herritarrak kontzientziatu, eta plazei eta kaleei buruzko hausnarketa kolektiboko prozesu bat bultzatzea du xede jaialdiak.

Open House jaialdia

Gaur eta bihar, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.