Asteburuko proposamenak

Argitaletxeen plaza

Nafarroako Edizioaren Azoka igandera arte zabalik dago, Iruñeko Gazteluko plazan. Erakusmahaiak eta liburu aurkezpenak izanen dira

Nafarroako Edizioaren Azokako postu bat, Iruñeko Gazteluko plazan, asteon. IRUÑEKO UDALA.
Iker Tubia.
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Iruñeko egongela deitzen diote Gazteluko plazari, eta egongela zabaletan izaten dira liburuz betetako apalategiak edo liburutegiak. Ostegunetik, Iruñeko egongelak baditu hamaika liburu apaletan eta mahaietan, Nafarroako Edizioaren V. Azoka egiten ari baitira egunotan, eta igandera arte bada aukerarik bertatik pasatzeko. Liburuak salgai egoteaz gainera, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak izanen dira gaur eta bihar.

Editargi Nafarroako editore independenteen elkarteak antolatzen du azoka, eta herrialdeko argitaletxeek paratzen dituzteerakusgai beren lanak. 20 erakusmahai paratu dituzte Gazteluko plazako kioskoaren inguruan. Goizez eta arratsaldez irekiko dute azoka: 10:30etik 14:00ak arte eta 17:00etatik 21:00etara.Osasun neurriak ere hartuko dituzte.

Urtez urte errotzen ari da editoreen azoka, eta aurten bide horretan jarraitzea espero dute antolatzaileek. Aritz Otazu Editargi elkarteko lehendakariak azaldu du bilakaera nolakoa izan den: «Jendea pozik etortzen da, eta azokak arrakasta izaten du. Pentsa: antolatu genuen lehen aldian 1.500 bat lagun etorri ziren; azkenekoan, 20.000». Azokaren helburua argi azaldu dute antolatzaileek: «Nafarroako argitaletxeen katalogo osoa kalera eta jendaurrera atera ahal izatea, ohikoan herritarrek ez baitute gure ekoizpena eskura izaten».

Bertakoen erakusgarri

Azokak badu eskaintza berezirik.Nafarroako argitaletxeen funts osoa herritarren esku jartzen dute, «kalitate handiko tituluez goza dezaten», Editargiren arabera, eta horietako asko ezin dira aurkitu ez liburu dendetan, ez sektorearen multinazionalek berentzat harturiko saltoki handietan. Azokaren beharra nabarmendu dute antolatzaileek: «Nafarroari buruzko erakusketa ederra da, historiari, kulturari, etnografiari, arteari, ekonomiari eta kirolari buruzko liburuen lagin esanguratsu bat». Nafar autoreentzako agertoki «bikaina» dela uste dute: «Gisa honetako bozgorailuak behar-beharrezkoak dituzte beren obra ezagutarazteko».

Irakurleengana ailegatzeko, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte, baita liburu sinatzeak ere. Euskaraz, gaur aurkeztuko dituzte Izengoititegia, Lehengo harenez (Pamiela), Jan eta jabe, Askatu edo moztu (Txalaparta) eta Kaba inurria.

Parte hartu duten argitaletxeak hauek dira: Altaffaylla, Diego de Haro, Cenlit, Denonartean, Eunate, Mintzoa, Pamiela, Euskal Memoria Fundazioa, Igela, Kilikids, Txalaparta, Verbo Divino, Gor, Katakrak, Estudio Omapora eta Diseño Consciente, Next Door Publishers eta Papeles del Duende. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ere erakusmahai bana izanen dute beren argitalpenak erakusteko.

Nafarroako Edizioaren Azoka

Gaur eta bihar, 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Iruñeko Gazteluko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.