Albistea entzun

Asteburuko proposamenak

Saretzea, xede eta bide

Dinagu kolektiboak antolatutako Nomadak Gaitun emakumezko ekoizleen azoka egingo dute gaur eta bihar, Donostian
Dinagu kolektiboko kideak, Donostiako Nomadak Gaitun azoka aurkezten.
Dinagu kolektiboko kideak, Donostiako Nomadak Gaitun azoka aurkezten. DINAGU KOLEKTIBOA Tamaina handiagoan ikusi

Alex Uriarte Atxikallende -

2021eko abenduak 18

Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gernikan (Bizkaia) zenbait azoka eta ekitaldi egin ostean, Dinagu kolektiboak antolatutako Nomadak Gaitun azoka ibiltaria Donostian izango da, asteburu honetan. Egiako teila fabrika emakume sortzaileen bilgune bihurtuko da gaur eta bihar, hainbat arlotako emakumezko sortzaileen 34 lan aurkeztuko baitituzte.

Aurten, estreinakoz, azokak bi eguneko egitaraua izango du. Gaur, 11:00etatik 14:30era egongo da zabalik, goizez; arratsaldez, berriz, 16:30etik 20:30era. Bihar, egun osoko saio jarraitua egingo dute, 11:00etatik 18:30era. Gaur, beren lanak plazaratuko dituzten sortzaileak, besteak beste, ondorengoak dira: Amesgile, Suma flowers, Agara, Lohiart, Kaori faktoria, Nauena, Amlu eta Hamarratz. Bihar, ostera, honako egile hauek hartuko dute parte azokan, hainbatik hainbatean: Txakur Gorria, Malen Amenabar, Oihele, Titontziak edo Biziki.

Dinagu kolektiboko partaide Ilazki Lilik azaldutakoaren arabera, sormena ogibide bihurtzea xede duten emakumeen plaza da Nomadak Gaitun azoka, eta, hain zuzen ere, artisautzan oinarritutako esparruetako lanak izango dituzte erakusgai: moda, bitxigintza, oihalgintza, inprimatzea, dekorazioa eta ilustrazioa. Merkatu hori iazko Gabonetan abian jarritako #nikbertakoaoparitzendut egitasmoaren jarraipena da, eta erosketak «modu kontzientean eta arduratsuan» egitea du lan molde, Lilik argitu duenez.

Kokaleku berezia

Egia auzoko teila fabrikak badu loturarik egitasmoaren sustatzaileek defendatzen duten kontsumo eredu berriekin: «Balio eraldatzaileetan eta kooperatibismoan oinarritutako denetariko proiektuei aterpea ematen dien espazioa da teila fabrika, eta elkarlana, ekonomia soziala eta kultura ditu ardatz», dio Lilik.

Elkarlan horren agerkaria da, hain zuzen, tokiko eragileekin bultzatzen duten kolaborazioa, eta, aurten, Egiako Jai Batzordearen eta Garraxi eta Koxkorrio tabernen babesa izango dute, besteak beste.

Produktuen salmenta eremu izateaz harago, «balioen elkargunea» ere izango da Nomadak Gaitun azoka. Izan ere, Euskal Herriko emakumezko ekoizleen errealitatea bistaratzeko eta sortzaileen arteko sareak estutzeko gunea izatea bilatzen dute.

Antolatzaileek, «ekoizleen arteko norgehiagokaren gainetik, elkarlana eta ahizpatasuna» aldarrikatu nahi dituzte, eta «eskumenen murrizketaren gainetik, ahalduntzea»; tokikoaren eta bertan ekoizturikoaren aldeko apustua ere egingo dute, «sinisten dugun ekonomia zirkularraren zantzu gisa», Liliren arabera. Autogestioa, euskara eta jasangarritasuna ere zutabe izango dituzte Nomadak Gaitun azokan.

Nomadak Gaitun azoka

Gaur eta bihar, Donostiako Egia auzoko teila fabrikan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

A Currilingua, korsikeraren erabilera aldeko Korrikaren 65. kilometroan, iaz, lehen aldian. ©PARLEMU CORSU

Uhartea korrika korsikeraz

Ainize Madariaga

A Currilingua eginen dute bihar, korsikeraren aldeko egun bakarreko Korrika, Aleriatik Bonifaziurat. Bigarren aldiak parte hartzaile haboro dauzka, eta kilometro haboro hego muturreraino.
Xabier Urizar maila goreneko txokolatearen dastatzailea, txokolatea aztertzeko mapa eskutan duela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Txokolatearen sekretuak

Olaia L. Garaialde

Xabier Urizar maila goreneko txokolatearen dastatzaileak hezkuntza eta txokolatea uztartzen ditu. Dastaketa baten nondik norakoak azaldu, xehetasunak aztertu eta mitoak apurtzen ditu.
 ©HBO MAX

Jolas parkeak, androideak eta gizatasuna

Mikel Yarza Artola

HBOren 'Westworld' telesailak laugarren denboraldia estreinatu du. Gizakien eta androideen arteko talka da nagusi thriller ilun honetan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.