Asteburuko proposamenak

Hautsa ongi kenduta

Dekorazio 'vintage'-a, enkantea, zaharkiak eta bildumak izanen dira BECeko Desembalaje azokan. Ehun erakusmahai paratuko dituzte

Hiru lagun, Desembalaje azokako erakusmahaietako produktuak begiratzen, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Etxe zaharretako sabaietan edo etxebizitza eraikinetako trastelekuetan hautsa pilatzen duten hamaika gauza aurkitu litezke; harribitxiak gauza horien maitaleentzat.Kukuso merkatu erraldoi baten gisan, horrelako produktuei hautsa kendu eta erakusmahaietan eskuragai paratuko dituzte gaur eta bihar Barakaldoko BECen (Bizkaia). Desembalaje azoka da, dekorazio vintage-a, enkantea, zaharkiak eta bildumak biltzen dituena.

Antolatzaileen arabera, «harribitxiak» aurkitzeko lekua da Desembalaje azoka. Aurten, ehun erakusmahai baino gehiago izanen dira, bertakoak eta atzerrikoak. Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru helburu nagusi ditu: «Arbasoen memoria gordetzen duten objektu historiko eta bakarrei beste bizialdi bat ematea; kalitatezko ekitaldi bat eskaintzea; eta inguruan eragin ekonomiko positibo bat sortzea». Azokak 45. aldia du aurten.

Erakusmahaietan 40 urte baino zaharragoak diren zaharkiak, sinatutako artelanak edo bilduma pieza «bakarrak» aurki daitezke. Osotara, 70.000 pieza inguru egonen dira salgai. Egun osoko ekitaldia da: gaur, 10:00etatik 21:00etara irekiko ditu ateak, eta, bihar, 10:00etatik 20:00etara. Egun bakarreko sarrerak 6 euro balio du, eta bi egunekoak, 8. Internet bidez erosita, euro bat gutxiago, desembalajebilbao.com helbidean.

Ikusi eta ikasi

Desembalaje azoka ez da soilik ikusi eta erosteko leku bat; jarduera praktikoak ere eskainiko dituzte. Gaur eta bihar doako tailerrak emanen dituzte Lakeone eta Annie Sloand enpresek. Lakeone arduratuko da altzari zahar eta modernoen konponketari, mantentzeari eta dekorazioari buruzko tailerrak emateaz. Marmolezko, metalezko eta larruzko altzarientzako aholkuak eskainiko dituzte tailerretan.

Vanesa Lobato kontserbazioan eta errestaurazioan aditua ere han izanen da, Annie Sloan enpresaren izenean. Chalk paint margo banatzailea da enpresa hori, eta Lobato arduratuko da teknika horiek nola erabiltzen diren azaltzeaz. Chalk paint margoen ikastaroak 10:30ean eta15:30ean emanen dituzte, eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea: webgunearen bidez edo azokan bertan.

Lakeonek emanen dituen tailerrak 12:00etan, 13:30ean, 17:00etan eta 18:30ean izanen dira. Guzietan altzari zaharren errestaurazioa, mantenua, ukitzea eta birmoldatzea izanen dute hizpide; 13:30ean marmolezko altzariei erreparatuko diete, eta 18:30ean, metalezkoei. Gainerakoak orokorrak izanen dira.

Azokan jateko aukera izanen da, baita haurrendako txoko bat ere, begiraleekin. Azokara joaten den jendearen artean 300 euroko bonuak zozkatuko dituzte.

Desembalaje azoka



Gaur, 10:00etatik 21:00etara, eta bihar, 10:00etatik 20:00etara, Barakaldoko BECen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.