Asteburuko proposamenak

Zaleekin, mila zenbaki

Mila zenbaki kaleratu ditu BERRIAren 'Mantangorri' gehigarriak. Hori ospatzeko, zaleak batuko ditu gaur, jaialdi batean, Txillida Lekun

Mantangorri BERRIAren haur eta gaztetxoentzako gehigarriaren azalak. BERRIA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bere ibilbidea ospatuko du gaur Mantangorri-k, BERRIAk haur eta gaztetxoentzat duen gehigarriak. Irakurleei eta zaleei eskutik helduta ospatuko du, gainera. 1.000. zenbakia gaur argitaratu da, eta gaur bertan egingo diote aitortza, Hernaniko Txillida Lekun (Gipuzkoa). Horretarako, egitarau zabaleko jaialdi berezi bat antolatu dute; nolabait, urte hauetan guztietan Mantangorri-ren inguruan sortu den komunitateari eskerrak emateko, eta ezagutzen ez dutenei aurkezteko. Beraz, Mantangorri belaunaldiaren eta kide berrien topaleku izango da gaur Txillida Leku.

Eskaintza zabala antolatu dute, eta adin askotako haurrentzat, gainera. Ekitaldi bakoitzak kolore bat izango du (gorria, berdea, laranja, urdina, morea, marroia, arrosa eta zuria). Hala, norberak aukeratuko du zer ekitalditan parte hartu nahi duen, eta dagokion txapa jarri beharko du.

09:30ean izango da irekiera ordua, eta orduan egingo da ekintzetarako izen ematea Txillida Lekuko aparkalekuan. Irrien Lagunak-eko Tiritatxo eta Martinber pertsonaiak izango dituzte lagun parte hartzaileek.

Ondorengo hiru gune nagusietan banatuko da jaialdia: Pilar aretoa, baserria eta zelaia. Pilar aretoa ipuin eta marrazkien txokoa bihurtuko da. Izan ere, 10:15etik 10:45era Juan Kruz Igerabide arituko da ipuinak kontatzen. 11:00etatik 11:50era, berriz, Ameli eta xirrikituen jostunen txanda izango da.

Gune berean, ilustrazio lantegia ere egongo da. 12:00etatik 13:00etara eta 13:15etik 14:15era, Ainara Azpiazu Axpi eta Aitziber Alonso ilustratzaileek emango diote kolorea aretoari.

Baserrian, bi ikuskizun izango dira; 11:00etan, Yogurina Borovarena: Mari, Meri eta Lari. 13:00etan, berriz, magia ikuskizuna, Asier Kidam magoarekin. Gainera, baserriko aterpean photocall gunea egongo da, han izango direnek argazki bat atera dezaten, oroigarri gisa.

Zelaian, berriz, 30 minutuko hiru bisita gidatu antolatu ditu museoak haurrentzat, Txillida Leku ezagut dezaten. 10:30ean lehendabizikoa; 12:00etan bigarrena, eta 13:15ean azkena.

14:00etan amaituko da jaialdia. Parte hartzaile guztiak baserriaren kanpoaldean batuko dira, eta Irrien Lagunak-eko Tiritatxo eta Martinber pertsonaiak izango dira haiekin. Jaialdia orduan amaituko bada ere, Txillida Lekun egun osoz egoteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Eten ez den kate bat

Badira eteten ez diren kateak, eta horren eredu da, hain justu, Mantangorri. Izan ere, BERRIA egunkaria 2003an hasi zen gaztetxoen gehigarria argitaratzen, Mantangorri izenpean —Xingola zuen izena Euskaldunon Egunkaria-ren garaian—. Ibilbide oparoa izan du geroztik: mila zenbaki.

Mantangorri festa



Gaur, 09:30etik 14:30era, Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.