Asteburuko proposamenak

Ohol gainean surfean

Bikingo Eguna ospatuko dute gaur Hondarribian, surfa eta kultura ardatz hartuta. Arraun surfeko lasterketa izango da ekintza nagusia

Jendea arraun surfean, 2021eko Bikingo Egunean, Hondarribian. HONDARRIBIKO SURF ESKOLA.
ane insausti barandiaran
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Arraun surfean hara eta hona dabilen jendez beteko da gaur Hondarribian Bidasoa ibaiko bokalea (Gipuzkoa). Izan ere, Bikingo Eguna antolatu dute hamahirugarrenez Hondarribiko Udalak, Gipuzkoako Surf Federazioak eta Hondarribiko Surf Eskolak, elkarlanean.

FederArteren (Euskal Herriko Surf Federazioa) Surfing Kultura zirkuituko parte izango da aurten ere Bikingo Eguna. Zirkuituak Gipuzkoako kostaldeko bost jaialdi barne hartzen ditu, eta, surfarekin eta haren kulturarekin lotutako ekintzez gain, berdintasunaren, inklusioaren eta ingurumenaren aldeko ekintzak egiten dituzte.

09:30ean irekiko dute izena emateko aukera, Butron pasealekuan. Ondoren, 11:00etan zabalduko dute FederArteren azoka. Aurten, gainera, Eskuzlan Bidasoako Artisau Elkartea gonbidatu dute azokara, eta, hortaz, Hendaia (Lapurdi) eta Hondarribiko artisauek haien sorkuntzak ikusgai jarriko dituzte.

16 urtetik beherako gazteak izango dira lehenak oholetara igotzen, 11:50ean. Garrantzi handia ematen diote horri, belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko.

Nagusien txanda, berriz, 12:50ean izango da, eta lasterketa hori izango da eguneko ekintza nagusia. Iñaki Navascues surflariak antolatu du lehiaketa. Arraun surfaz gain, surf ski modalitatean lehiatuko dira parte hartzaileak, eta amateur eta profesional kategoriak egongo dira. Berritasun gisa, beste modalitate batzuk ere gehitu dituzte: piragua eta windsurfa, esate baterako.

Kirola, ahalduntzeko

Bazkariaren ondoren, beste hainbat ekintza egingo dituzte. 16:30ean, Cyara Palenzuelak emakumeei zuzendutako skate tailerra gidatuko du, asfaltoan irristatuz konfiantza, oreka eta ahalduntzea lantzeko. Horrez gain, arraun surf inklusiboko saio bat ere antolatu dute, urritasunen bat duten pertsonek zein urritasunik ez dutenek elkarrekin arraun surfa egiteko aukera izan dezaten.

Gainera, ingurumenarekin lotutako saio bat ere egingo dute surf eskolako hezitzaileek eta Less Plastic Club elkartekoek, haurrentzako. Birziklatzeari eta plastikoari buruzko tailer bat egingo dute, besteak beste.

Uretatik lehorrera joanda, motorzaleen topalekua ere izango da Hondarribia: 17:00etan abiatuko dira motor gidariak Butron pasealekutik. Ondoren, 19:00etan egingo dute sari banaketa, eta Butron pasealekutik Uxoa tabernara lekualdatuko da festa: hura biribiltzeko Dj Kimho eta Pizkyren emanaldiak izango dira.

Miren Zabalak, antolatzaileetako batek, parte hartzera animatu nahi izan du jendea: «Egin behar duen giroarekin, jendeak Bikingo Eguna ezagutzeko aukera aprobetxatzea espero dut, asko disfrutatzen delako», adierazi du.

XIII. Bikingo Eguna



Gaur, 09:30etik aurrera,Hondarribian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.