Asteburuko proposamena

Urdina bueltatu da

Zapato Azule festa ospatuko dute gaur Ondarroan. Bi urteko etenaren ondotik, Dinamartxa eta Euskal Herriko kamiseten azoka egingo dituzte

Dinamartxako kideei egindako ongietorria, 2019ko Zapato Azule festan, Ondarroan. EIDER MUGARTEGI / BUSTURIALDEKO HITZA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Arrantzaleen mahonezko atorrak gordeak izan dituzte bi urtez Ondarroan (Bizkaia), baina iritsi da eguna berriz ere haizatzeko. Bi urteko etenaren ondotik, Zapato Azule festa ospatuko dute gaur. Ondarroarren festa kutunenetako bat da, eta euskal kostaldean ospatzen direnei hasiera ematen diena. Urdinez jantzitako larunbata, eta azulez margotutako festa.

Egitarau oparoa osatu dute Radixu irratikoek aurten ere. «Bi urteko etena egon da, eta demaseko gogoa dago», azaldu du Txomin L. Aramaio koordinatzaileak. Berreskuratu dituzte Zapato Azule festan sorreratik egon diren bi ekitaldi nagusiak: Dinamartxa eta Euskal Herriko kamiseten azoka. Goizaldean abiatu dira Dinamartxa ezberdinak, eta 14:00etan iritsiko dira parte hartzaileak —ongietorria egingo zaie Alaiako balkoitik, irrintzilariekin—. Dina Bilbao zenaren omenez egiten diren martxak dira. Atzo bete ziren 25 urte ondarroar kirolari eta abenturazalea desagertu zela —1997ko ekainean desagertu zen, Iñigo Rossekin batera, Karibe itsasoan katamaran batekin zeharkaldia egiten ari zirela—. Urteetan Tolosan (Gipuzkoa) bizi izan zenez, Dinamartxak bi herriak lotzen ditu.

Euskal Herriko kamiseten azokak ere badu sona. Askotarikoak dira taldeak eta gaiak. «Nabaritu duguna da aurreko urteetan baino eragile gutxiago etorriko dela. Hemezortzi postu edukiko ditugu, eta horietatik hamar herrikoak dira. Normalean 25 inguru izaten dira, baina badirudi pandemiak eragina izan duela», nabarmendu du Aramaiok.

Urtero izaten da egitarauan berritasunen bat, eta garagardo berezi bat nabarmendu du Aramaiok: «Mungiako Boga kooperatibarekin batera sortutakoa da. Auiminyulniblu Boga! du izena. Tirada txikia izan da, 40 kaxa, baina oso bereziak».

Artisautza azoka, bolanderak, txistulariak, elektrotxaranga, pregoia, bertsolariak, antzerkia, umeen jolasak, DJak... «Jai oso handia bihurtu da. Herritarrek eurenganatu egin dute, Ondarroako jai nazionala balitz lez», azaldu du Aramaiok.

Radixu irratia da festaren antolatzailea, eta irratia zein jaia autogestionatuak dira. Irratiko kidea ere bada Aramaio: «Gure gastu ia denak festari esker ordaintzen ditugu, eta igarri dugu, bai, bi urte hauetako etena. Bagenuen koltxoi txiki bat, baina amaitzear zegoen, eta eskerrak jaia egitera goazen. Beharrezkoa da erabat guretzat, eta beharrezkoa da geroz eta eragile gehiagorentzat ere, txosna jartzen baitute egun horretan. Aurten bost bat gune egongo dira denera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.