Albistea entzun

Haur jolastien gaztelua

Haurren Gabonetako parkea ireki dute gaur BECen, ohi baino pabiloi bat gehiago hartuta. Urtarrilaren 8ra bitartean egongo da zabalik
Haur bat ohe elastiko batean saltoka, artxiboko irudi batean.
Haur bat ohe elastiko batean saltoka, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2022ko abenduak 17

Jolasen eta dibertimenduaren gaztelua bilakatuko da Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazoka, beste urte batez, gaurtik aurrera. Izan ere, gaur ireki dute Gabonetako haur parkea, eta ehunka haurrek bisitatuko dute urtarrilaren 8ra arte, bi urteko etenaren ondoren. Gainera, aurreko urteetan baino leku gehiago hartuko du, ohi baino pabiloi bat gehiago izango baitu.

Aisialdian gozatzea da helburua, baina balioei ere garrantzia emango die parkeak. «Elkartasuna, gizalegea, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasungarria umeen Gabonetako parkearen nortasunaren eta esentziaren parte dira», antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez. Alde horretatik, euskara ere «zeharkako balioa» izango da, haren erabilera sustatzeko hainbat ekintza izango baitira.

Lehen pabiloiko atetik sartzean, kirol jarduerei lotutako ekintzak topatuko dituzte haurrek, bizimodu aktiboa eta osasungarria bultzatzeko helburua dutenak: Gabonetako lasterketa, saskibaloiko, eskubaloiko eta mahai teniseko txapelketa, eta beisbolean aritzeko tunela, besteak beste. Hainbat jarduera ere egingo dituzte.

Hirugarren pabiloia izango da hiruretan formalena, Gabonetako parkea aurrera atera ahal izateko lankidetzan aritzen diren erakunde eta enpresek informazio postuak jarriko baitituzte. Alabaina, bosgarren pabiloian itzuliko da dibertsioa, barrakek beteko baitute gune hori. Ohe elastikoak, zezen mekanikoak, autotxoke tradizionalak, noria eta sorginaren trena egongo dira, besteak beste.

Elbarritasunen bat duten haurrei ere erraztu nahi izan diete jolas parkean parte hartzea. Hori dela eta, abenduaren 19tik 22rako arratsaldeetan, 15:00etatik 19:00etara, desgaitasun txartela aurkeztuta, erabiltzaileek eta haien laguntzaileek lehentasuna eta hobaridun sarrera izango dituzte parkean sartzeko. Horrez gain, pabiloietan soinua eta argiztapena egokituko dituzte egun horietan.

Bizkaiko Gurutze Gorriak ere egingo du ekarpena haurren jolastokian. Izan ere, lehenengo pabiloiaren alboan, opariak jasotzeko gunea jarriko du erakunde horrek, oparirik jaso behar ez zuten haurrek opariren bat izan dezaten.

Ordutegiak eta sarrerak

Parkearen ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik. Egun horietan, 11:00etatik 17:00etara irekiko dute. Jaiegunetan, hau da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an, itxita egongo da. Abenduaren 19tik 22ra, ordutegia 10:00etatik 19:00etara artekoa izango da. Sarrerak BECen webgunean eros daitezke: pin.bilbaoexhibitioncentre.com-en .

Umeen Gabonetako parkea

Bihartik urtarrilaren 8ra, Barakaldoko BECen (Bizkaia).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.