Zartaginei kolpeka

Kaldereroak eta inude eta artzainen desfilea ospatuko dituzte gaur eta bihar Donostian. Inauterien etorrera iragarriko dute, kaleak girotuz

Morlans-Amarako kaldereroen argazki bat, artxiboko irudi batean. ARKAITZ ALMORTXA MURO / IRUTXULOKO HITZA.
ane insausti barandiaran
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Zartagin eta mailu hotsen oihartzuna nagusituko da gaur gauean Donostiako Parte Zaharreko kaleetan, buruan zintak eta kapelak, eta soinean txapaz beteriko arropak eta txanpondun gonak dituzten pertsonekin batera. Izan ere, kaldereroen eguna ospatuko dute gaur Donostian, ohitura zaharrei jarraituz, inauteriak geroz eta gertuago daudela iragartzeko.

21:30ean egingo du Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionalak elkarretaratzea, Fermin Kalbeton kalean, eta ordu laurden geroago hasiko dute desfilea 19 tributako 410 lagun inguruk. Kalez kale ibiliko dira, 01:00etan Gaztelubiden desfilea amaitu bitartean.

22:00etan egingo dute geldialdia Konstituzio plazan, kanpalekua bertan jartzeko. Une horretan agurtuko dituzte donostiarrak konpartsako erreginak eta damek, bertso sorta bat botaz. Aurten, Beñat Gaztelumendi izango da erregina, eta Nerea Elustondo eta Asier Ibarguren, berriz, damak.

Bertsoen atzetik, konpartsako tribu guztiek Raimundo Sarriegiren ohiko kantuak abestuko dituzte, Kresalako dantzariekin eta Donostiako Udalaren musika eta dantza eskolako bandarekin batera: Begi urdin bat, Hungariako kaldereroak, Hungariako kantua eta Mazurka joko dituzte.

Beste hainbat auzok beren desfile propioak izango dituzte, Alde Zaharreko konpartsa tradizionalaz gain: Txomin Enea, Amara Berri, Egia, Herrera, Gros eta Amara Zaharra-Erdialdea auzoek, hain zuzen ere. Antiguan eta Loiolan, aldiz, hurrengo asteburuan ospatuko dituzte kaldereroak.

Bihar, inude eta artzainak

Inude eta artzainen konpartsak hartuko dio bihar goizean lekukoa kaldereroen festari. Zartagin eta mailu hotsen ordez, danborrariek eta garai bateko pertsonaiek girotuko dute Parte Zaharra. Festa horretan ere, Sarriegiren doinuak izango dira nagusi.

Eguerdian hasiko dute inude eta konpartsek ibilbidea. Guztira, 200 pertsona inguruk parte hartuko dute desfilean: inude eta artzainen 30 bikote inguruk, 60 danborrarik eta hainbat pertsonaiak. Joselontxos txarangarekin batera egingo dute ibilbidea.

Konstituzio plazan egingo duten antzerkian, udalaren txistulari bandak parte hartuko du. Inudeek, eszenaratzean, medikuari bisita egingo diote, haurrak osasuntsu ote dauden galdetzeko. Horrez gain, kontradantza eta medikuaren eta inudearen eszena antzeztuko dituzte. Zortzikoa, fandangoa eta arin-arina ere dantzatuko dituzte.

Parte Zaharrean ez ezik, inude eta artzainen festa Grosen ere ospatuko dute, 11:15ean hasita. Ikasbide ikastolako eta Antiguako konpartsak, berriz, 11:30ean abiatuko dira.

Kaldereroak eta inude eta artzainak

Gaur, 21:30ean, kaldereroak, eta bihar, 12:00etan, inude eta artzainak, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.