Libertimendu garaiak

Bihar hasiko da libertimendu aroa, Lekornen. Zortzi izango dira orotara zirtzilen, dantzarien eta bertsolarien saioak otsailean eta martxoan

Libertimendua, iaz, Baigorrin (Nafarroa Beherea). BOB EDME.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Inauteri garaia da, eta Euskal Herrian ez da geldituko bazterrik ospatuko ez dituenik. Jendea mozorrotu egiten den jaia da, desfileak eginda ospatzen duena, edota beste gabe jai giroan, kantari, dantzan zein zarata eginda. Badute ezaugarri bereizgarri bat: bestelako jaiekin alderatuta, umore, parodia eta satira giroa sortzea dute helburu; bereziki, gizarte ordena urratu eta alderantzizkatzekoa.

Filmetako zein bestelako pertsonaia ospetsuz janztea ohitura bihurtu den garaiotan, bada trapu, maskara eta jostorratzak komunitatea osatzeko erabiltzen dituenik. Horien adibide da libertimendua. Antton Lukuk sortutako zirtzilen antzerkia, dantzariak eta bertsolariak bateratzen dituen ekintza. Ez baita ikuskizun hutsa: lausoa da ikusle eta parte hartzaileen muga.

Inauteriak mugikorrak dira egutegian. Urte batetik bestera, data aldatu egiten da, egutegi kristauaren arabera. Garizuma erreferentziatzat hartzen da, Pazko igandea baino 46 egun lehenago hasten baita, asteazkenez, inauteriak pasatu ondoren.

Pazko aurreko zazpigarren igandea da inauteri igandea, eta munduko zenbait tokitan Mardi Gras gisa ezaguna den asteartearen biharamuna da hauts eguna. Euskal Herriko zenbait lekutan, hurrengo asteburuan ospatzen dira inauteriak, Garizuma hasita dagoela, piñatako inauteriak izenez: Algortan (Bizkaia), Bilboko Santutxu auzoan, Donostiako Altzan eta Errenterian (Bizkaia). Lehenago ere ospatzen dutenak badaude: Zubietan eta Iturenen (Nafarroa), urtarrileko azkeneko igandearen osteko lehen astelehen eta asteartean ospatzen dira.

Libertimenduak hilabete iraungo du. Bihar hasiko da lehena, Lekornen (Lapurdi), eta Martxoaren 12an bukatuko da, Bunuzen (Nafarroa Beherea). Tartean izango dira Donostiako Añorgan otsailaren 18an, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) eta Iruñean 19an, Donapaleun (Nafarroa Beherea) 26an, Baigorrin (Nafarroa Beherea) martxoaren 5ean, eta Hazparnen (Lapurdi) 11n. Iruñekoak izen berezia hartu du. Lukuren libertitzeaz liburua oinarri gisa hartu zuten, eta Iruinkokoa sortu zuten 2019an.

Iruñean bosgarren aldia izango du Iruinkokoak, laugarrena Santa Ana plazan; izan ere, 2021ean telematikoki egin behar izan zuten inauteri euskalduna. Aurten, gainera, bazkaria itzuliko da.09:30ean aterako da karrika ingurua Zaldiko Maldikotik, eta asalduak egingo dituzte Mutikho Alaiak elkartean, Dormitaleriako Auzokideak-en, Dugunan eta Abazurza liburu dendan. 12:30ean izango da koko zurien eta koko beltzen Komo-munstra jokoa, Santa Ana plazan. Euria eginez gero, Mañuetako frontoian izango da, eta euskaldunen bazkaria Arrano elkartean egingo dute. 20 euroko prezioa dauka, eta Karrikiri dendan salgai daude txartelak.

Lehen libertimendua



Bihar, egun osoan, Lekornen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.