Udazkeneko tripontzia

Kalabaza barazki egokia da sasoi honetan jateko. Krema eginda jaten da batik bat Euskal Herrian, baina hamaika plater presta daitezke. Zapore handikoa da, digestioan laguntzen du, eta barneko haziak ere egokiak dira, adibidez, prostata arazoetarako eta hesteak garbitzeko.

Erditik zatitutako kalabaza baten irudia, intxaurrez inguratuta. DAVID SANTAOLALLA.
Iker Tubia.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan. Ipuinak borobiltzeko ez ezik, sabela betetzeko ere balio du kalabazak edo kuiak. Hegoaldean, norbaiti ezezkoa ematean ere kalabazak ematen ari zaizkio. Barazkiak, baina, ez du hutsik egiten: irailetik hasita, udazkeneko elikagai aproposa da eguneroko dietarako. Hala ere, askotan atzendu egiten da. Seguruenik, krematik harago hamaika plater prestatzeko balio duela ez ohartzeagatik.

Cucurbita generoko zenbait landareren fruitua da kuia, eta landare familia berekoak dira sandia, meloia, luzokerra edo kalabazina. Jateko ez ezik, tresnak egiteko edo dekoratzeko ere erabiltzen dira kalabazak; izan ere, 800 mota baino gehiago daude. Uda hondarrean jasotzen dira.

ZER MOTA DAUDE?

Euskal kalabaza eta cucurbita moschata ohikoak dira bertan. Euskal kalabazak luzeak izaten dira, zuzenak edo makurtuak, eta berde-hori kolorea dute. Cucurbita moschata euskal kalabaza baino txikiagoa da, kolore laranja bizia du, eta itxurarengatik kakahuete kalabaza deitzen dute. Biak kremak edo pureak egiteko erabiltzen dira normalean.

Konfitura kalabaza deitutakoa ere badago: xamurra, gozoa eta zukutsua da, eta aingeru-adatsak egiteko erabiltzen da. Kalabaza gozoa da iruditeria kolektiboan txertatuena, borobila, Kalabaza tripontzia marrazki bizidunetako filmean agertzen dena. Badira jateko erabiltzen ez diren kalabazak: edankuia, esaterako. Kuia mota hori hustu eta ardoa edo beste likido batzuk gordetzeko erabiltzen zen garai batean. Horiez gain, hamaika mota daude.

NOLAKOA DA?

Kalabazaren itxura eta testura ere aipagarriak dira. «Oso ondo onartzen da, oso gustuko dute adinekoek zein umeek», kontatu du Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistak. Kolore laranjak emozioetan eragina duela zehaztu du: «Kolore laranja erabiltzen da apetiturako, goxatzeko jateko momentu hori umeentzat, gaizki jaten dutenentzat edo apetiturik ez dutenentzat. Kolore laranja bizipoza da».

Eta, barnekoa ez ezik, kanpokoa ere aipatzekoa da. Izan ere, kalabazak azal gogorra du, eta horrek denbora gehiago irauteko aukera ematen dio. «Ez da izoztu beharrik; leku fresko batean edo kamera batean uzten baduzu, hilabete pila bat irauten du, eta oso ondo mantentzen da. Begira natura zelako argia den eta zelako opariak ematen dizkigun».

ZER ONURA DITU?

Nutrizionistak dio «gustura» jaten dela. Kalabazaren kolore laranjari erreparatu dio: «Koloreak esaten digu zer bitaminatan den aberatsa. Beta-karotenoak agertzen dira hor, A probitamina». Beraz, arterietarako eta erretinarako «oso-oso interesgarria» da barazki hau. «Potasio, kaltzio eta zuntz pila bat du; orduan, lagun ona da tentsiorako, bihotzeko arazoetarako eta giltzurruneko arazoetarako». Hala ere, bada nabarmen azpimarratu duen onura bat: digestioa laguntzen duela. «Testura oso-oso interesgarria du; urdaileko minak daudenean ere oso ondo jaten da».

Kalabazaren haragia ez ezik, barneko haziak edo pipak ere jaten dira. Horiek egunero erabili daitezke gehigarri moduan: barazki kremetan, entsaladatan, haurren askarietan... Bi onura nagusi aipatu daitezke. Lehenbizikoa, prostata dutenentzat: «Prostata, puxika, puztu egiten da, joera hori izaten du, eta haziek antiinflamatorio lana egiten dute», esan du nutrizionistak. Horregatik, gizonezkoen eta mutil gazteen elikaduran arreta jartzen ari direla nabarmendu du. Horretaz gainera, bizioen kontra ere erabilgarriak dira: « Kalabaza bermifugoa da: pipak hesteetako zizara horiek gelditu egiten ditu, eta egiten digu garbiketa, hesteetako osasuna babestuz».

NOLA JAN?

Kalabazak hamaika aukera ematen ditu, baina, normalki, ikuspegi nahiko murritza izaten da barazki honekiko. Koldo Garcia Iruñeko Geltoki jatetxeko sukaldariak onartu du Euskal Herrian batez ere kremak egiteko erabiltzen dela kalabaza, baita porru patatan botatzeko ere. Italian, adibidez, gehiago erabiltzen dutela azaldu du. «Italian oso ohikoa da rissotoa egitea kalabazarekin, adibidez».

Ideia batzuk eman ditu: «Frijituki bat egin daiteke, eta frijitukiak plater askotan erabili daitezke. Erretzea ere badago; adibidez, postre bezala jaten da leku askotan, erreta eta azukrearekin». Diaz de Monasteriogurenek ere eman ditu ideia batzuk: «Kreman, testura polita uzten du, eta beste barazki batzuekin nahastuta oso ondo geratzen da, baina egin daiteke tiratan, patatak zuritzeko tresna bat hartuta, edo xaflatan. Eta erabili daiteke marmeladak egiteko, kalabaza pastela egin daiteke...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.