Iosu Osteriz. EAE-ANV eta HBko militante historikoa

«Bihotzetik borrokatu ginen frankismoaren aurka»

EAE-ANVn hasi zen militatzen, frankismo garaian, eta Venezuelara erbesteratu zenean erresistentzia politikoan jarraitu zuen. Osteriz Iruñeko lehenbiziko udalbatza demokratikoko kidea izan zen HBrekin.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Iruñeko etxean hiru bandera ditu Iosu Osterizek (Iruñea, 1935), bere bizitoki eta jarduera politikoaren isla: Venezuelakoa, Kubakoa eta ikurrina. Che Guevararen esaldi bat du erdian. Bere lan politikoa ez da erraza izan, baina galdera askoren aurretik, irri egin du, bere garaiko gertaerak eta oroitzapenak burura etortzearekin batera. EAE-ANV eta HBn militatzeaz gainera, Euskara Kultur Elkargoan ere lan egin izan du.

Amatxi Iruñeko Uhartekoa zuen, euskalduna. Baina emaztearekin ikasi zuen, batik bat. Antzematen zaio, bizkaieraz ateratzen zaizkio hitz asko. Elkarrizketa, baina, nahiago izan du gazteleraz egin, hobeki moldatzen baita horrela.

1936ko gerra hasi baino urtebete lehenago sortu zinen, Iruñean. Nolakoa zen hiria?

Oso gaztea izanda, oroitzapenak nahastu egiten dira pixka bat, baina badakit altxamendu faxistaren bezperan, San Frantzisko plazan nengoela —han bizi ginen—, eta gogoan dut oraindik isiltasun horrek sortzen zuen inpresioa. Ez zegoen inor kalean. Gogoan dut beldurra. [Ignacio] San Pedro Iruñeko sendategiko administratzailea eta zinegotzi izandakoa gurdi batean zeramatela, hortik behera bota zuen bere burua Geltokiaren aldapan. Belauniko jarri zen, eta esan zuen: «Ez nazazue hil, nire seme-alabengatik». Baina, tiroketan hil zuten. Osabak ikusi zuen, eta hori gogoan dut.

Ezkabako gotorlekua ongi ezagutzen duzu.

Idazki bat jaso genuen laguntza eske, esanez Martiniano Martinez preso zegoela Ezkabako gotorlekuan. Ni amarekin joaten nintzen, furgonetatik biltzen genituen zorriak zituzten arropak garbitzeko, eta gero arropa garbia eta janaria eramaten genuen. Martinez bizkartzaina zen Errepublikako lehendakaritzan. Gogoan dut soldadu errepublikanoa askatu zuten eguna. Harrera egitera joan ginen, gotorlekura. Etxera joateko, billabesa hartu genuen. Noski, uniforme errepublikanoarekin jantzita igo zen, eta jendea harriturik zegoen. Beti izan genuen errepresaliatu eta jazarritakoak laguntzeko jarrera.

EAE-ANVn hasi zinen militantzian. Zerk bultzatu zintuen?

Lehenbizi, gerran zegoen Europa hartan, nazi eta faxismoaren aurkako sentimendu batek. Guk gauero Londresko BBC aditzen genuen, eta Radio Paris. Erbestean zegoen James Masterton [Alberto Onaindia Zuluaga] apaiz katolikoak gauero hitz egiten zuen. Solasaldi horiek entzuten genituen. Salvador de Madariagaren kronika politikoak ere baziren. Etxetik ere heldu zen gogoa. Gerra zibilaren ondoren, erabateko isiltasuna egin zen, baina ez soilik galtzaileen artean, baita irabazleen artean ere. Isiltasuna egin zen, gure etxean izan ezik; politikaz atertu gabe hitz egiten zen.

Erbestera joan aurretik, zein lan egiten zenuen Iruñean?

Muga pasatzeko bide klandestinoko paketeak biltzea, bestaldean ziren pertsonekin harremanetan jartzea, inprenta klandestinoa muntatzea eta hortik ateratzen zena zabaltzea.

Ziudadelan zegoen inprenta.

Militarren eremuaren barnean! Seguruago ezinezkoa zen. Orduan genuen inprenta vietnamdar klasikoa, baina guk egina. Hori zen panfletoak eta prentsa klandestinoa argitaratzeko tokia. Bihotzetik borrokatu ginen frankismoaren aurka.

Carta a Iruña eta Desde la plaza del Castillo idazten zenituen Tierra Vasca argitalpenean. Zein helburu eta zabalpen zuten?

Iruñean badakit EAJren inguruko jendearen bilera klandestinoetan horri buruz hitz egiten zela, Marceliano etxean. Han bilera toki bat zuten. Baionara joaten ginenean ekitaldiren batera ere, gaia ateratzen zen. Helburuari dagokionez, propaganda elementu bat ziren. Tierra Vasca barnealdean banatzen zen. Eibarren eta Arrasaten bagenuen foku interesgarri bat.

Arazorik izan zenuen Venezuelara joan aurretik?

Ongi konpondu ginen, zortea izan nuen propaganda klandestinoa zuten paketeen kontuekin. Propaganda eta propaganda baino gehiago ziren gauzak genituen toki ezkutu batean sartu ziren behin. Militar talde bat han bildu zen, eta, Kanaria Uharteetan lehorreratuta legez, III. Errepublika aldarrikatzea pentsatu zuten. Horiek korrespondentzia bidaltzen zidaten Nafarroako Kreditu Bankura. Poliziak bertan behera utzi zuen. Egoera handik eta hemendik zaila egin zen. Gainera, lan aukera bat izan nuen Venezuelan.

Erbestean lan politikoarekin jarraitu zenuen.

Bai. Erresistentzia euskaldunaz gainera, izan zen beste bat: komunista. Baita anarkistak ere. Behin ETA militarrarengana joan ziren esanez Franco hil nahi zutela, eta ea armak pasatuko zizkieten. «Noski», erantzun zieten.

Norekin zenuten harreman handiagoa?

EAJrekin harreman ona genuen, baziren erbeste errepublikano espainiarreko taldeak Espainiako Etxean. Lehenbiziko urteetan komunisten esku zegoen, baina anarkistek kolpea eman, eta harekin geratu ziren. Komunistek irrati bat zuten: Libertad para España. Hori zen ekintza talde nagusia. Eleberri handi bat idatz zitekeen erbeste harekin.

Zuek ere bazenuten beste emisio bat: Radio Euskadik Venezuelatik emititzen zuen.

J.J. Azurza telekomunikazioetako ingeniariak esan zuen Venezuelako oihanean irrati bat muntatu zitekeela Euskadiko lurraldera ailega zitekeena. Egin zuten, eta ongi ailegatzen zen. Radio Euskadiren bigarren edizioa zen, lehenbizikoa Mugerren zegoelako. «Hemen Eusko Irratia, eusko borrokalarien deia», zioten. Frantziako gobernu sozialistak emisioak debekatu zituen, eta orduan hasi ginen Venezuelan. Lehen erreferentzia CIArena izan zen. Esaten zuten propaganda komunistarako emisio bat zela.

Zuk zer egiten zenuen?

Tierra Vasca argitalpenean ohiko kolaboratzaile nintzenez, material iturria nintzen Radio Euskadirendako. Nik erresistentzia zen guziarekin bat egiten nuen. Beti kontaktuan nintzen halako irratiekin.

ANVren historia ezkutuaz idatzi zenuen 2005ean. Horrek zer esan nahi du, ez zaiola aitortu egindakoa?

Hori da gertatu dena. Alde batetik, eremu abertzalean alderdi hegemoniko bat zegoelako, EAJ. Gero, EAEren eragina Caracasko inguru abertzaleetan... alderditxoa deitzen gintuzten, «bilerak taxi batean egiten zituena». Noski, eremu abertzalean disidentzia ginen, gutxiengo aukera zen. Ezin da ahantzi EAJk bazuela nazioarteko demokrazia kristauaren babesa, eta ez da gutxi. EAEk ez. Gonzalo Narriz Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak internazional liberalari idatzi zion nazioarteko adar bati eusteko, nahiz eta gertuago ginen sozialistengandik edo filokomunistengandik.

Gero ETAk hartzen du pisua?

Bai, ETAk erantzun zion noraez historikoari, eta logikoa den gisan, ETAren bi adarren alde egin zen: miliak eta polimiliak.

EAE indarkeriaren eta gerraren aurka zegoen, baina hori ez da erraza indarkeria egoeretan.

Erlatiboa da. Eraso baten eta EAEk nahi ez zuen indarkeria egoera baten aurka, jendea frankismoaren eta bere aldekoen aurka borrokatu zen. Egoerak behartu gintuen. Villarrealgo batailan 200 hildakotik gora izan genituen. Gero, espresio militarra ETArena da, baina EAEko jendea ere bazegoen hor. Politikan denak ditu bere ñabardurak.

Orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legez kanpo dago. Nola ikusten duzu?

Gehiago esan beharrik ez dago.

Venezuelatik itzuli, eta giroa ez zegoen erabat lasai.

Elkarrizketa batean esaldi hau bota nuen: «Euskal nazionalismoaren helburua euskal estatu bat sortzea da». Trantsizio deitu zuten horretan ginen. Ondoko egunean, poliziak argitalpena kiosko guzietatik kendu zuen. Esan zidaten: «Bihar, Donibane Lohizunera». Baina ezetz esan nuen, aski zela. Amnistia etorri zen ondoren.

Iruñeko Udalean hasi zinen HBrekin. Orduan zinegotzien arteko giroa oso ona zela esaten zenuten. Gaur egun makurragoa da orduan baino?

Udaletik kanpo nago, baina pentsatzen dut gaur egun harremanak ez direla hain adiskide artekoak, politika bajera delako. Hala banatzen dira: etsaiak, oso etsaiak, erabateko etsaiak eta alderdikideak. Diktadura desagertu zela eta, giro ona eta adiskidetasuna zegoen. Gaur egun, ez dut hori ikusten.

Tentsio handia ere egonen zen, indarkeria asko zegoen: errepresioa, faxistak, atentatuak...

Bai, noski. Hori hala moduz eramaten genuen. Dena den, beti zegoen adiskidetze eta elkarrekiko begirune hori. Ni saiatu nintzen modu inpartzialean jokatzen, eta baditut nafar eskuinaren kartak nire laguntza eskertuz.

Bigarren indarra zineten, baina alkatetza PSNri eman zenioten. Horrek tentsioa sortu zuen.

Negar eta negar-zotin artean Patxi Zabaletak bildu gintuen, eta esan zigun: «Hemendik atera, eta Julian Balduzi botoa emanen diogu». Prentsan kritikatu zen alderdi espainolista bati botoa eman izana. Nire ustez, erabakia zuzena izan zen, garai zail horietan agerian utzi zelako egon zitekeela aldaketarako perspektiba bat. Orain antzeko egoera bat dago, eta alderdi sozialista bazterrean geratu da, egin dituen hamaika akatsen ondorioz.

Atxilotu ere egin zintuzten, HBko beste batzuekin batera.

ETAren atentatu baten ondoren atxilotu ninduten. Gau hartan sarekada egin zuten. Gure fitxetan jartzen zuen: talde terroristak. ETA militarra. Egoera horretan ginen. Ez zen horrela. Izan zaitezke Herri Batasunakoa, edo ETAkoa ideologiari dagokionez, gauza bat adierazpen politikoa da, eta bestea borroka armatua.

Instituzioetan parte hartu edo ez parte hartzeko eztabaida izan zen. Nola ikusten duzu orain?

Beti dago zentzuzko zalantza bat, baina onena gertatzen dena dela esaten da. Sartrerekin geratzen naiz ni. Berak zioen zazpi urtetik behin gertakariak aldatzen direla.

Zergatik utzi zenuen HB?

Indarkeriak hartu bidearengatik. Batzuek egiten ditugun analisi politikoen arabera, ikus zitekeen horrek aterabide zaila zuela eta karta politikoa jokatu behar zela. Baina ez dakit, inork ez du egia osoa, ez dago Sinaiko xaflarik.

Bat ez etortze horrek bultzatu zintuen Adiskidetzerako Foroan parte hartzera? Horrelako foro bat beharrezkoa zen?

Tira, ez zuen molestatzen. Foro bat zen, gertu egon nahi genuen. Bideak ikertu behar dira. Saio bat izan zen, baina ez da papera baizik izan, hori da egia. Ongi irudituz gero, sinatu, eta listo.

Nola ikusten duzu elkarbizitzaren gaia Iruñean?

Tentsioak baretu dira pixka bat, eta nahiko nuke Azañak gerra zibila hastean esan zuena gogoratu: «gorrotoak berpizten direnean eta guda hotsak aditzen direnean, irudi bat izan dezagun buruan: bakea, errukia eta barkamena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.