Oporren aurreko etxeko lanak

Negua ez da amaitu, baina udako oporretan pentsatzen hasi da jendea, baita horiek antolatzen ere. Erabaki asko hartu behar dira: egun kopurua, helmuga, garraioa, ostatua... Aukerak ere askotarikoak dira; horregatik, denboraz ibiltzea eta bidaia aurrez prestatzea komeni da.

Eskibel Esnaola familia. Hamaika etxe truke egin ditu sendiak; tartean, Herbeheretan. JOSU ESKIBEL.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Mendia ala hondartza; hegazkinez ala bizikletaz; hotela ala kanpadenda... Kolore askotako bidaiak egiten ditu jendeak udako oporretan. Lauzpabost hilabete falta dira oraindik horiek iristeko, baina egutegian eta mapan markatua dute hainbatek oporraldia eta helmuga. Jarraian, bidaia bat antolatzerakoan kontuan hartu beharreko zenbait gomendio:

HEGALDIA

«Lehen, azken orduko maukak egoten ziren; orain, ez. Hobe da lehenago hartzea», adierazi du Begoña Lujanbio Hernani Bidaiak agentziako zuzendariak. Bat dator Ordiziako (Gipuzkoa) Florida Caribe bidaia agentziako Juan Jauregi ere: «Komeni da aurrerapenarekin hartzea. Egun, tarifak konstantzia handiarekin igotzen dira». Hori bai, data jakitea ezinbestekoa da, Lujanbioren hitzetan: «Ziur jakin behar da; bestela, edozein aldaketa egitean, konpainiek gastuak kobratzen dituzte».

Hegaldi erregularrak urtebete lehenago har daitezkeela azaldu du Lujanbiok; alta, konpainiek udarako eskaintza bereziak ere egiten dituzte: «Udarako hegaldi bereziak izaten dira, zuzenekoak. Horiek ere gero eta lehenago jakiten ditugu». Aurten, esaterako, Bilbotik Krakoviara (Polonia) jarri dute; urtarrilean jakin dute.

Hegazkin konpainiek kanpainak ere egiten dituzte: «Hegaldi bateko eserleku batzuk merkeago jartzen dituzte; esaterako, 200 badaude, hamar jartzen dituzte. Horiek betetzean, prezioa igo egingo da». Halaber, konexio onari ere erreparatu behar zaio: «Eskala oso justuek arazoak ematen dituzte; hiru ordu ingurukoa da egokiena». Atzerapenen kasuan, berriz, informatuta egotea da gakoa, Jauregiren arabera: «Momentu oro kontsultak egin behar dira aire konpainiekin».

Hegaldiaren asegurua ere hartzea komeni da, Lujanbiok esan duenez: «Nahikoa da bezperan erori eta haustura bat egitea, joan ezinik geratzeko». Horregatik, seguruaren baldintzak ondo begiratu behar direla azpimarratu du.

OSTATUA

Hotelak, hostalak, aterpetxeak, kanpinak... ordainpeko ostatua hartzeko aukera zabala dago. Horiek ere lotzen dituzte bidaia agentziek; hotelak eta hostalak, nagusiki. Eta, hegaldiak nola, garaiz erreserbatzea komeni dela azaldu dute Hernani eta Florida Caribeko kideek.

Aldagai askok eragiten dute hotel bat ala bestea aukeratzerakoan; Jauregik hostalaren eremuari ematen dio garrantzia. Lujanbiorentzat, haren ezaugarriak eta estiloa ere kontuan hartu behar dira. Eta ondo komunikatuta egotea beharrezkoa da.

Hotela edo hostala nahi ez duenak badu kanpinaren aukera ere. Arbizuko (Nafarroa) kanpin ekologikoa kudeatzen du Jesus Mari Reparazek; haren iritziz, familientzako aukera egokia da kanpina: «Mundu guztiarentzat da aproposa, baina batez ere umeak dituzten familia gazteentzat».

Askotariko etxolak, kanpaldi librerako tokia eta furgoneta eta karabanentzako guneak dituzte Arbizun. Reparazen iritziz, kanpinak guztiak elkartzea ahalbidetzen du. Hoteletan baino askatasun handiagoa ere bada: «Hoteletan, ordutegi batera lotuta zaude. Kanpin batean, gaueko isiltasun hori errespetatuz gero, zure esku dago nola antolatu».

KARABANAK

«Nahi duzun tokira hel zaitezke; gaur hondartza baten ondoan lo egin dezakezu, eta bihar mendi aldean». Etxea aldean hartuta joaten dira batzuk oporretara, gurpilen gainean: furgonetan, karabanan edo autokarabanan. Gertutik ezagutzen ditu guztiak Ainara Etxarte Itsas Mendi Karabanak enpresako langileak.

Etxea aldean eramanagatik, ezberdinak dira karabanak eta autokarabanak. Etxartek esan duenez, lehen karabanak ziren nagusi; orain, aldiz, autokarabanak eta furgonetak.«Pentsatzen dugu karabana baino hobea dela autokarabana edo furgoneta. Baina gero ez diogu beharko lukeen erabilera ematen». Esan du karabana egokiagoa dela kanpinean egon eta turismoa egin nahi duenarentzat; eta autoz joan daitekeen toki askotara ezin dela autokarabanarekiniritsi.

Ibilgailuok ahalbidetzen duten askatasuna azpimarratu du Itsas Mendikoak: «Askatasuna ematen dizu; naturaz gozatzeko aukera polita da, baita hiriak ezagutzeko ere». Norberaren gauzekin bidaiatzeko aukera ere ematen du: «Zure gauzak eramaten dituzu: arropak, jostailuak, janaria...». Haatik, herrialde bakoitzeko arauak kontuan izan behar dira: «Markatutako eremuak errespetatu behar dira, baita haietako arauak ere».

Ezustekoak ere izaten dira noizbehinka bidean, matxurak eta halakoak. «Egun bateko matxura bat bada, aseguruak hotela ordaintzen dizu, eta bidaiarekin jarrai dezakezu. Baina istripu edo matxura handi samar bat izanez gero, itzuli egin behar duzu». Etxartek argitu duenez, auto bat uzten du aseguru etxeak autokarabanaren ordez.

AUTO ALOKATUA

Herrialde bat ezagutzeko gakoa mugitzea da. Horretarako, autoa alokatzen dute batzuek. Hegazkinekin eta ostatuekin bezala, aurrez alokatzeko aholkatu du Lujanbiok: «Erosotasuna ematen dizu; badakizu aurretik zenbat kobratuko dizuten».

Dena den, garrantzitsua da zenbakiak eta letra txikiak ondo irakurtzea, Lujanbiok esan duenez: «Prezioa bai, baina zer sartzen den begiratu behar da: gasolina barruan dagoen, istripua izanez gero zer sartzen den, berme gisa zenbat diru blokeatuko dizuten...». Autoari ez ezik, herrialdeko araudiari ere erreparatu behar zaiola gogoratu du Jauregik: «Joango garen herrialdean nazioarteko gidabaimena eskatzen ote duten jakin behar da».

ETXE TRUKEA

Belgika. Erabakia dute aurtengo helmuga Marijo Esnaolak, Josu Eskibelek eta haien semeek. Herrialdea ez ezik, etxea ere badute: hango familia batekin trukatuko dute Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) etxea, euren bizitokia. 2012an egin zuten lehenengo trukea. Gogoan du Esnaolak: «Jendeak etxe aldaketak egiten zuela jakin nuen; Josuri esan nion, eta ezetz esan zidan: 'Nola sartuko da gure etxera beste familia bat?'. Konbentzitu egin nuen azkenean».

Intervac Home webgunearen bidez egiten dute. Norberaren eta etxearen deskribapenak eta argazkiak jartzen dira. Bidaiatu nahi den garaia eta tokia zehaztean —nahi bada—, interesa dutenak harremanetan jartzen dira. Garaiz ibiltzea komeni dela esan du Esnaolak: «Herrialdearen araberakoa da, baina Gabonetarako lotuta egoten dira asko».

«Bestela egin ezin ditzakezun bidaiak egin daitezke trukearekin, ostatuaren kostua aurrezten baituzu», adierazi du Eskibelek. Islandia jarri du adibide modura. Eta, etxea ez ezik, autoa uzteko aukera ere badagoela gehitu, baita jostailuak, arropak eta bestelakoak ere.

Trukatzaileen artean sortzen den harremana nabarmendu du bikoteak, aurrez aurre beti ezagutu ez dituzten arren: «Haien ohiturak ezagutzeko beste modu bat da. Harremana agentzietan baino pertsonalagoa da». Haietako batzuekin egindako otorduak aipatu dituzte.

Zazpi urteren buruan, trukeak ondo joateko gakoak ikasi ditufamiliak. Honako hau da arau nagusia: «Etxea txukun utzi behar da, nola norberarena, hala besteena ere». Badira norbere etxean utzi beharreko zenbait gauza ere, hala nola lehenengo egunetarako janaria, bertako ohiko produkturen bat, herriari buruzko oinarrizko kontuak, inguruan egin dezaketenari buruzko informazioa, armairu bat hutsik eta gertuko norbaiten kontaktua.

OHEA MUSU TRUK

Beste batzuek etxean lotarako tokia egiten diete bidaiariei, doan. Interneteko Couchsurfing plataformaren bidez eskaintzen eta eskatzen dute lolekua bidaiariek. Joana Duhaldek biak egin ditu: «Lagunekin bidaia bat egin nuen Latinoamerikara, eta haiekin hasi nintzen». Perun, Hungarian eta Kroazian egon da horrela.

«Bertako jendearekin harremana ukaitea eta haien errealitatea ezagutzea beti interesgarria da», azaldu du Duhaldek. Eta bidaiariak etxean jasotzea ere aberasgarria da: «Interesgarria da mundu osotik datorren jendearekin egotea etxetik mugitu gabe». Azkenaldian, bidaiatu baino gehiago, jendea etxean jasotzen duela azaldu du, Lakarran (Nafarroa Beherea). «Donejakue bide ondoan bizi naizenez, udan bereziki oinezko bidaiari askoren galdeak ukaiten ditugu».

Duhalderen iritziz, turismo guneetatik kanpoko txokoak ezagutzea ahalbidetzen du horrela bidaiatzeak, baita herria barnetik ezagutzea ere. Baina ezinbestekoa da irekita egotea: «Planak aldatzeko prest izan behar da. Topaketa bat denez, bertakoek proposatzen ahal dizute mendira joatea, edo gaualdi batera».

Lolekua hautatzerakoan, iruzkinei erreparatu behar zaiela azaldu du: «Arriskuak ahal bezainbat saihesteko, jadanik iruzkin positiboak dituzten pertsonengana jotzea hobetsi behar da». Etxeari baino gehiago, jendeari erreparatzen dio: «Lehentasuna ematen diot jendeari. Azkenean, sofa batekin nahikoa da gau bat edo bi pasatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.