Juan Jose Agirre. Beneditarra eta Lazkaoko dokumentazio guneko artxibozaina

«Panfleto eta afixak altxorrak dira: gure herriaren historia kontatzen dute»

Juan Jose Agirre fraideak 90 urte beteko ditu ekainaren 8an. Mende erdia darama Lazkaoko beneditarren artxiboan lanean, Euskal Herriko historia garaikidearen kontakizuna josten.

GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Memoria bisual ona» duela dio Juan Jose Agirre beneditar eta Lazkaoko dokumentazio guneko arduradunak (Alegia, Gipuzkoa, 1930). Agian horregatik azaltzen ditu xehetasun osoz 1930eko, 1940ko eta 1950eko hamarkadetako pasadizoak: berdin baserri giroko haurtzaroa, beneditarren komentuan emandako eskola urteak eta Lazkaon era klandestinoan artxibatutako historia zatiak. Izan ere, artxibozaina baino gehiago izan da Agirre urte hauetan guztietan. Herririk herri paskinak, aldizkariak eta pegatinak bilduta, Euskal Herriko historia garaikidearen kronistarik arretatsuena ere izan da.

1930ean jaio zinen. Horrek esan nahi du mutil koskorra zinela 36ko gerra piztu zenean.

Bai, gogoan dut nola sartu ziren frankistak Nafarroatik, Donostia hartu behar zutela eta. Ni Alegiakoa naiz, eta akordatzen naiz menditik behera nola jaisten ziren, tiroak jotzen. Gure ama baserrian zegoen. Hara igo, eta orduan aditu genituen tiro hotsak. Altzotik [Gipuzkoa] zetozen. Tiroak entzuten genituen, eta ez genekien zer ari zen gertatzen. Nik memoria bisual ona daukat, gainera, eta ederki akordatzen naiz erreketeak eta horiek guztiak kalean ere ikusi genituela.

Kalean desfilatzen?

Bai, bai. Gurasoek ez dakit zer pentsatuko zuten, baina guretzat, behintzat, erdi festa zen hura. Umeak ginen. Handik urtebetera, 1937an, herrian agertzen zirelarik, hara joaten ginen gu ere, militarren atzetik. Erdaraz egiten zuten dena, eta guk ez genuen txintik ere entenditzen. Esaten ziguten «Viva España!», eta guk ideiarik ere ez genuen zertaz ari ziren. Orain badakit, baina garai hartan, ez. Gero «Arriba España!» oihukatzen zuten, eta guk, «Arriba» esan beharrean, «Viva» errepikatzen genuen. Militarrak haserretu egiten zitzaizkigun: «¡No, no!¡Así no!». Orduan ikasi nituen hitz horiek.

Gerra amaituta, komentuan sartu zinen. Zer adinekin?

1943. urtea zen; beraz, 13 urterekin, eskola amaituta. Nik egin nuen Humanidades Clásicas esaten geniona [giza zientzia klasikoak]: bi urtez Filosofia eta lau urtez Teologia. Azkeneko urtean, Belokeko komentura [Lapurdi] joan nintzen. Teologia bukatu, eta Baionan apaiztu nintzen.

Irakasle ere izan zinen Lazkaon.

Irakasle laguntzaile moduan hasi nintzen. Ez nuen horretarako formakuntzarik, baina beharra zegoen. Hortaz, urteak joan, urteak etorri, neure burua prestatu behar izan nuen: irakurri, ikastaroetara joan, pedagogia bereziei buruz ikasi... Azkenean, hamalau urte egin nituen irakaskuntzan, eta ikasgai guztietatik pasatu nintzen. Fisika, kimika eta horiek denak ikasi behar izaten nituen, gero nik neuk eskolak emateko. Beharrak bultzatu ninduen.

Gaztelaniaz ematen zenituzten eskolak, noski...

Erabat. Batxilergoa ematen hasi ginenean, programa bat ezarri ziguten, eta hari segitu behar izaten genion, nahi ala nahi ez. Urtero erosi beharreko testuliburuak ere aholkatzen zizkiguten; eta, jakina, hori guztia erdara hutsean zegoen. Gu, dena den, pixkanaka hasi ginen euskal kultura ere erakusten, euskaraz. Baina eskola orduetatik aparte, geure kabuz, debekatuta zegoelako.

Nola heldu zinen liburutegiko arduradun izatera?

1968an erabaki genuen Batxilergoko lerroa ixtea eta beste lan batzuk egiten hastea: baratzea handitu genuen, oilategia jarri, koadernatze tailerra zabaldu... Fraideetako batek hala bota zuen: «Beste komentu batzuetan badituzte liburutegi inportanteak, eta gurea abandonatuta daukagu». Inork ez zuen lan hura hartu nahi, eta neure burua eskaini nuen, baldintza bakarra jarrita: liburuzaintzaz zer edo zer ikasi behar nuela lehenbizi. Liburu bat zer zen ere ez nekien eta! Bartzelonara bidali ninduten ikastera.

Zer ikasi zenuen han?

Montserrateko monasterioan ikasi nituen liburuzaintza eta artxibozaintza, baina, batez ere, ikasi nuen balioa ematen artxibatutako ondareari. Han bazituzten frankismo garaian ateratako hainbat eta hainbat argitalpen txiki. Dena zegoen debekatua, noski. Izenburuan komunismo edo errepublika hitzak ageri baziren, debekatuta. Zortzi bat orriko aldizkari batzuk ere aurkitu nituen han, Euskal Heriari buruzkoak. Txiki-txikiak eta paper fin-finean inprimatuta zeuden, eta Euzko Deya zuten izenburua. Montserraten hori dena isilpean gordetzen zutela ikustea berebiziko aurkikuntza izan zen niretzat. Hurrengo egunetan, buruari eragiten hasi nintzaion: Euskal Herrian ere dozenaka paper txiki eta pegatina pasatzen ziren gure eskuetatik, eta inor ez zen arduratzen horiek biltzeaz. Ideia Lazkaora eramatea bururatu zitzaidan.

Horrek isilka aritzea eskatzen zuen, ezta?

Bai, jendeak, beldurragatik, zenbait dokumentu ez zituen gordetzen, eta eskutik eskura pasatzen zituzten. Zutabe-ak, adibidez. Etxe barrukoak ziren horiek. Inor ez zen ausartzen gordetzera. Afixekin eta pegatinekin ere, gauza bera. Jendea ez zegoen ohituta horiek biltzera, garai hartan debekatuta zegoelako. Horregatik hasi behar izan nuen batzuei eta besteei galdezka: «Aizu, non gorde genituen papertxo horiek?».

Lan handiegia izanen zen, hala ere, pertsona bakarrarendako...

Erabaki nuen gure ikasle izandako batzuengana jotzea: kalean ikusten zituzten paskin eta papertxo guztiak bildu, eta niri ekartzeko eskatu nien. Aurpegi arraroa jarri zidaten. Ez ziren, ez, konforme gelditu. «Hori zertarako?», pentsatuko zuten. Pixkanaka, beste askorengana ere jo nuen: ezagunak, senideak, erbestean bizi ziren euskaldunak, munduko euskal etxeak... Orain harrituta daude denak, papertxo horiek hartu duten balioa ikusita.

Laguntza horri esker, bilduma ederra zenuten Lazkaon, ezta?

Panfleto eta kartelak altxor handia dira, bai. Gure herriaren historia konta daiteke horiekin. Frankismo garaian atzerrira alde egindakoek idatzitako aldizkari, liburu eta bestelako agiriekin, adibidez. Frantzian, Venezuelan, Argentinan, Txilen, Mexikon... Euskaldun askok erbestetik idazten zituzten Euskal Herriari buruzkoak, eta, kostata, baina horietako asko biltzea lortu nuen. Gerora, kartelak ere biltzen hasi nintzen. Frankismo garaian debekatuta zeuden izaera politikokoak. Txistularienak eta erromerietakoak, horiek ziren baimenduta zeuden bakarrak, baina, tarteka, kartel politikoren bat edo beste ere topatzen genuen. 1975. urtean, Franco hil eta gero, barra-barra hasi ziren agertzen. Gaur egun, artxiboan 80.000 inguru izango ditugu.

Inurri lan izugarria zurea.

Hala da, bai. Orain, horiek guztiak badaude digitalizatuta, eta Internet bidez ikusi eta zabaldu daitezke, baina jatorrizkoak nik bildutakoak dira. Izugarrizko lana izan zen, eta ez nuen halakorik lortuko jendearen laguntzari esker izan ez balitz. Batzuetan, nik eskatu gabe ere bidaltzen zizkidaten gauzak.

Espainiako justiziarekin arazorik izan zenuen inoiz?

Bai, bai, askotan! [Barrez]. Behin, Belokeko komentutik bueltan, autoan neramatzan agiri eta liburu guztiak kendu zizkidaten Biriatuko mugan. Zenbait kutxa ziren, eta denak, konfiskatuta. Aduanetako arduradunarengana jo nuen, helegitea jartzeko. Ez zen nolanahiko arduradun bat, e! Koronela-edo izango zen... izen handiko norbait. Handik astebetera itzultzeko esan zidan. Hura izan zen aste luzea! Aste osoan ez nuen lorik hartu ere egin, beldurraren beldurrez. Zorionez, material guztia itzuli zidaten, eta eskerrak, gauza inportanteak baineramatzan hor. Euskaltegietako dokumentuak eta halakoak.

2005ean, Guardia Zibilak atxilo hartu zintuen ETArekin lotura zenuelakoan, eta, handik gutxira, aske utzi. Zer gertatu zen?

Artxiboan gordeta daukat Garzon epailearen gutuna, eta bisita gidatuak egiten ditugunean, etortzen direnei esaten diet argazkiko guardia zibil horiek nire lagunak direla [barrez]. Tira, egiaz, izugarrizko istilua izan zen hura, eta beldur handia pasatu nuen. Komentura etorri ziren, epailearen agindua erakutsi, eta sinatu behar izan nuen. Aginduan jartzen zuen ni atxilotu eta inkomunikatu behar nindutela, eta artxiboan erregistroa egin. Goitik behera miatu zuten dena: artxiboa, liburutegia, nire logela... dena. Azkenean ez ninduten eraman Madrilera, baina galdeketa zorrotza egin zidaten. Oso gogorra. Zerbait galdetu, eta, ongi akordatzen ez banintzen, estutu egiten ninduten: «Bai ala ez? Erantzun!». Baietz erantzuten banuen, gaizki; ezetz esaten banuen, okerrago.

Jakin al zenuen zergatik azaldu zen zure izena operazio hartan?

Oraindik ez dut oso argi, egia esan. Frantziako epaile baten kontua izan omen zen, Levert epailearena. Belokeko komentuan, nire izena zeraman paketeren bat edo agiriren bat topatuko zuten, seguruenik, eta horregatik esan zioten Garzoni esku hartzeko. Uste dut, dena den, kalte baino gehiago, mesede egin zigutela, kontu horrek oihartzun handia izan zuelako. Mundu osoan zabaldu zen, eta bazter guztietatik jaso nituen telefono deiak eta maitasun keinuak.

Azken urteetan Lazkaoko beneditarren artxiboa fundazio bihurtu da. Zergatik?

Mundu osoan dagoen bokazio falta eta komentu guztiak krisian daudela ikusita, pentsatzen hasi ginen: zer gertatuko da honekin guztiarekin, gu desagertzen bagara? Noren eskuetan geldituko da? Hortaz, Gipuzkoako Diputazioarekin harremanetan hasi ginen, gure artxiboaren eta liburutegiaren ardura hartzeko. Orduan erabaki genuen fundazio bat egitea. Beneditarrak hemen gauden bitartean, gure ardura izango da, baina inoiz desagertzen bagara, diputazioaren esku geldituko dira funtsak. Orain langileak ere baditugu, eta eurek egiten dute lan gehiena. Nire adinean ezin naiz ibili garai batean bezala, kartelak eta argazkiak handik eta hemendik hartzen, baina egunero-egunero etortzen naiz lanera.

Euskal Herriko historiaren kronikari bihurtu zara. Harro al zaude egindakoaz?

Oso harro. Ikusten dudanean artxibategira etortzen direla hainbat eta hainbat ikasle, eta askok doktoretza egiten dutela hemen dauden agiriei esker, poz handia ematen dit. Konturatzen naiz zerbaitetarako balio izan duela bizitza osoko lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.