Albistea entzun

Zentzua duten akatsak

BERRIAko kazetariek tarteka laprast egiten dute egunero-egunero idazten dituzten milaka hizki eta hitzetan. Baina, batzuetan, akatsak eta deskuiduak izanda ere, okerreko hitz horiek esanahi propioa izaten dute: adierazkorragoa, gordinagoa, umoretsua, poetikoa... 'Hiztripuak' dira.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko azaroak 25

Kazetariaren behatzak bizi-bizi jotzen ari dira ordenagailuaren teklak. Tak-tak-tak-tak-tak. Buruan jositako ideiak eta esaldiak idazteko agindua berehala iristen da behatzetara, aldi berean ia. Tarteka, ordea, buruak gauza bat pentsatzen eta agintzen du, eta behatzek beste bat idazten dute. Tak-tak-tok-tok-tak. Subkontzientean iltzatutako ideiaren batengatik, behatzak nahi baino motelago doazelako... Izan zitekeen akats arrunta, pikaketa akats soila; baina ez, batzuetan zentzua duten akatsak sortzen dira. Hitz bati hizki soil bat edo bi aldatuta beste gauza bat adierazten du. Ezberdina, gordinagoa, zintzoagoa, barregarria... Pentsatzen jarrita ere, nekez sortuko liratekeen hitz jokoak. Poetikoak ere bai. Hiztripuak.

Normalean kazetaria akatsez konturatzen da. Testuak saileko arduradunei, zierreko arduradunari edo zuzentzaileei pasatu aurretik zuzendu ohi ditu. Xuxenek ere harrapatzen ditu pikaketa akats mordoxka bat. Beste batzuetan, ordea, presak edo gai bat denbora luzean lantzeak eragiten duen itsutasun selektiboak eraginda, akatsak zierreko arduradunarengana eta zuzentzaileengana iristen dira. BERRIAko zierrearen eta zuzentzaileen babes sareetan egindako hiztripuen arrantzaren bilduma da hurrengoa, letra etzanez emana. Zorionez, gaur arte argitaratu gabea.

EAEko autonomia estatutua. 1979an onartua. Urteak joanagatik, beteko dutela esanda ere, eskuduntzak negoziatuta ere, ia 41 urte pasatu eta gero, oraindik bete gabea. Autonomia estatutua autonomia estutua izan da urteotan; baina estututa ere, ez ditu eskuduntza guztiak eman.

Autonomia estatutua agortuta dago herritar askorentzat. Autonomia baino gehiago, nahiago dute burujabetza. Zentzuzko burujabetza, ez burugabetza. Burujabetzaren bidean, mobilizazioak. Horien artean, giza kateak, erabakitzeko eskubidearen alde. Ahal dela, tripa berdinduta edo beteta. Giza kateak giza jateak bihurtzeko arriskua baitago. Auskalo nongo oihaneko tributara joan beharrik gabe.

Eta zer pentsatuko luke Telefono Monzonek haren heriotza eta gero Euskal Heria-n gertatu den guztiaz?

Erronka jotzea da zentsura mozio bat aurkeztea. Gobernuen kasuan, kolokan jartzen dute presidententea. Sarritan emaitza ez da batere argi egoten. Diputatu apur batzuen mende. Edozein gorabeherak zapuzteko moduan. Hala ere, horrek ez du zentsura mozioa zentsura emozioa bihurtzen. Bozketetan abestentzioak onartuko balituzte, entretenigarriagoak izango lirateke.

Politikarekin jarraituz, giza eskubitzea ez da batere ona giza eskubideentzat, auzitan eta arriskuan jartzen baititu.

Negoziatu eta 'negozatu'

Negoziazioak. Ohikoak. Egunkari honetako sail guztietan agertzen dira. Zaila da negoziazioetan parte hartu duen bakarren bati negozatu duela entzutea; errazagoa da parekoa negozitatu nahi duela esatea. Izan ere, sarritan negoziazioak baino gehiago, nogoziazioak izaten dira.

Lan istripuak. Zenbaki gorrizko kopuruak. Hildako eta zauritu horietako asko erikuntza sektorean gertatzen dira, lan baldintza oso kaskarretan lan egiteagatik. Esanahi gordineko laprasta.

Errepideak. Euskal Herrian zuzengune gutxi eta bihurgune asko. Astegunetan hiriburuetako sarrera-irteerak gainezka. Asteburuetan eta oporretan kanpora joateko errepideak. Ilarak. Abiadura. Arriskua. Eskapadak. Istripuak. Kolpeak, zaurituak eta hildakoak. Haserreak. Pazientzia beharra, pazientzia falta. Eusko Gidariak abesteraino?

Errepidean, baita poliziak ere. 7.000 ertzainatik gora daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritza gehiago kontratatzen ari da. Asko dira. Klase ertzaina deitzeko adina ez.

Suteren bat, ezohiko istripuren bat, uholderen bat, bestelako hondamendiren bat... eta suhiltzaileak han. Marka da gero suhiltzaileak laguntzera joan eta zuhiltzaile deitzea.

Matematika dago guztiaren atzean. Matematikaren bidez azaldu eta aurreikusi daiteke gertatzen den ia guztia. Baita gizakiaren portaerak ere. Algoritmoen bitartez, besteak beste. Eszeptikoentzat, ordea, ez dira algoritmoak, algortimoak baizik.

Ni, ni eta ni. Norbere buruarekiko gehiegizko ustea. Norbere buruaz maitemintzea. Besteen laudorioen eta loreen premia. Horri gezurrak, lotsagabekeria eta faltsutasuna gehituz gero, horra narzinismoa.

Narzinismo gutxi dute, berez, egologistek. Gaur egun kilima aldaketa da haien lehentasunetako bat. Euskal Herrian, abiadura handiko trenaren kontrako borroka, garraio pubikoa-ren alde badaude ere. Izan ere, Euskal Herria Enkanterria da neurri handi batean, obra eta zerbitzu publikoak bata bestearen atzetik esku pribatuetan utziz. Ekologistek aurrez aurre dituzte erakundeak, tartean Eusko Jaurkaritza.

Antxoak eta behiak. Arraina eta esnea. Beste behi ere, arrantzaleak eta baserritarrak kexu, produktuengatik gutxiegi ordaintzen dietelako, harrapatzea edo ekoiztea kostatzen zaiena baino gutxiago. Beraz, ez da harritzekoa hau idaztea: Antxoaren prezioak behia jo du. Prezioak. Zorritxarrez, kasu askotan, ekoizleentzat merkeegi, erosleentzat garestiegi: erreprezioa.

Elikagai horietako asko eta beste produktu pila bat iristen dira supermerkatuetara. Aniztasuna eta kantitatea da haien ezaugarri nagusietako bat. Supermetatuak dira. Hego Euskal Herrian gaztalania izan ohi dute hizkuntza nagusia; Alemamia-n alemaniera.

Nekazaritzarekin jarraituz, kontsumo taldeetako bazkideak zer dira, barazkideak?

Txokolatea jateak plazera eragiten du. Hainbat ikerketa egin dira horri buruz. Jan eta gero, ordea, batzuetan erru sentsazioa ere sortzen du. Txokolateak mendekotasuna eragin dezake: txolokatea.

Espainian bada Botin abizeneko bankari familia bat, Santander bankuaren arduradun: Emilio aita lehen, Ana Patricia alaba orain. Nolako izena, halako izana. Euskal Herrian ere bada adibiderik: Ibarra familia izan zen BBV bankuaren gidari, zehazki, Emilioi Ibarra.

Uzkia ekoizle

Uzkia, ipurtzuloa, molde ezberdinetako hiztripuen sortzaile izan ohi da: nazioanala, konstituzioanala, profesioanala... Ekonomia eta eskatologia uztartzen dituen bat ere bada: produzkio. Zer ikusirik ote du egunero —ahal dutenek— egiten den komuneko bueltarekin, libratu ahal izateko? Bakarkaka lanak izan ohi dira, pixanaka egin beharrekoak.

COVID-19a. Erakundeek neurri zorotzak hartu behar izan dituzte, sarritan ulertzeko zailak. Ulergarria da festak debekatzea. Bukatu dira festak. Ez-festei buruz hitz egiten da. Hala ere, gogoratzen nolakoak ziren? Nola hasten ziren? Txupinazoarekin. Euskal Herriko herri askotako festak hasten dira txupinarekin, txaplieguarekin, etxafuegoarekin... Horrek, ordea, ez du txupinazioa bihurtzen.

Euskal Herriko komunikabideetan gehien agertzen diren kirolak? Futbola, saskibaloia, errugbia... Anistasun gutxi. Guztiak baloiarekin okatzen dira, biribilarekin edo obalo formakoarekin. Horregatik izango ote dira garaipenak baloitsuak? Futbola gora, futbola behera. Zein da Europako taldeentzat txepelketa nagusia? Txepelduen Liga.

Indarrean da garaipenen diktadura. Irabazi edo ezer ez. Kirolariak kiriolari bihurtu dira. Txirrindularitzan, askotan, zaleen gozamenak lotura proportzionala du txirrindularien sufrimenduarekin. Ez da nahikoa txirrindulari izatea, txirrindularri izan behar dute zaleek gozatzeko.

Ohitura zabaldua eta sustraitua da mendira joatea. Mendi federazioak daude federatu kopuru gehien dituztenen artean. Askatasunarekin lotu izan da mendira joatea. Oraingoz ez da ohitura munduan zabaltzeko gobernuz kanpoko erakunderik sortu: Mugarik Gabeko Mendikuak.

Euskal Herriko eguraldiaren berri izateko, Euskalmet, euskal meteorologia agentzia. Eguraldi iragarpenak fresko-freskoak direnean, ordea, Euskalment bihurtzen da.

Bernardo Atxagak 2003an kaleratu zuen Soinujolearen semea. Urte batzuk geroago egingo balu, agian Soinujolearen memea izan zitekeen.

Dora Esploratzailea. Itxuraz, marrazki bizidun xaloak: Dora, Boots tximinoa, Mapa, bizkarzorroa, Swiper azeria, erronka bat, ikusleei —haurrei— laguntzeko eskaera... baina xalotasun itxura horren atzean pertsonaia zital bat ezkuta daiteke: Dora Esplotatzailea. Karramarro jaunaren, Bob belakiren nagusiaren, parekoa.

Bada munduko haurrei laguntzeko gobernuz kanpoko erakunde ezagun bat: Save The Children. Haren bertsio bat sortzear egon da, ilerik gabeko haurren alde, haurrei bizarra egiteko eta haurrak depilatzeko eskatuz: Shave the children.

Euskal Herriko jaiotze tasaren eboluzioaren marrari ezin zaio kurba deitu, marra horizonatala baita.

Barakoldon ote daude Euskal Herriko Koldo gehien?

Hiztripu-ak hiztripu, irakurleak ahalduntzea da egunkarien helburuetako bat, ez ahulduntzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Food 4 Future kongresuko azoka, BECen. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Etorkizuna ate joka BECen

Maialen Arteaga

Food 4 Future etorkizuneko elikagaien nazioarteko kongresua egin dute BECen. Erronka berrien giltza elikaduraren kudeaketan dagoela uste dute.
Suziriekin eta su argiekin Isuntzako kobazuloan egindako esperimentuak. ©IIIPC

Sutan, argiaren bila

Jakes Goikoetxea

Paleolitoko kobazuloetako margolanak egiteko zer-nolako argiztapen tresnak eta baldintzak behar izan zituzten ikertu du talde batek. Ondorioztatu dute esplorazio, plangintza, ahalegin eta trebetasun handia behar zutela margolanak egin ahal izateko.

Kabunker taldearen <em>Mezu bat espaziotik</em> animaziozko lanak lortu du lehen saria. ©GAZTEZULO

Kabunker taldeak irabazi du 'Gaztezulo'-ren bideo lehiaketa

Urtzi Urkizu

Epaimahaiak lehen saria eman die Andoni Carnovich, Eneko Fernandez eta Aitor Ollo sortzaileei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna