Festa, garro artean

Gastronomia izango da nagusi gaur Zumaian egingo duten Olagarro Egunean. Omenaldia egingo diete Kontxan irabazi zuten arraunlariei

Hainbat postu egongo dira olagarro saldarekin eta burruntziekin. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Olagarroa ikur bilakatu daZumaian (Gipuzkoa) dagoeneko. Eskubaloi taldeak, esaterako, Pulpo du izena, eta badago izen bereko elkarte bat ere. Herritarrek mendeak eman dituzte olagarroak harrapatzen, eta oraindik ere askok dute zaletasuna. Hari eskainitako egun bat ere badute: Olagarro Eguna. Uda agurtu aurretik, egun osoko festa izango da gaur herrian, goizean hasi eta gaua sartu arte.

Kofradia eta Eusebio Gurrutxaga plaza izango dira gune nagusiak, haietan girorik ez baita faltako, goiz, arrats eta gau. Adin guztietako jendearentzako ekintzak antolatu dituzte, eta olagarroa dastatzeko aukera ere egongo da egun osoan. Sei txosna jarri dituzte herrian, eta, horietako batzuetan, olagarro zopa banatuko dute goizean, eta olagarroa burruntzian arratsaldean.

Urteroko egitarauari eutsiko diote, baina egongo da aldaketa txikiren bat ere. Aurten, 10:30era aurreratu dute Telmo Deun elkarteak antolatutako kuadrilla arteko batel estropada, Olagarro Eguneko XII. Bandera.

Aurtengo jaiak badu ekitaldi bereizgarri bat ere: 1984. eta 1987. urteetan Kontxako bandera irabazi zuten arraunlariak omenduko dituzte, 19:30ean, Kofradiako plazan, Jon Maiak bertsoz lagunduta. Gainera, bertan emango zaie bandera batel estropadako irabazleei.

Iaz hartutako erabakiari jarraituta, aurten ere ez da izango gastronomia lehiaketarik, sukaldaritza erakustaldia baizik. Olagarroa oinarri duten hainbat plater kozinatuko dituzte 11:00etatik 13:00etara bitarte, Eusebio Gurrutxaga plazan. Guztira, 650 kilo olagarro dituzte egunerako prest. Herri bazkarirako, 100 kilo olagarro gordin erabiliko dituzte; Eusebio Gurrutxaga plazan izango da hori ere, 14:30ean. 600 laguni emango diete jaten, eta DJ Xaxmarekin dantza saioa egingo dute bazkalostean.

Herritar ugarik hartu du parte festa antolatzen, eta zortzi elkarte ariko dira lanean, txosnetan eta bazkaria antolatzen. Izan ere, sei txosnak egun osoan ariko dira janaria zein edaria ematen.

Dena ez da, ordea, gastronomia gaurko egunean. Goizean, urteroko argazki rallyarekin hasiko dute eguna, eta, arratsaldean, 18:00etan, proiekzioa eta sari banaketa egingo dituzte Alondegiko Oxford aretoan. Bestalde, flyschetan olagarroa nola harrapatzen zuten ikusteko, Flyscheko olagarroa bisita gidatua egingo dute, 11:00etan.

Musikak une oro girotuko du festa: 12:00etan, Zumaiako Beheko Plaza eta Igeldoko Lezkarri abesbatzek saioak egingo dituzte herriko kaleetan. 12:30ean, Zutrik trikitilariek gidatutako kalejira egingo dute, eta, gauean, aukera bikoitza: Orots erromeria taldea Kofradian, eta DJ Goiko eta DJ Uranga Eusebio Gurrutxaga plazako karpan.

Olagarro Eguna

Gaur, 09:00etan hasita, Zumaian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.