Asteburuko proposamenak

Uzta ondorengo urrea

Ogi Txigortuaren Eguna izango dute bihar Arroitzen. Olibaren uzta iazkoa baino urriagoa izan da; hala ere, 1,5 milioi litro olio bildu dituzte

Ogi Txigortuaren Egunean 10.000 lagun biltzea espero dute antolatzaileek; bihar izango da. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ogi txigortua hartu, olioz busti, eta jan. Hori egingo dute bihar goizean eta eguerdian Arroitzera (Nafarroa) joaten diren guztiek; izan ere, Ogi Txigortuaren Eguna izango dute. Ohiturari jarraika, olibaren uztaren ondoren iritsi da eguna, eta,uztaren emaitza probatzeaz gain, bestelako ekintza ugari ere egingo dituzte. «Lehen, igandean soilik ospatzen zen eguna; orain, asteburu guztia hartzen du jaiak, ostiraletik hasita», adierazi du Angel Moleon alkateak. Guztira, 22 urte daramatzate egun hori antolatzen, eta, alkatearen iritziz, «Nafarroako jatorri izena duen olioa hedatzeko ideia ezin hobea da egun hori antolatzea».

Herri txikia da Arroitz: 1.050 biztanle inguru ditu. Bihar, bada, biztanle kopuru horren halako hamar biltzea espero dute, 10.000 lagun. «Turistikoki herriak bizi duen egunik garrantzitsuena da. Herriaren izena hedabide guztietan agertzen da, eta gauza on batengatik, gainera», azaldu du. Gaur ere ekintza ugari egingo dituzte, baina egun handia bihar ospatuko dute: 10:00etan hasita. «Nekazaritzako elikagaien eta produktu artisauen azoka egingo da lehenik, 15:00ak bitartean, eta gero ekintzarik instituzionalena dena egingo dugu, 11:00etan: agintariei etorrera». 11:30ean Mendia dolarera joango dira, eta 12:00etan pregoiaren txanda izango da: aurten, Jon Tomas Yerro Villanueva izango da gidari. Gero, sariak banatuko dituzte,13:00etan. Goiz osoan haurrentzako puzgarriak egongo dira herrian, baita animaziozko tailerrak ere.

Uzta, iaz baino urriagoa

«Aurtengo uzta iazkoa baino apur bat urriagoa izan da, batez ere eguraldiari loturiko arrazoiak direla eta», esan du alkateak. Iaz 9,6 milioi kilo oliba jaso zituzten; aurten, aldiz, 6,7 jaso dituzte, hiru milioi kilo gutxiago. Olio litroei dagokienez, berriz, iaz 1,9 milioi litro bildu zituzten denera, eta, aurten, 1,5 milioi litro olio atera dira. Hala ere, olioaren kalitatea «bikaina» dela goraipatu du alkateak, eta Nafarroako jatorri izena jaso duela azpimarratu:«Ez dut beste toki batzuetako olioa gutxietsi nahi, baina Arroitzen eta Nafarroan egiten den olio hori bikaina da; berezko mikaztasun hori du, eta hotz zein bero dasta daiteke».

Gaur ere egongo da zer ikusi, zer entzun eta zer dastatu. 15:30ean, adibidez, lehiaketa bat egingo dute: etxeko oliben eta postreen lehiaketa. Kiroldegiko tabernan entregatu beharko dira jakiak, eta 17:00etan jakinaraziko dituzte irabazleak. Gainera, jaki horiek dastatzeko aukera ere izango da. Eguna amaitzeko, Arroizko jota eskolaren emanaldia izango da: 20:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa da. Mendia kooperatibaren egoitzan izango da ikuskizuna.

Ogi Txigortuaren Eguna



Bihar, 10:00etan hasi eta 15:00ak bitartean, Arroitzen (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.