Kaleak Gabonez blai

Gabonetako azokak irekita daude Euskal Herriko hiriburu gehienetan. Azokez gain, hamaika ekitaldi antolatu dituzte, jaiak girotzeko

Donostiako Gabonetako azoka, jendez beteta, iazko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Insausti Barandiaran - Amaia Jimenez Larrea
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gabonak ate joka dauden honetan, hasi dira kaleak argi koloretsuz betetzen, eta, horrekin batera, azokak hiriz hiri zabaltzen, Euskal Herriko hiriburuetan. Opariak eta erosketak egiteko baliatuko dituzte herritarrek datozen aste eta egunak.

Baionako Gabonetako programazioa, esate baterako, abenduaren 2an hasi zen. Reduit plazan egongo dira azokako postuak, urtarrilaren 1a bitartean. Artisau azokaz gain, ordea, jateko postuak egongo dira, eta Udaletxe plazan, noria bat jarri dute, urtarrilaren 29ra arte martxa egongo dena, egunero, 11:00etatik 22:00etara.

Asteburuetan, ekintza bereziak ere egingo dituzte Lapurdiko hiriburuan. Gaur eta bihar, adibidez, asteburu magikoa ospatuko dute: Errepublika Plazan jolasak egingo dituzte, eta kaleetan barrena Pottoka Baionako errugbi taldeko maskotak autografoak sinatuko ditu. Gaur, 19:30ean, berriz, koloretako faroltxoak botako dituzte Errobi ibaiaren inguruan.

Bilbori dagokionez, Ripako kaiak hartu du Gabonetako itxura dagoeneko, ohiko egurrezko etxolez beteta egongo baita, urtarrilaren 5era arte. Areatzako artisau azoka, aldiz, datorren ostiralean zabalduko dute. Nerbioi ibaiaren bi aldeetan ere egongo da zer egina: irristatze pista, sei erreiko izotzezko txirrista eta Txikiguneko karpa jarri dituzte. Azken horretan, hainbat buzoi daude, haurrek Olentzerori, Mari Domingiri eta Errege Magoei eskutitza bidaltzeko aukera izan dezaten.

Zezen plaza, opariz beteta

Zezenen ordez, artisauen produktuz bete da Iruñeko zezen plaza, bertan hartu baitu aterpe, beste behin, Gabonetako azokak. 55 postu jarri dituzte guztira, eta hamaika aukera egongo dira erosleentzat: larruzko produktuak, gazta, gozoak, eskuz egindako kristalezko edalontziak...

Gazteluko plazan, berriz, 28 postu jarri dituzte, eta horietako 27 artisauak dira. Ohiko eskaintzaz gain, bidezko merkataritzako postu bat, tailerrak eta lanbideen erakustaldiak ere egingo dituzte, Nafarroako hiriburuko erdigunean.

Donostian, Urumea pasealekua eta Santa Katalina plaza dira, beste urte batez, Gabonetako azokaren erdiguneak. Goizez zein arratsaldez egongo dira postuak irekita, ohiko produktuak erosteko aukera emanez. Koldo Mitxelena kulturgunearen parean, Lur kolektiboaren karpa jarriko dute. Andia kalean, berriz, noria ipini dute, eta inguruan janari kamioiak izango dira, kaleko janariaz gozatzeko. Gabonetako bola handia, aldiz, Zurriolan jarri dute.

Gasteizko azoka izango da ateak irekitzen azkena: datorren ostiralean irekiko dute Arabako artisauen Elkarteak antolatutako Lan ta Lan azoka, Probintzia plazan.

Gabonetako azokak



Euskal Herriko hiriburuetan, urtarril hasierara arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.