Giro ederra Agurainen

Aguraingo jaietako txupinazoa izango da gaur. Abere azoka eta nekazaritzako makineriaren erakusketa urriaren 4an egingo dira

Dupla musika taldeak joko du gaur gauean San Juan plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Giro ederra egongo da egunotan Agurainen (Araba). Gaurtik urriaren 9ra, herriko jaiak izango dira, eta haurrek, gazteek eta helduek ekitaldi eta jarduera ugariz gozatuko dute. Ohi bezala, eskualdeko herritar asko joango dira Agurainera ongi pasatzera.

Txupinazoa gaur botako dute,19:00etan, baina, aurretik, ekitaldi interesgarri hauek izango dira: Aguraingo Filatelia eta Numismatika elkarteak prestatu duen Ibili gurekin Donejakue bidea erakusketaren inaugurazioa eta opari banaketa Zabalarte etxean, txosnagunearen inaugurazioa eta gazte bazkaria, LXXVII. Txirrindulari Lasterketa, eta Aguraingo eta bertako ergoienetako latsariei omenaldia. Txupinazoa bota, eta erraldoiak eta buruhandiak kalejiran aterako dira Aguraingo Musika Bandarekin. Danborrada 21:00etan hasiko da, eta zezensuzkoa ordubete geroago aterako da Euskal Herria plazan.

Duplaren emanaldia

Horrez gain, berdintasunaren aldeko Baldur Barik kanpaina egingo da San Juan plazan, 23:00etan, eta, ordu erdi geroago, ikusmin handia piztu duten musika emanaldiak izango dira toki berean. Gero eta ezagunagoa den Aguraingo bertako bikotea ariko baita, Dupla, eta Mafalda taldea ere bai. Gauerdian, Lisker taldeak gaueko dantzaldia egingo du Santa Maria plazan, eta DJ Sound System ariko da txosnetan.

Bihar, besteak beste, haur parkea zabalduko da Euskal Herria plazan, bermut dantzaldia egingo da San Juan plazan, karaoke ibiltaria Alde Zaharrean, herri parrillada, eta DJ Rosamarirekin gau feminista txosnetan, eta Celtas Cortos talde ezagunak joko du San Juan plazan.

Astelehenean, XLVI. Omenaldia Atzoko Gazteei egingo da, haientzako bazkaria prestatuko dute Aniturri institutuan, Lezao pilota eskolako txapelketako finalak jokatuko dira, eta nesken eta blusen batzordeak jarduera hauek antolatuko ditu: puzgarriak Euskal Herria plazan, txapela jaurtiketa txapelketa Santa Maria plazan eta flan jangelen lehiaketa toki berean.

Asteartean, inguruko nekazariak eta abeltzainak joango dira herrira, abere azoka egingo baita. 627. ekitaldia izango da aurtengoa. Behi, txerri, ahuntz eta ardi azienden erakusketa, Euskadiko mendiko zaldia arrazako aziendaren lehiaketa, XXXVI. Artzain Gazta Lehiaketa Probintziala eta nekazaritzako makinen erakusketa egiteaz gain, Euskal Herriko artisautza eta gastronomia produktu bikainak ezagutu eta eskuratu ahal izango dira.

Egitarau osoaren berri jakiteko, agurain.eus webgunea bisita daiteke.

Aguraingo jaiak

Urriaren 1etik 9ra, Agurainen(Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.