Ospakizun eztia

Ekintzaz betetako Erle Eguna egingo dute bihar Usurbilen. Euskal Herri osoko hainbat ezti ekoizlek hartuko dute parte XX. Ezti lehiaketan

Andoni Imaz.
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Udazken giroa gozatzeko, erleen eta eztiaren inguruko eguna antolatu ohi dute urtero Usurbilen (Gipuzkoa). Berezia izango da aurtengoa, ordea, hogeigarrenez egingo baitute Erle Eguna. Festa antolatzearen ardura herriko Erle Lagunak elkartearena da, eta, urteek aurrera egin ahala, egunaren beraren neurria eta garrantzia ere handitu dira.

Julian Urkiola elkarteko kideak gogoan du duela hogei urte herritar talde batek nola ikusi zuen erlearen munduak ere merezi zuela leku bat Usurbilen. Orduan sortu zuten Erle Lagunak, eta hasi ziren erleari eskainitako eguna egiten. Erleak bere lekua izatea lortzeaz gain, herrian «kontzientzia ere garatu da», Urkiolaren ustean. Elkarteak urte hauetan guztietan egindako lanak lortu du haien mezua herritarrei zabaltzea, eta erlearen inguruko jarduna ingurukoei hurbilaraztea.

Jatorrizko ideia hartatik, jardunaldiak beste tamaina bat hartu du, ordea. Hasierako garaietan, Gipuzkoako eskualdeetako finala egiten zuten: «Lehen oso motz geratzen zen, Gipuzkoara mugatzen ginelako», dio Urkiolak. Zabaldu dute eskaintza, eta, egun, Euskal Herri osoko ekoizleek hartzen dute parte Usurbilgo topaketan.

Goizean zenbait postu jarriko dituzte jatorri guztietako eztiekin, 09:00 eta 10:00 bitarte. Azken urteetako zenbakiei eutsiz, 60 ekoizle baino gehiago egotea espero du Urkiolak, eta «80 bat ezti». Eguraldi onak lanak erraztuko lituzke egunerako, eta orain artekoak kalte egin die aurten: «Udaberri txarra izan genuen, eta, gainera, liztor asiarra etorri zen gero».

Lehiaketara aurkeztutako ezti guztien artean hautaketa bat egingo da, eta, hiru motatan bereizita, puntuak emango dizkiete ondoren. Zenbait teknikariz osatutako mahaiak jarriko dituzte horretarako. Hainbat alorretako jendea elkartuko da, sukaldari zein kirolariak, besteak beste.

Hiru ezti mota bereizi dituzte lehiaketarako: argiak, ilunak eta mila lore. Urteko sasoi ezberdinetan egiten dira hirurak, Urkiolak azaldu moduan: «Mila loreeztia izaten da urte guztian bildutakoaren nahasketa, eta sanmigelen aldean egin ohi da. Lehenago egiten dira argiak, eta, ondoren, ilunak». Ohikoena ez den arren, mineral kopuru handiagoa izaten du ezti ilunak argiaren aldean. Sari banaketarako, erleak jaitsiko dira elizatik pilotalekura, eta haiek banatuko dituzte hiru kategoriatako garaikurrak.

Euskal Herriko ezti lehiaketaz gain, bada beste ekintzarik bihar. Jatekoarekin lotuta, eztiarekin egindako gozogintzako hainbat produktu egongo dira. Gainera, Usurbilgo hiru ikastetxetako ikasleek marrazki lehiaketa bat egingo dute. Erleen munduaren inguruko ezagutza zabaltzeko, bideo bat jartzeko asmoa dute, baita erakusketa bat ere.

Erle Eguna

Bihar, 09:00etatik aurrera, Usurbilen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.