Elkartasun mokaduak

Migratzaileei laguntzeko dirua lortu nahi dute bihar Iruñean egingo den Koxk jardunaldiarekin. Gastronomiaren bueltako ekitaldia izango da

Errefuxiatuen aldeko ekintzen artean, Zaporeak proiektuak paella erraldoi bat egin zuen Bilbon, 2017an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Milaka errefuxiatu daude egun Grezian, ez aurrera, ez atzera, irletako esparruetan. Migratzaile horiei laguntzeko dirua biltzea dute helburu Zaporeak proiektuak antolatzen duen Koxk jardunaldiak eta bihar Iruñean Egin koxk elkartasunari! lelopean antolatu duten ekintzak.

«Bidegabea» da errefuxiatu horiek bizi duten egoera, Sagrario Lasarte Zaporeak proiektuko kidearen ustean. Haiei janaria banatzea da proiektuaren asmoa, baina, horretarako, babes sare handia osatu behar dute, kontzientziak pizteko eta jendeak proiektua diruz lagundu dezan lortzeko.

Biharko, jardunaldi berezia antolatu dute Iruñean, San Frantzisko plazan, eguerdian: 11:00etan hasi, eta 15:00etan amaitu. Han, Iruñeko 40 taberna baino gehiagoren parte hartzearekin, 5.000 pintxo baino gehiago banatuko dituzte, Zaporeak proiekturako dirua biltzeko. Ekitaldi batekin hasiko da jardunaldia: 11:00etan, janaria dastatzen hasi baino lehen, omenaldia egingo diete «etorkizun hobearen bila» Nafarroara iritsi diren errefuxiatuei.

Hortik aurrera, gastronomiaren festa izango da ordu batzuez, baina bestelako ekintza batzuekin ere osatu dute egitaraua: Ziripot txaranga eta Oberena dantza taldea ariko dira ingurua girotzen. Gainera, Ene Kantak taldeko kideak ere han izango dira, haien lanak sinatu, eta mahaira joaten direnekin argazkiak ateratzeko. Khadijak ere parte hartuko du; hennazko tatuajeak egingo ditu.

Boluntarioak Lesbosera

Boluntario askok egiten dute lan errefuxiatuei janaria banatzen, eta biharko ekitaldia antolatzen ere ehun kide baino gehiagoz osatutako talde bat arituko da lanean. Elkartasun festak Greziako Lesbos uhartearekin lotuko du Iruñea, han aritzen baitira lanean Zaporeak proiektuko kideak.

Lesboseko Moriako errefuxiatuen kanpamentuan, 1.600 afari banatzen dituzte egunero, bereziki emakume eta haurren artean. 10.000 lagun bizi dira egun kanpamentuan, «nahiz eta 2.000 lagunentzat dagoen egokituta».

Lan hori posible izan dadin, boluntarioak joaten dira hara: txanda bakoitzeko hamabi-hamalau boluntario, hiru asterako. «Oso neketsua da hango lana, baina haiek bueltan ematen digutena oso betegarria da», Lasarteren hitzetan. Ehunka boluntariok parte hartzen dute Zaporeak-en bidaia horietan.

«Ez da justua gerra batetik ihesean atera, Europara abiatu bizitzeko bidea izateko, eta guk ateak ixtea», Lasarteren ustean. Errefuxiatuen bizimodua arintzeko egiten dute lan han, baina, horretarako, euskal herritarren babesa behar dute: «Ezinbestekoa da hemengo diru laguntza, beste azpiegitura hori aurrera eramateko». Elikaduratik gastronomiara, pintxoak dastatuko dituzte bihar, jatekoa Lesbosera hel dadin.

Koxk!

Bihar, 11:00etatik 15:00etara, Iruñeko San Frantzisko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.