Silvia Carretero. Jose Luis Sanchez-Bravoren alarguna

«PCEk edergarri eraman nahi izan ninduen Europan batetik bestera!»

'Txiki, Otaegi eta besteak, gogoan zaituztegu' ageri da pankartan. Besteak, FRAPeko hiru kideak dira: Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Xose Humberto Baena. Hogeita hemeretzi urte iragan dira.

Miel Anjel Elustondo
Madril
2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Jose Luis Sanchez-Bravoren emaztea zen hura fusilatu zutenean. Ez du maite inoren alarguna dela esan dezaten. Erabilia sentitu da nahi baino gehiagotan eta ez du azalpenik ez elkarrizketarik eman nahi izan. Argentinan Servini epailea frankismoaren krimenak ikertzen hasi denean atera da argira Silvia Carreteroren izena eta halaxe abiatu ginen bila. Eta hitz egin zigun… Argazkirik ez, hala ere. Ez da fio Madrilen, faxista asko dagoela dio. «Ez dut nahi nitaz oroit daitezen».

Etxean nahiz lagunartean Luis zen Jose Luis Sanchez-Bravo… Nola ezagutu zenuten batak bestea?

1974ko bukaeran izan zen, irailean edo urrian. Madrilen ginen, metroan. Karma hutsa. Castillo del Pinoren liburu bat irakurtzen ari nintzen ni, emakumearen emantzipazioari buruzkoa. Geltokietako batean, sartu da morroi bat, jarri da tente nire ondoan eta, laster, bera ere nire liburutik irakurtzen ari zela konturatu nintzen. Begiratu egin nion: «Hi, zer?». Eta berak: «Nik horrek baino gehiago esango dinat emakumearen askatasunari buruz… Aukeran, hitzordua jarriko dinagu». Ez genuen elkar ezagutzen… Horretan, egun batean, pasadizoa kontatu nien nire arduradun politikoei, FRAPekoei, delako morroiaren ezaugarriak eta hau eta hura: «Hori ere FRAPekoa da eta!». Arduradunek ezagutzen zuten, baina nik ez nekien ezer. Kontua da Luis eta biok elkarrekin irteten hasi ginela. Behin, Ramon Garcia Sanz ezagutu genuen. Jatetxe batean. Luis eta Ramon —edo Montxo—, honetaz eta hartaz hizketan hasi, konektatu, eta lagun min egin ziren segituan. Luisek orduko jatetxe xahar batean bazkaltzen zuen, merke, eta Ramon ere haraxe joaten! Elkar ikusi, mahai berean jarri eta berriketan lotzen ziren. Badakit Ramonek han inguruan egiten zuela lan, eta horregatik joaten zela hara, baina ez dakit zer zela-eta joaten zen Luis hara. Ez dakit, ez dut aztarnarik. Zenbait gauzaren gainean nik ez dakit ezer, behin ere ez dut jakin izan… Esaterako, ez dakit non bizi izan zen. Vigotik hanka etorri zen. Ezkutaturik bizi zen Madrilen, nortasun agiri faltsua aldean. Beste izen bat baliatzen zuen… Luis eta Ramon batera bizitzen jarri ziren Diego de Leon aldean… Ramon ez zen militante ez ezer. Tailer batean ari zen lanean, mekanikari. 75eko maiatzean ezkondu ginen Luis eta biok eta apartamendu bat hartu genuen errentan. Orduan, Ramon bakarrik geratu zen. Tira, ez hain bakarrik, Madril osoko propaganda aparatua haren etxean sartu baitzuten! Multikopista handi baten ardura zuen Ramonek!

FRAPeko kide zineten hirurok. Zu 1975eko maiatzean ezkondu zinen Luisekin. Irailean hil zuten. Zer gertatu zen bitartean?

Zer gertatuko zen, bada! Gertatu zena!

Atentatua, esan nahi duzu?

Bi atentatu izan ziren: batean, polizia bat; bestean, guardia zibil bat… Poliziarenak harrapatu zituzten lehenengo, eta guardia zibilarenak, gero. Eta hortik atzera, bata bestearen ondotik etorri zen dena. Momentuan bertan jakin nuen Luis atxilotu zutela. Ezkondurik bizi ginen, ez zen etxera etorri, berehala antzeman nuen atxilotu zutela… Urte asko dira, baina gauza batzuk ez dira ahazten… Egun hartan hitzordua zuen Luisek. «Ez joan, Luis, ez joan!»… «Bai, joan egin behar dut…»… «Ondo da. Harrapatzen bazaituzte, ez esan non bizi zaren, ni ere harrapatuko bainaute bestela!»… Eta joan zen, baina ez zen etortzen. Luis ez etortzen, ez etortzen… Harrapatu egin zutela pentsatu nuen… Atxilotu nindutenean ni saltsa hartan sartzen saiatu ziren, tartean emakume bat zela esaten zuten. Gezurra. Ez zegoen emakumerik. Hiru lagun izan ziren, gizonezkoak hirurak. Haietako bat hilik da… Luis ere ez zegoen han. Luis ez zegoen han. Horrek ematen dit min… Blanco Chivite eta Luis zaku berean zeuden, akusazio bat bera zuten biek, planak asmatu zituztela, batak polizia hiltzeko, besteak guardia zibila. Bata indultatu zuten, eta bestea ez. Zer dela eta? Atentatuen ideologoak omen ziren biak. Bata indultatu zuten. Bestea ez. Zergatik?

Zer esan nahi duzu, Silvia?

Nire iritziz, zirenak eta ez zirenak esan zituen baten batek. Zerbaiten truke… Luis gogorra zen, oso; banekien ez zuela hitz egingo. Eta ezzuen hitz egin... Luisek ez zuen hitz egin. Ez zuen inor salatu. Ezta ni ere… Atxilotu zutenean ni Madrilen nintzen, etxean. Ez zetorrela jabetu nintzenean, hanka egin nuen. Ez dakit polizia gure etxera etorri zen edo ez. Nik, etxeko atea itxi eta alde egin nuen. Ez nintzen hara itzuli. Jatekoak utzi nituen hozkailuan… Etxetik irten eta laguntza bila abiatu nintzen, baina kide denak harrapatuak zituzten… Halako batean, horratik!, etxe batean ezkutatu ninduten. Hamar-hamabost egun egin nituen matrimonio baten etxean. Ez ziren FRAPekoak ere. Jendea hartzen zuten, besterik ez. Haurtxo txiki bat zuten, eta Lege Antiterrorista tarteko, harrapatzen bazituzten saltsan sartuko zituzten bete-betean. Auzoei, lehengusina nintzela esan zieten… Baina arrisku handia zuten eta, kontaktu batzuk eman zizkidaten eta Portugal aldera egin nahi izan nuen.

Ezkutalekutik irten zinenean, orduantxe harrapatu zintuzten…

Irailaren 9an. Espainia eta Portugalgo mugan. Motxila, iparrorratza eta planoa aldean nituela. Eta bi edo hiru mila pezeta. Valencia de Monbuey zen herria, tabako kontrabandoaren bidea, entzun nuenez. Madriletik Badajozera autobusez joan, han beste bat hartu, eta txoferrari esan nion: «Dena delako bide horren parera heltzen garenean, jakinarazi, faborez» Eta jaitsi nintzen. Soroa zen, mendia. Planoa eta iparrorratza hartu eta Valencia de Monbueytik Portugalgo Amarilejara abiatu nintzen. Eta halabeharra zer den!, bi guardia zibilekin egin nuen topo. Beren bidea egitetik zetozen: «Nora zoaz?». «Portugalera». «Portugalera zertara?». «Jertseak erostera, zuri koloreko horiek, barbantzuak dituztenak…». «Zatoz gurekin». Badajozera eraman ninduten, Guardia Zibilaren Komandantzia Nagusira. Baina ihes egin nuen…

Ihes?

Bai. Valencia de Monbueytik Badajozera gindoazela, guardia zibilei entzun nien esaten: «Hi, zein atetatik sartuko gaituk?». «Nagusitik, motel!»… Komandantziara heldu eta libre utzi ninduten bertan. Atxikirik nindukaten, ez atxiloturik, artean ez baitzuten nire daturik. Eta, hantxe hasi nintzen, kantinatik hona eta hara, batari kaixo! eta besteari agur!, irteera bila, bigarren atearen bila. Eta aurkitu ere nuen. Atetzar handi bat zen. Haraxe zuzendu nintzen, poliki-poliki. Irteteko zorian nintzenean, abade bat azaldu zen, hantxe: «Kaixo, aita! Zer moduz?». Eta irten nintzen. Eta ziztuan hasi nintzen. Plazara heldu eta taxia hartu nuen. Aitak bihotzekoa izan zuela, estutasun larrian nintzela eta Madrilera joan beharra nuela esan nion taxi gidariari, ea zenbat kobratuko zidan. Nortasun agiria kendua zidaten, baina dirua ez. Gidariari arraroa iruditu zitzaion, baina Madril aldera egin zuen. Tartean, guardia zibil mugimendua atzera-aurrera, eta taxi gidaria errezelotan. Badajozetik 60ren bat kilometrora, han non datorren polizia auto bat aurrez aurre. Abiadura mantsotu, taxia gerarazi, eta nortasun agiria eskatu zidaten. Badajozeko komandantzian zuten nire agiria! Aztertu ninduten, janzkera, ilea… Atzera Badajozeko komandantziara!

Hantxe torturatu zintuzten...

Eta tortura arrastoak ditut oraindik hatzetan eta eskuturretan. Orbainak ditut. [Erakutsi egin ditu] Zigarro baten tamainako makilatxo hexagonalak dira. Hiru makilatxo, goialdean soka batek lotuak. Hatzen artean jartzen dizkizute, eta estutu egiten dituzte behe aldetik. Hatzak hausteko «jolasa». Hiru-lau urtean eskuin eskuak ez zuen ezer hartzeko indarrik izan. Erori egiten zitzaidan dena. Esku-bilurrak ere jarri zizkidaten: eskuetatik heldu eta bertan jotzen ninduten, gogor, belztu arte… Ile-mataza moztu zidaten, guraizeak hartu eta mehatxatu ninduten, txakurra ekarriko zidatela ere esan zidaten...

«Txakurra ekarri»?

Bai. Eta nik: «O, txakurra! Bai, ekarri, oso animalia zalea naiz! Asko gustatzen zaizkit txakurrak»… Yeseriasen preso egon nintzenean Eva Foresti txakurraren zera hori esan, eta berak esplikatu zidan: «Naziek egiten zuten. Txakurra ekartzen zuten, emakumeari lotu zekion. Eta doi-doi unean, txakurrari atzera eragiten zioten eta emakumea barrutik lehertzen zuten!» Niri ez zidaten txakurra ekarri, baina mehatxua. Denbora gutxi egin nuen Yeseriasen. Urriaren 20an irten nintzen kartzelatik.

Luisen kontrako epaiketa segitu ahal izan zenuen?

Bai, horixe! Sumario berean ginen. Gainera, eskutitzak eta oharrak bidaltzen genizkion elkarri, Yeseriastik Carabanchelera eta alderantziz.

Fusilatze bezpera…

Berarekin egon nahi nuela esan nuen. Sekulako zalaparta eragin nuen, eta eraman ninduten. Ramonek [Garcia Sanz] ez zuen inor izan. Umezurtza zen, anaia bat zuen elbarri. Baenaren sendia berandu heldu zen. Hamar minutu eman zizkieten. Luisekin, berriz, arreba, ama, anaia eta laurok izan ginen. Berarekin, goizeko ordu bietatik egunsentia arte. Haatik, beti burdin sarea zen tartean, baita azkeneko-azkeneko orduan ere! Apaiza ere behin baino gehiagotan joan zitzaien, konfesatu nahi ote zuten, baina inork ez zuen nahi izan. Afaltzeko zer nahi ote zuten galdetu zieten, eta Luisek botila bat esne eta izozkia eskatu zuen. Ez ziguten fusilatzeko tokira laguntzen utzi. Inori ere ez zioten hurreratzen utzi… Ni, atzera furgoian sartu eta Yeseriasera eraman ninduten… Kontatu didatenez, fusilatu biharamunean Madril isil-isil omen zegoen, hiriak pena handia balu bezala. Jendea burumakur. Ez nuen hori ikusi, kartzelan nengoelako. Aldiz, Franco hil zen eguneko berri badakit, kalean nintzelako. Bazter guztiak txanpan botilaz beterik zeuden. Taberna batera sartu, eta hura giroa! Eta Arias Navarro telebista pantailan berriz irten zenean —ordurako behin eta berriz eta askotan errepikatua zuten—, esanez «Franco hil da», taberna osoa barrez algaraka hasi zen. Huraxe da barrez lehertu!

Urrian irten zinen Yeseriaseko kartzelatik…

Behin-behineko askatasunarekin. Eta hori, kartzelako mediku ginekologo Sopeñaren txostenari esker. Haurdun nengoen, artean hiru hilabeteko ez. Sopeñak esan zuen egoera hartan, haurdun, senarra fusilatua… ez zela komeni ni han edukitzea. Eta irten nintzen, Franco hil baino lehen. Halarik ere, ezkutaturik harrapatu ninduen diktadorearen heriotzak. Bi erizainen etxean nintzen. Ez nituen ordu arte ezagutzen. Haienean Pilar nintzen. Franco hil zelarik, ni lotan, eta haiek: «Pilar, Pilar!». Baina, jakina, nik ez nuen nire burua izen hartan ezagutzen, harik eta halako batean konturatu nintzen arte. «Irratian musika klasikoa ari da!». Bi botila txanpan genituen hozkailuan. Ireki eta edan, horixe egin genuen…

Erbestean ere izan zinen aldi batez…

Parisa joan nintzen, sei eta zortzi urte bitarteko kartzela eskatzen baitzidaten! Buruzagi omen nintzen! Urtea ere ez nuen iragan han. Madrila itzuli eta, geroago, lana inguratu nuen. Ohiko bizimodua egiten hasi nintzen, lagunekin, honekin eta harekin, eta alabarekin. Parisen jaio zen Luisa, Saint-Germain-en-Laye-n, amaetxe ikusgarri batean. Claude Mauriac, Ives Montand eta orduko gauche divine guztiak babestu ninduen. «Espainiako haurra» nintzen. Apartamentu bat ordaindu zidaten Jussié-n, auzo ederra, eta zoragarri bizi nintzen, errefuxiatu politikoa izaki Frantziako gobernuaren laguntza nuelako. Alderdi Komunistako Marcos Anarekin hitz egin nuen han; zoragarria pertsona. Costa Gavras ezagutu nuen, Espainiatik ihesi joandako jendea, batzuk Madrildik ezagutzen nituenak… Amnistia eman zutenean, kontsulatuan itxi ginen, zirti-zartaka irtenarazi gintuzten arte, baina itzuli ahal izateko agiria eman ziguten, bederen. Eta itzuli nintzen… PCEk (m-l) edergarri eraman nahi izan ninduen Europan batetik bestera: «Hemen da gaixo alarguna!», esanez bezala… Baina niri sekula ez zait horrelakorik gustatu, eta esan nien nire lekua Espainian zegoela, bazekitela non bizi nintzen Madrilen, eta zer edo zer nahi bazuten, bazekitela nora jo... Gaur arte! Inoiz ez zitzaizkidan bila etorri. Inoiz ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.