Lainoa, lurrean ukigarri

Datuak lainoan gordetzea da azken urteetako joera orokorra: lainoak, ordea, leku fisikoak behar ditu funtzionatzeko, eta horixe da 'datacenter' izeneko eraikinen lana. Energia asko kontsumitzen dutenez, energia berriztagarriak erabiltzen hasiak dira, naturan uzten duten arrastoa hain handia ez izateko.
<b>Facebook. </b>Suedian duen datuak tratatzeko zentroa, barrutik.
Facebook. Suedian duen datuak tratatzeko zentroa, barrutik. FACEBOOK / HANDOUT / EFE

Maialen Unanue Irureta -

2019ko apirilak 9
Kontaktuak, egutegian gordetako hitzorduak, mezu elektronikoak, Whatsappez jasotako meme eta argazkiak, sare sozialetan argitaratutako edukia... Den-dena gordetzen dute lainoan ordenagailu zein smartphone-ek. Abstraktua begitandu daiteke, baina lainoaren euskarria fisikoa da erabat: ingelesez datacenter deitzen dieten eraikinetan gordetzen dira; alegia, datuak tratatzeko zentroetan; etengabe lan egiten duten milioika zerbitzarik lurrean eusten diote ukitu ezinezko dirudien laino horri.

«Lainoa ukigarria da, zerbitzari bat baita: mundu guztian sakabanatuta dauden datacenter-etan gordetzen da informazio guztia», azaldu du Oier Ruiz de Loizagak, Oreka ITko sistemen administrazio sailaren arduradunak. «Esaterako, argazki bat Facebookera igotzen dugunean, Facebookek bere zerbitzarietara bidaltzen du, eta hortik aurrera argazki hori ikusgarri egongo da beti». Edukia gordetzeko ez ezik, lainoan bertan lan egin daiteke, Igor Leturia Azkarate ikerlari eta informatikariak azaldu duenez. «Gauza asko zuzenean lainoan egiten dira: nabigatzailea ireki eta hor ditugu gure dokumentu guztiak lankideekin partekatuta, elkarlanean editatzeko». Azken urteetan «garapen handia» izan du lainoak, Leturiaren esanetan: «Gauza batzuk lokalean egiten jarraitzen dugu, gure ordenagailuan, baina hein handi batean lainoan egiten da gehiena».

Izan norbaitenak dira, noski. «Lainoaz hitz egitean, badirudi etereoa den zerbaitez ari garela, baina laino hori, izatez, beste norbaiten ordenagailua da», Leturiak nabarmendu duenez. Gehienetan enpresa teknologiko handienak izaten dira datuak tratatzeko zentro horiek: «Android telefono bat badaukagu, gure edukia Googleren esku geldituko da; Whatsapp, Instagram eta horiek guztiak Facebookenak dira; edo gure enpresan Microsoften zerbitzuak erabiltzen baditugu haren ordenagailuetan gordeko ditugu gure datuak».

Datuak tratatzeko egoitza guztiak, dena den, ez dira enpresa teknologiko handien eraikin erraldoien parekoak. Badira euren jardun nagusia hori izan ez arren euren datuak kudeatzeko halako zentro bat duten erakundeak ere. Eroskik, esaterako, bere zentro propioa du, Ruiz de Loizagaren esanetan.

EHUk ere baditu halakoak, Jose Antonio Pascual informatikako irakasleak azaldu duenez. «Unibertsitateak badu datacenter bat Leioan [Bizkaia], eta Donostiako campusean ere badago beste bat, Joxe Mari Korta eraikinean; zerbitzari gehienak, dena den, Leioan daude». Han dago, esaterako, EHUren Arina superkonputagailua: «Posta elektronikorako, DNS zerbitzarietarako, GAUR aplikaziorako....».

Baliabide naturalak, aliatu

Energia asko behar da datuak tratatzeko zentro horiek martxan mantentzeko: alegia, datuak lainoan gordetzeak kutsatu egiten du, Greenpeacek 2017an argitaratutako Clicking Clean txostenean ohartarazi zuenez. Horren arabera, halako eraikin handiak hiri ertain batek bezainbeste energia kontsumi dezake, batez ere, hozteko. Izan ere, halako egoitzek beti egon behar dute tenperatura jakin batean, eta derrigorrezkoa dute klimatizazio sistema bat. «Mundu osoko elektrizitate kontsumoaren %7 ingurukoa da informazioaren teknologien sektoreak duen energia arrastoa».

Txostenean bertan zehazten dutenez, zenbait enpresa handi hasi dira energia berriztagarriak erabiltzen egoitza horiek mantentzeko: Apple, Google eta Facebook, besteak beste. Bestelakoak dira kontuak Asiako «erraldoiekin»: Tencent, Baidu, Alibaba eta Naverrekin: «Energia berriztagarriak ezin eskuratzea oztopo garrantzitsua da modu garbian elikatutako Internet eredu bat sortzeko».

Energia berriztagarriak erabiltzen dituzten enpresen «bi adibide polit» jarri ditu Pascualek. Batetik, Facebookek Suedian eraiki zuen datuak tratatzeko bere zentroetako bat, hango aire hotza aprobetxatzeko. Bestetik, Microsoftek itsasoan jarri zuen halako bat, Eskozia inguruan, hango ur hotza erabiltzeko. «Baliabide naturalak erabilita dirua aurrezten dute».

Gaur egun «modan» omen dago datuak tratatzeko zentroei «Green etiketa» jartzea; halaxe dio Luis Maria Sainzek, SPCNet enpresako datuen arduradunak. Arabako Miñao parke teknologikoan dago SPCNet, eta, azaldu duenez, hasieratik hasi ziren inguruneak eskaintzen dizkien baliabideak erabiltzen. «Araban gaudenez, eta hotza egiten duenez, mekanismo bat daukagu kanpoko aire hotza barrura sartzeko», azaldu du. Aldi berean, zerbitzariak etengabe lanean aritzeak sortzen duen beroa teknikarien bulegoak berotzeko erabiltzen dute, zerbitzariak dauden gelako zoru eta sabai teknikoei esker. «Horrela, ziklo osoa egiten dugu».

Ez zuten dudarik izan: «erabateko logikari» jarraituz hartu zuten erabakia, enpresa martxan jarri zutenean: «Horrelako zentroek egin dezaketen minik handiena elektrizitatearen kontsumotik dator». Hori lotuta dago, esan duenez, enpresak dituen zerbitzari kopuruarekin, nahiz eta zerbitzariak ahalik eta energia gutxien gastatzeko prestatuta dauden. «Baina, batez ere, klimatizazio sistema hornitzeko prestatuta daude: horrek kontsumitzen du energia gehien; kanpoko airea erabiliz, kontsumo elektrikoa murrizten dugu, eta ekologikoagoa da».

Zentro txikiagoak

Ruiz de Loizagak azaldu moduan, datuak tratatzeko egoitzak «biltegi handien modukoak» dira; AEBetan eta Txinan ohikoak dira halako egoitza handiak, baina beste hainbat lekutan, Euskal Herrian barne, badaude txikiagoak direnak, nahiko «oharkabean» pasatzen direnak: «Hirietan sakabanatuta daude: agian, zuk jakin gabe, halako baten ondotik pasatzen zara egunero».

Halakoa da SPCNet, Sainzen esanetan. Izan ere, lainoaren zerbitzua eskaintzen dute, baina eskaintzen dituzten zerbitzuen artean beste bat gehiago da. Gainera, lainoari lotutako zerbitzuetan bi talde bereizten dituzte: bezeroek erabakitzen dute euren datuak SPCNeten zerbitzarietan gorde, edo datuen zentro handiagoetan gorde, haien laguntzarekin. «Gure lehiakide diren horiekin kolaboratzen dugu —Azure, Google, Amazon...—, haien azpiegiturak erabiliz gure zerbitzuak eskaintzeko; horrek, besteak beste, fisikoki hazten jarraitzea saihesten du». Eta fisikoki ez hazteak energia gehiago kontsumitu behar ez izatea esan nahi du.

Ruiz de Loizagaren ustez, ez dago konparatzerik erabiltzaile arruntek euren datuen bidez ingurumenean uzten duten arrastoa edo enpresek uzten dutena. Duela urte batzuk Big Data Take Down izeneko mugimendu bat bultzatu zuen Earth Action taldeak: webgune baten bidez aukera eman zuten erabiltzaileek erabiltzen eta behar ez dituzten datuak deuseztatzeko: «Jendeak sarean pilatu dituen datuen %80 ez du erabiltzen: itxi ez zenuen eta 1999. urtetik spam-a pilatzen ari den Hotmaileko kontu hura, Fotologeko kontua...», ohartarazi zuten. Urteen poderioz zenbat giga pilatu dituzten eta horiek gordez airera zenbat karbono dioxido emititzen den kalkulatzen zuen, eta behar ez zituzten datu eta kontuak ezabatzeko aukera eman; gaur egun, ordea, ez dago eskuragarri.

Teknologia libreekin lanean

Enpresa teknologikoak «beti» egon dira, Leturiaren esanetan, webguneak ostatatzeko edo datuak gordetzeko. «Lehen oso ohikoa zen hornitzaile teknologiko lokal edo txikiagoak edukitzea; denborarekin, ordea, gero eta gehiago kontzentratu dira datuak enpresa gutxi batzuetan, eta handiagoetara pasatu gara». Pribatutasunarekin eta burujabetza teknologikoarekin lotutako hainbat kezka sortu dira, ordea. «Oso erraz eta sinple jarri digute gure datuak lainora igotzea: erraztasun horiek guztiek kostu bat dute: hainbat erakunde eta enpresa pentsatzen ari dira datuak euren kontrolpean dauden zerbitzari eta datacenter-etan gordetzea».

Haren esanetan, kezka horrek aldaketak eragin ditzake, eta horretarako giltza software librea izan daiteke. Izan ere, azaldu duenez, gaur egun software librearekin eraiki daitezke lainoak: «Software libreko teknologiek ahalbidetzen dute zure zerbitzaria erraz samar muntatzea, Googlek eta eskaintzen dituzten zerbitzuen mailakoak». Webguneen birdeszentralizazioari buruz idatzi du Leturiak Elhuyar aldizkariaren martxoko alean, eta hor aipatu du fitxategiak ostatatu eta partekatzeko software libreko plataforma bat: Nextcloud. Nahi izanez gero, erabiltzaile arruntek euren zerbitzari propioa ere kontrata dezakete, haren esanetan. «Datuak beste norbaiten esku daude oraindik ere, baina zure kontrolpeko zerbitzari bat da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna