Maria Josefa Ezkurra. Migel bentako jabe ohia

«Etxea 1600. urtekoa da, eta beti egon da besteei irekia»

Arraizko bentatan sortu, bizi eta lan egin du Ezkurrak. Aurreko errepidean joan-etorrian direnek atea irekia dute. Semeari irakatsi dio gurasoei ikasitakoa, baina benta egokituz joan da. Bizitza, lana, Ultzama, mamia eta euskara izan ditu hizpide.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Arraitz-Orkin
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
N-121 errepidean aurrera eginda, albo batean dira Arraizko bentak (Nafarroa). Iruñetik joanda, lehenbizikoa Migel benta da. Urte luzez bentaren ardura izan du Maria Josefa Ezkurrak (Arraitz-Orkin, Nafarroa, 1945): «Hemen sortu nintzen, eta hemen nago oraindik ere; etxe hau niretzat gauzarik garrantzitsuena da», esan du. Euskal ohiturak eta paisaiak irudikatzen dituzten koadroak dituzte bentako jatetxean. Azulejuz apainduriko gelan garai bateko tresnak eta tximinia eder bat dago. Haren inguruan izan da solasaldia, baina sua piztu gabe.

Su honen inguruan ordu asko eman dituzue?

Bai, asko. Puntu lana egiten genuen, irakurri... denetarik egin dugu. Gaztainak ere erretzen ditugu hemen, etxekoekin.

Beti hemen bizi izan zara. Nolakoa zen hau txikia zinenean?

Eskola Arraitzen zegoen, bi kilometrora, eta goizero ateratzen ginen oinez, mendian barrena. Janaria eramaten genuen. Etxe batean prestatzen zizkiguten babarrunak, txitxirioak edo zopa, eta guk eramaten genuen errazioa eta fruta. Horrela egunero. 14 urteak bete arte egon ginen.

Etxean laguntzen zenuen?

Horrelako etxeak hain dira handiak, beti lagundu behar izaten dela. Gainera, behiak eta ardiak genituen. Goizeko seietan esne saltzailea pasatzen zen, eta nire aita jaikitzen zen behiak jeztera.

Zein da bentaren historia?

Etxea 1600. urtekoa da, eta beti egin dute lan hau, garaian garaikoari egokituta, baina beti egon da besteei irekia.

Noiztik zaudete zuek hemen?

Benta aitaren osaba-izebena zen. Haien seme bakarra gerran hil zen, eta nire aita etxean hartu zuten, 23 urterekin, abereak eta etxea eramateko. Morroi baten laguntza zuten, gu sortu ginen arte. Bost anai-arreba gara, ni handiena. 14 urterekin Donostiara bidali ninduten ikastera: kultura orokorra ikasten genuen. Ondoren, Kanbora bidali ninduten, frantsesa ikastera. Zortzi hilabete egon nintzen etxe honetako bezero batzuenean, haurrak zaintzen.

Donostian kultura orokorra ikasi zenuen? Zer zen hori?

Lanbide Heziketa baten antzeko zerbait zen. Batxilergokoekin batera aritzen ginen eskoletan.

Kanboko esperientzia zer moduzkoa izan zen?

Etxekoandreari laguntzen nion,eta haurrekin egoten nintzen. Haurrekin asko hitz egin behar denez, frantsesa aise ikasi nuen.

Frantsesa ikastea baliagarri izan zaizu?

Batez ere sukaldean aritu naiz, baina askotan atera behar izaten nuen jatetxera frantsesez elkar ulertzen ez zutelako.

Noiz itzuli zinen?

Aitak ez zuen autorik, eta ez zegoen zerbitzurik. Kanbokoek behin ekarri ninduten, hiru hilabete pasata. Zortzi hilabeteak eginda, itzuli eta hemen gelditu nintzen.

Egunerokoa nolakoa zen?

Goizean goiz irekitzen genuen, eta denetarik ematen genuen: hamaiketakoak, bazkariak, askariak eta afariak. Ez zeuden orain dauden joan-etorriak, bizitza askoz ere lasaiagoa zen orduan.

Zer bezero mota zenituzten?

Kamioilariak pasatzen ziren, eta Iruñetik egun-pasa etortzen zen jendea. Inguruetakoak ere etortzen ziren. Igandeetan herriko jendea musean aritzera etortzen zen; mezaren ondotik hamaiketakoa hartzera. Arratsaldeetan herriko neskak etortzen ziren oinez txokolate bat hartu eta kartetan aritzera. Eta, noski, mutilekin harremana izateko. Garai hartan ez zen besterik. Hemen pasatzen zuten arratsaldea.

Zuk izaten zenuen denbora lagunekin egoteko?

Batzuetan bai, beste batzuetan ez, baina izaten nuen denbora, bai. Aurrerago ez, etxean egon behar nuelako gurasoak laguntzen.

Arraitzera joaten zinen? Nolakoa zen bizitza han?

Pixka bat aparte bizi ginen gu; jolastu ere auzokoekin egiten genuen. Arraitzen abeltzaintza zen nagusi; etxe guzietan ziren abereak. Batzuk Amerikara joan ziren, eta beste batzuk kontrabandoan aritzen ziren. Goizez etxean laguntzen zuten, eta gauez, deus ez zenean gertatzen, kontrabandoa egiten zuten. Zaldiekin Iruritaraino joaten ziren, eta han hartzen zizkieten zaldiak beste aldera. Beste batzuetan handik ekartzen zituzten paketeak hona.

Zer harreman izan duzu zuk kontrabandoarekin?

Nire senarra, ezkondu aurretik, kontrabandoan aritu zen. Hemen ia mutil guziak aritu ziren.

Lotarako tokia ere izaten zenuten, ezta?

Duela hogei urte itxi genituen logelak, eta jatetxea utzi genuen. Lehen, denak hemen bizi ginen; solairu berean genituen gure logelak eta bezeroenak. Elkarrekin bizi ginen, beraz, familia bat bezala, kasik.

Zer jende geratzen zen lotan?

Bankuetako zuzendariak, politikariak eta denetarik. Lan egiten genuen gehiago estantziako jendearekin, udan egun batzuk pasatzera etortzen zirenak. Ez zen orain bezala, auto asko daudela eta jendea mugitzen dela; orduan, etortzen ziren Madrildik, Valentziatik... Hemen egoten ziren, eta mendira edo errekara joaten ziren. Haurrekin etorri ohi ziren, eta haurrek oso oroitzapen onak dituzte. Orduan, behiak genituen behean, belarrak egiten genituen zelaian, gurdian igotzen ziren...

Asko aldatu da negozio eredua?

Aldatu da, bai. Frantsesak askotan etortzen dira galdetuz ea non dagoen benta, eta azaldu behar diogu hori dela etxearen izena. Dantxarinean bentak saltokiak dira, baina hemen etxearen izena da. Hau zen gurdizainen geltokia; zaldiekin joaten zirenean hemengo bentatan gelditzen ziren.

Atarian gurdiak izaten ziren?

Gizon ingeles batek liburu batetik atera zuen etxe honen argazkia, eta aurrean gurdi bat ikusten zen.

Etxe honen jabea izan zara luzaz. Lan gogorra izan da?

Gogorra da, bai, langileak behar dituzulako, eta, batzuetan, kosta egiten da aurkitzea. Lehen, langileak gurekin bizi ziren. Hemen egiten zuten lo. Izan dugu hamar urte egon den jendea. Badago emakume bat 14 urterekin etorri zena lanera, nire ama etorri aurretik. Gero Berara ezkondu zen, baina, hala ere, asteburuero etortzen zen duela lauzpabost urte arte. Orain, 95 urte ditu. Harentzat hau bere etxea da; eta, niretzat, bigarren ama bat da bera.

Bazkariak ere ematen dituzue. Zer eskaintzen duzue? Aldatu da asko?

Guk sukaldaritza tradizionala egiten dugu. Gauza bat aldatu da: lehen, egoten ziren gauza batzuk eskaintzen zenituenak, eta listo. Orain, karta eta eguneko menua duzu, eta horrek lan gehiago dakar sukaldean, noski. Kanpoan bazkaltzeko ohiturak aldatu dira.

Zer zen gogorrena?

Ordu asko egon behar zenuela. Goizean goiz irekitzen genuen, eta 23:00ak arte hemen egoten ginen. Orain, arratsaldez ixten dugu. Azkenean, zu zara etxekoa, eta zuk ixten duzu atea.

Nola ikusten duzu orain benta?

Erretiroa hartu nuen 65 urterekin. Goizetan pixka bat laguntzen aritzen naiz, baina eguerdian zerbitzatzen hasten direnean etxera erretiratzen naiz, orain beste aldean dugulako etxebizitza. Baina beti dut buruan benta: zerbait faltako den, zer beharko den...

Mamia da inguru honetako produkturik ezagunena. Hemen ere bai, ezta?

Hemen ezin da mamirik falta. Ardiak ditugu mamia egiten dugulako. Mamiaren Egunean ere nire semeak eta Ultzama bentakoak erakusten dute nola egiten den.

Nola ikasi duzu mamia egiten?

Amari begira. Ekonomika dugu, eta han harriak berotzen ditugu. Ardi esnea ongi irakinarazi behar da erre zaporea har dezan, eta, gero, 35-37 gradura mamitzen da, eta pausatzen utzi.

Mamiaren enbaxadoreak zarete bentak?

Bai, bai. Orain, toki askotan dago, baina, lehen, mamia jateko, Ultzamara etorri behar zen. Jende asko etortzen zen, bakarrik, mamia jatera. Orain ere etortzen da, baina ez dago soilik hemen.

Sukaldean nola ikasi zenuen?

Iruñean ikastaro batzuk egin nituen, baina, batez ere, amarekin, oso sukaldari ona zelako.

Zer da hobekien egiten duzuna?

Menestra. Belaunaldiz belaunaldi ikasi dugu menestra egiten. Barazki guziak bereizirik egosten ditugu eta gero arrautza irinetan pasatu.

Zer da hemen ohikoena?

Eskalopea eta menestra. Lehen gehiago jaten zen. Etortzen bada garai batean etortzen zen jendea, beti galdetzen digute ea oraindik ere hori ematen dugun.

Zure gurasoak euskaldunak ziren?

Aita urroztarra eta ama iturendarra izanik, gurasoen artean beti aritzen ziren euskaraz; beraz, anai-arreba guziok dena ulertzen dugu. Ni ulertzeko oso ongi moldatzen naiz. Hitz egin, ez, hori kosta egiten zaigu. Ahizpa gazteenak, bai, ikasi zuen.

Zergatik ez zizueten irakatsi?

Aita gerran egon zen, eta beti esaten zigun euskaldunek arazo gehiago zituztela gainerakoekin hitz egiteko, eta irri egiten zietela. Horregatik ez zigun irakatsi. Eskolan dena gaztelaniaz zen, eta herriko apaizak ere gaztelaniaz egiten zuen. Herrian euskarak atzera egin zuen nabarmen. Nire senarraren aita arraiztarra zen, eta ez zien euskara inolaz ere irakatsi nahi izan.

Orain euskararen egoera aldatzen ari da Ultzaman?

Nire seme-alaba gazteenek ikasi zuten, eta bilobak ere oso ongi aritzen dira. Herrian orain gazteek badakite euskaraz, baina gehienek ez dute hitz egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.