Erresuma Batuko hauteskundeak. Europako Batasuna

Michelek ahalik eta azkarrena nahi du itunari buruzko bozketa

Europar Kontseiluko presidenteak adierazi du EB prest dagoela «hurrengo pausoak emateko». Erresuma Batuaren irteerarekin, Europako Parlamentuko diputatu kopurua 751tik 705era jaitsiko da

Charles Michel, atzo, Bruselan, Kontseiluaren goi bileran. STEPHANIE LECOQC / EFE.
ander perez zala
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) agintariek urtebete pasatu dute Erresuma Batuaren zain, brexit-aren prozesuaren lehen partea amaitzeko pauso erabakigarri baten zain, eta, alde horretatik, herenegungo hauteskundeen emaitzek lasaitasuna eragin dute gainontzeko 27 estatu kideen artean: hiru urte eta erdiren ostean, Erresuma Batua talde komunitariotik aterako da. Orain, hurrengo pausoa da bi aldeek iragan urrian adosturiko ituna berrestea, Theresa Mayk hiru aldiz saiatuta lortu ez zuena; Erresuma Batuan lehenik, eta Europako Parlamentuan gero. Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea argi mintzatu zen atzo pauso horren inguruan: Londresek bozketa ahalik eta azkarrena egitea nahi du, etorkizuneko harremanaren negoziazioak abiatzeko. Estatu kideek ere ideia bera helarazi zuten, goi bileraren ondorioen testuan.

Erresuma Batua beranduenez datorren urtarrilaren 31n aterako da EBtik, eta orduan trantsizio epean sartuko da —merkatu bakarrean eta aduana batasunean jarraituko du—. Adosturiko egutegiaren arabera, bi aldeek 2020ko abenduaren 31ra arte dute merkataritza akordioa negoziatu, adostu eta parlamentuetan berresteko; bidean, behar izanez gero, trantsizio epea luzatzeko aukera erabil lezakete, baina hori 2020ko uztailaren aurretik adostu beharko dute —luzapenak 2022ra arte iraun dezake—.

Egutegi estua aurretik

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa prest dago oinarrizko egutegia betetzeko, eta hainbatetan adierazi du gai izango direla harreman berria 11 hilabetean adosteko; Bruselan, ordea, iritzia ez da hain baikorra.

Dena den, hizketaldiei begira EBn testuinguru positibo bat sortzearen aldekoak dira, eta, horregatik, Michelek atzo adierazi zuen prest daudela «hurrengo pausoak emateko»; Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere baikor agertu zen, eta etorkizuneko harremanaz aritu zen: «Muga zergarik, kuotarik eta lehia desleialik gabeko harremana nahi dugu».

Londrestik, Erresuma Batuko lehen ministroak ere ez zuen mezu gatazkatsurik bidali Bruselara: «Harreman berria nahi dut, lagun gisara eta subiranotasunean maila berekoa».

Adierazpen publikoei erreparatuz gero bi aldeen asmoak baikorrak diren arren, brexit gogorrenaren mehatxuak bere horretan jarraitzen du, bi aldeek 2020ko abenduaren 31rako ez badute ezer adosten, eta trantsizio epea luzatzen ez badute.

Horren aurretik, Erresuma Batuaren irteerak ageriko aldaketak eragingo ditu epe laburrera begira: Europako Parlamentuak 2018an onarturiko planaren arabera, Erresuma Batuko 73 eurodiputatuek kargu horiek utziko dituzte irteera gauzatzen denean, eta, hortaz, legebiltzarreko ordezkariak 751tik 705era jaitsiko dira —46 aulki kenduko dituzte—.

Aldaketa horren ondorioz, estatu kide batzuen diputatu kopuruak gora egingo du, herrialdearen pisu politiko, ekonomiko eta demografikoaren arabera: Frantziak eta Espainiak izango dute gorakadarik handiena, bost eserleku gehiago, hurrenez hurren 79rekin eta 59rekin geratzeraino. Haien atzetik, Italiak eta Herbehereek hiru ordezkari gehiago jasoko dituzte: batak 76 edukiko ditu, eta besteak 29, hurrenez hurren.

Aldaketak aldaketa, Alemaniak izango du aurrerantzean ere ordezkaritzarik handiena: 96.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.