Albistea entzun

Ohitura zaharren morrontza

Zabalik dago NDF gidatzeko hautagaiak aurkezteko epea, irailaren 6ra arte. Bretton Woodsen 1944an erabakitakoa ez da aldatu 75 urtean: Munduko Bankua AEBen esku; NDF, Europaren esku.
Christine Lagarde NDFko zuzendaria (ezkerrean) eta Kristalina Georgieva Munduko Bankuko presidente zela, martxoan, Washingtonen.
Christine Lagarde NDFko zuzendaria (ezkerrean) eta Kristalina Georgieva Munduko Bankuko presidente zela, martxoan, Washingtonen. STEPHEN JAFFE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2019ko uztailak 30

Hiru hilabete iraun duen txiripa historikoa izan da, araua berresteko balio izan duen salbuespena. 75 urtean gertatu ez dena gertatu da aurten. Urtarrilaren hasieratik apirilaren hasierara bitartean, bi emakume egon ziren kapitalismoaren eta globalizazioaren bandera eta ardatz diren erakundeetako presidentetzatan, eta biak europarrak: Christine Lagarde frantziarra NDF Nazioarteko Diru Funtsean, eta Kristalina Georgieva bulgariarra MB Munduko Bankuan —behin-behineko presidentea izan zen—. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra bukatzeko urtebete falta zela, 1944an, Bretton Woodseko konferentzian AEBek eta europarrek adostutako idatzi bako araua ez da hautsi harrezkero: MBren gidaritza AEBentzat; NDFrena, Europarentzat. Eta orain ere ez dago araua hausteko zantzurik, Lagardek NDFn hutsik lagatako besaulkia betetzeko kinielak egiten ari diren honetan.

Mundua asko aldatu da 1944tik, ekonomikoki eta politikoki. Eta herrialde eta GKE gobernuz kanpoko erakunde askok kritikatzen dute, alde batetik, bi erakundeok jokatzen duten rola, eta, bestetik, AEBek eta Europako Batasunak gehiegizko presentzia dutela NDFn eta MBn, eta horietako buruak hautatzeko prozedura ez dela ez gardena, ez demokratikoa.

Frantzia gidari

NDFk, hain zuzen, atzo abiatu zuen Lagarderen ordezkoa aukeratzeko prozesua, eta irailaren 6ra arte dago aukera hautagaiak aurkezteko. Lagarde EBZ Europako Banku Zentraleko hautagai bakarra da, eta irailaren 12an utziko du, behin betiko, NDF. Erakundeak nabarmendu du prozesu «irekia» izango dela, eta «merituan eta gardentasunean» oinarrituko dela. NDFko buru berriak urriaren 4an hartuko du kargua.

Dagoeneko, Frantziako Gobernuak aitortu du badagoela hautagai nagusien zerrenda ofizial bat, bost izenez osatutakoa, —eskumako zutabean daude bostak—, eta denak dira, nola ez, europarrak. EB Europako Batasuneko estatu nagusiek erabaki dute hautagai bakarra adostu eta aurkeztuko dutela Washingtonen NDFrako, eta Frantziak bere gain hartu du EBko kideen arteko kontsentsua bilatzeko lana, uko egin baitio hautagai frantziar bat aurkezteari; nahikoa du EBZn Lagarde jarrita.

Abuztuko G7koen goi bileraren harira Parisen uztailaren 18an EBko finantza ministroek egindako bileran hasi ziren hautagaiak mahai gainean jartzen. EBren hautagaia aukeratzeko, bi baldintza adostu ziren: aditua izatea gai ekonomikoetan, baina, aldi berean, politikaren esparruan ere iaioa izatea. Beraz, soslai politikoa ari dira bilatzen, Lagarderenaren antzekoa.

NDFren zuzendaritzan bakarrik ez, aurten erreleboa egon da MBrenean ere. Jim Yong Kim MBko presidenteak dimititu egin zuen, urtarrilaren 7an —2012tik zegoen karguan—, agintaldia amaitu baino hiru urte eta erdi lehenago. Haren hutsunea betetzeko, Georgievak hartu zuen kargua behin-behinean, Etxe Zuriak hautagai estatubatuar bat aurkeztu bitartean. Donald Trumpek gizonezko bat aukeratu zuen, David Malpass, eta hura da MBko buru apirilaren 9az geroztik. Ohitura zaharrak bizi-bizi daude.

Bi erakundeen legitimitatea ezbaian jarri izan dute garabideko herrialdeek, baita erakunde alternatiboak sortu ere: BRICS eta Asiako Inbertsio Bankua, adibidez. Besteak beste, Keynes ekonomista britainiarrak sortutako MBk eta NDFk helburuak ere aldatu dituzte 75 urteko bidean. Depresio Handiaren eta Bigarren Mundu gerrako triskantzak eta gero, nazioarteko diru eta finantza politikak euren erara ordenatzeko eta kontrolatzeko sortu zituzten.

Orain, merkatu askearen eta globalizazio basatienaren predikatzaile eta betearazleak dira bi erakundeak. Baina, hara paradoxa, NDFk aldaketa handiak ditu etxe barruan ere: Bretton Woodseko anfitrioia da orain protekzionismoaren defendatzailerik sutsuena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, erdian; haren ezkerretara, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia, eta eskuinetara, Pepe Alvarez UGTkoa. ©ZIPI / EFE

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da

Imanol Magro Eizmendi

Espainiako Gobernuak %8 handitu du, eta 74.500 langileri eragingo die. CCOOrekin eta UGTrekin adosturiko eguneraketa da, eta adituek aholkatu zuten gehienezko igoeratik gertu dago

«Soldata igo arren, prekarioa izango da»

«Soldata igo arren, prekarioa izango da»

Maddi Iztueta Olano

Lanbide arteko gutxieneko soldata %8 igoko dute Hego Euskal Herrian. Asko dira gutxieneko kopuru hori irabazten duten langileak, eta, halako igoerak ongi etorriak izan ohi diren arren, «ez dira nahikoa».

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, iazko urrian. ©Oskar Matxin Edesa/Foku

EAJk eta PSE-EEk elkarrizketak hasi dituzte zerga erreforma baterako

Aitor Biain - Maddi Iztueta Olano

Helburua zerga sistemaren «progresibitatea handitzea» dela adierazi dute. Baina ez dute iragarri zer aldaketa aztertuko duten zehazki. ELAk eskatu du enpresa handiei zergak igotzea.

Baionako manifestazioa, 'Erretreten erreforma injustu hau gibelatu!' leloarekin. ©BERRIA

Milaka jendek uko egin diote erretreten erreformaren proiektuari

Ekhi Erremundegi Beloki

Bigarren greba eguna egin dute Ipar Euskal Herrian, sindikatuek deituta. Salatu dute adin batetik aitzina ezinezkoa dela baldintza egokietan lan egitea. Bihar protesta eginen dute Hendaian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.