Presidentetzarako bozak Kolonbian. Bigarren itzulia

Haize aldaketa Kolonbian

Gustavo Petro ezkerreko hautagaia izango da presidentea, Rodolfo Hernandezi irabazi ostean. Berrehun urtean lehenengo aldiz, ezkerrak aginduko du Kolonbian. «Itun nazional handi bat» eskatu du

Gustavo Petro eta Francia Marquez, herenegun, Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzak jakin osteko agerraldian, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTANEDA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Aro berri batean sartu da Kolonbia. Independentzia lortu zuenez geroztik, berrehun urte luzez eskuineko gobernu kontserbadoreak izan dituzte herrialdean. Bada, lehen aldiz, ezkerrak aginduko du Kolonbian datozen lau urteetan. Gustavo Petro Itun Historikoa ezkerreko koalizioko burua (Cienaga de Oro, Kolonbia, 1960) izango da estatuko 42. presidentea, Rodolfo Hernandez Ustelkeriaren Kontrako Agintarien Ligako liderrari gailendu ostean, herenegun bozen bigarren itzulian botoen %50,44 bereganatu baitzituen; 77 urteko presidentegai populistak bozen %47,31 eskuratu zituen. Petrok eta Francia Marquezek —presidenteorde izango da— haize berria eskaini zioten herriari kanpaina osoan, eta herriak berak enbata lehertu du. Aldaketa heldu da Nariño jauregira.

Dema estua izango zela aurreikusten zuten inkestek, baina, azkenean, Petro hiru puntu pasatxoko aldearekin nagusitu zitzaion Hernandezi; zehazki, 11.281.013 eta 10.580.412 bozka jaso zituzten, hurrenez hurren. Alde murritzagoa espero zutenez, kezka zegoen galtzaileek iruzurra salatuko ote zuten eta emaitzak ez ote zituzten ontzat hartuko. Alabaina, parte hartzea inoizko handienetakoa izan zen—%58,09koa, eta abstentzioa, %41,91koa—, eta emaitzak oso azkar jakinarazi zituzten, zenbaketa gardentasun handiz egin ostean.

Hirugarrengo ahaleginean lortu du Petrok Kolonbiako aginte makila hartzea —2010ean eta 2018an lehiatu zen, eta ez zuen irabazi—. «Ez diegu traiziorik egingo herrialdeari eta historiari gaur [herenegun] Kolonbia bestelakoa dela ozen esan duten hautesleei», adierazi zuen M-19 taldeko gerrillari ohiak, Marquez alboan zuela, milaka jarraitzaileren aurrean egindako agerraldian, Bogotan. Garaipena erdietsita, Petrok lehen eskaera argia egin zuen oholtzatik, kutsu sinboliko agerikoa zuena: Fiskaltzari eskatu zion 2021ean gobernuaren aurka izandako protestetan atxilotutako gazte guztiak askatzeko.

Ezkerreko koalizioko buruak «itun nazional handi bat» eskatu zuen, eta iragarri zuen beste alderdien laguntza eskatuko duela gobernatzeko. Berrogei minutu baino gehiago iraun zuen hitzaldiak, eta, esan zuenez, ezkerrak proposatutako aldaketak ez du «mendekurik» eragingo, ezta «gorrotorik» edota «sektarismorik» ere. «Itxaropenari ongietorria eman diogu, etorkizunaren atea irekitzeko aukerari».

Petrok «bizitzaren munduko potentzia» gisa eraiki nahi du Kolonbia, «bakea, justizia soziala eta ingurumen justizia» lortzeko. Haren esanetan, gobernu batek «ez du zentzurik izango» bakearen alde egingo ez badu. «Bakeak zer esan nahi du? Esan nahi du Hernandezi bozka eman dioten hamar milioi hautesleak erakarri behar ditugula. Ongietorriak izango dira», erantsi zuen, eta, era berean, herenegun izan zuen aurkariari eskua luzatu zion elkarrizketarako.

Hernandezek, bestalde, porrota onartu zuen. Ustekabean pasatu zen hautagaia bigarren itzulira, ustelkeriaren kontrako mezu populista batekin, eskuineko beste hautagai klasikoei aurrea hartuta. Ostera, bigarren itzuliko kanpaina oso luzea egin zitzaion eraikuntza alorreko enpresariari. Sare sozialetan zuzenekoak egiteko estrategia, eztabaida bakar batean aurpegia ez ematea eta ustelkeriagatik auzipetuta egotea lastak bilakatu zaizkio ezkerreko hautagaia garaitzeko.

«Herritarren» gobernua

Kolonbiak bere historian lehen presidenteorde afro-kolonbiarra izango du: Marquez. «Anai-arrebok, estatu hau adiskidetzeko lan egingo dugu. Bakearen alde, beldurrik gabe, duintasunaren alde eta justizia sozialaren alde!». Nabarmendu zuenez, Petro buru izango duen gobernua «herritarrena» izango da, edo, beste modu batera esanda, ez da«inorena izango». Ildo beretik, Marquezek aipamena egin zien «bizia eman zuten» kolonbiarrei. «Gure herrialde honetan tristeki hil dituzten gizarte liderrak, hil eta desagertu diren gazteak, bortxatu dituzten eta desagertu diren emakumeak, guztiak, badakit nonbaitetik laguntzen ari zaizkigula Kolonbiako garai historiko honetan».

Petrok erronka handiak izango ditu datorren legealdian: hala nola agintera iristeak benetako aldaketa ekarriko duela espero duten herritarrei ez huts egitea. Baina baita Kolonbia hautsi eta zatitu bat batzea ere. Itun Historikoa ezkerreko koalizioko buruak herrialdearen ekoizpen eredua aldatzea eta trantsizio energetikoa hastea du helburu, petrolioaren mendekotasuna murrizteko, besteak beste. Halaber, gosea amaitzea eta pobrezia murriztea ere izango du xede; gaur egun, 51 milioi herritarren %39ri eragiten baitie, Kolonbiako Estatistika Nazionalaren arabera.

Ezkerreko koalizioko buruak abuztuaren 7an hartuko du kargua, eta Ivan Duque presidentearen ondorengoa izango da. Ezkerrak gisa horretara itxiko dio atea uribismoari, hots, Alvaro Uribe presidente izandakoaren (2002-2010) inguruan biltzen diren indarren multzoari, mende honen hasieratik gobernu kontserbadoreak elite politiko beraren eskuetan egon ostean. Hain zuzen, Uribek berak ontzat eman zuen Petroren garaipena: «Petro da presidentea. Sentipen batek gida gaitzala: lehenbizi, Kolonbia». Duquek zorionak eman zizkion Petrori, telefonoz, eta, aditzera eman zuenez, datozen egunetan biltzea adostu du harekin, trantsizio «garden» bati ekiteko.

Petroren garaipenak erreakzio soka luzea eragin zuen. Kolonbian bertan, ELN gerrilla prest agertu zen 2017an hasi zen bake prozesuan «aurrera egiteko». Atzerrian, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea izan zen lehena Petro zoriontzen: «Kolonbiako herriaren borondatea entzun da, eta demokraziaren eta bakearen bidea babestera atera da». Luiz Inacio da Silva Lulak, Brasilen urrian egitekoak diren bozak irabazteko faboritoak, adierazi zuen Kolonbian gertatu den aldaketak Latinoamerikako «indar aurrerakoiak sendotuko» dituela. Antzera mintzatu zen Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obrador ere: «Demokraziaren alde eta neoliberalismoaren aurka borrokan ari diren Latinoamerikako estatu guztientzat bultzada izango da». Era berean, Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak ziurtatu zuen prest dagoela Bogotarekin aldebiko harremanen garapenean aurrera egiteko.

Bestalde, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek adierazi zuen Washingtonek Petrorekin lan egitea espero duela. Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek, berriz, Petro zoriondu zuen bozetan lortutako garaipen «eztabaidaezinagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.