inaki petxarroman
Koronabirusa munduan. ANALISIA

B planik gabe

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Denbora kontua zen. Aurten munduan egitekoak ziren ekitaldi handi guztiak bat bestearen atzetik ari dira erortzen, domino piezak izango balira bezala. Birusak ez du salbuespenik egiten, eta, Tokioko Olinpiar Jokoak atzeratzeko gai izan bada, pentsatzekoa zen gauza bera gertatuko zela COP26 Glasgowko klima aldaketari buruzko goi bilerarekin ere. Parisko Ituna sinatu zenetik, 2015ean, herrialdeek egutegian gorriz markatuta zeukaten Eskoziako bilera. Bertan, klimari buruzko akordioek arre edo so egingo duten jakingo delako.

Berez, Madrilen ere ikusi zen herrialde asko eta, tamalez, oso boteretsuak eta kutsatzaileak prest daudela Parisen hartu ziren konpromisoak lur azpian sartzeko. Washington itunetik ateratzeko tramiteetan dago, eta Australiak eta Brasilek trabak besterik ez dute jartzen, izan kontu teknikoengatik izan bestelakoengatik, isurketa murrizketetan aurrerapauso sendorik ez dadin gerta. Herrialde horietako agintarien jarrera ukatzaileak eta pausoak emateko borondate faltak ezer ez egitera bultza ditzake beste herrialde batzuk ere: Txina, India, Errusia, Hegoafrika, Mexiko… Eta horrek bai, horrek betirako lurperatuko luke Parisko Ituna.

Berez, Glasgowko goi bilera atzeratzea ez litzateke zertan etsigarria izan. Askoz kezkagarriagoak dira jadanik munduko agintari batzuei antzematen ari zaizkien jarrera batzuk. Txinak ikatza erretzeari berrekin dio modu masiboan, bi hilabetez erdi geldirik izan duen makineria produktiboa lehen baino are azkarrago martxan jartzeko. AEBek eta Txinak tiraderan sartu dituzte enpresa kutsatzaileak kontrolatzeko tresnak, koronabirusaren aitzakiarekin. Europan bertan ere, Polonia, Hungaria, Txekia eta halako herrialdeak jada eskatzen ari zaizkio Europako Batasunari bolada batez ahantz dadila bere Itun Berdearekin eta klima aldaketaren aurkako konpromisoekin. Koronabirusaren krisiak lur jota utziko ditu munduko ekonomia asko, eta aitzakia horrekin, erregai fosilen poltsatik tira egiteko tentazioa handia izango da, berriztagarrietarako trantsizioa bolada batez ahaztuta.

Kontua da 2020ko hamarkada hau gakoa dela, eta urtero %7 gutxitu beharko direla berotegi gasen isurketak berotze globala bi gradutik behera gera dadin. Eta hor ikusten dira arazoak. Herrialdeek ez baitute ikusten klima larrialdia mehatxu hurbil eta zehatz baten moduan, esate baterako koronabirusa ikusten duten bezala. Problema da zientzialariek ohartarazi dutela klima aldaketa bortitz batek pandemiak eta muturreko fenomenoak eragingo dituela. Eta koronabirusa, agian, ontziaren lemari kolpe bat emateko lehen abisu bat izan liteke. Arazoaez baita COP26 bertan behera geratzea. Arazoa da herrialdeek ez daukatela B planik, eta egungo eredua dela euren zerumuga bakarra, baita mundua, koronabirusaren antigorputzak garatu, eta immunizatzen denerako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.