Albistea entzun

Imanol Rojo. Eskiatzailea

«Munduko Kopan lehen hamarren artean sartzea amesten dut»

Azken hilabete eta erdian, Imanol Rojok bere ibilbide luzeko emaitzarik onenak eskuratu ditu, bai Europako Kopan eta bai Munduko Kopan. Italiatik itzuli berritan eman du elkarrizketa iraupen eskiatzaileak.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko urtarrilak 19

Iraupen eskiko aurpegi ezagunenetako bat da Imanol Rojo. Urteak daramatza munduko onenekin lehian, eta, haren kirol ibilbidearen azken urteetara gerturatzen ari zela zirudienean, bigarren gaztaro batean murgildu da; orain bi urte egindako aldaketa batek ondorioak izan ditu. Hurrengo hilabetean jokatuko da munduko txapelketa, eta 2022an Olinpiar Jokoak ditu: begiz joak ditu.

Denboraldi arraroa izaten ari da iraupen eskiatzaileentzat ere. Denboraldi-aurrea beste urteetan bezala antolatu al zenuen?

Alde horretatik, iaz egindakoa egin nuen. Andorrako selekzioarekin egitea erabaki dut aurten ere. Irailera arte ez ginen asko atera, eta Andorran ibili ginen gehienbat, gurpil gaineko eskian eta mendiko jardueretan. Ondoren, irailetik aurrera, glaziarretara joateko aukera izan genuen. Lau egonaldi egin genituen Stelvion [Italia]. Jokatu beharreko lasterketa batzuk bertan behera utzi dituzte; esaterako, Norvegian jokatzeko genituenak. Baina horiek bakarrik izan dira jokatu ez ditugunak; bestela, lasterketa gehienak jokatzen ari gara. Alde horretatik, ez dugu aldaketa handirik izan egutegiarekin.

Abendutik aurrera lehiaketa batzuk jokatu dituzu.

Bai, bai. Egutegiak ez du aldaketa handirik izan aurreko urteekin alderatuta, eta guk, eskiatzaileok, asko eskertzen dugu.

Italian lehiatutako Europako Kopan iritsi zen zure historiako lehen garaipena, OPA Alpen Cup Fis lasterketan. Nola gogoratzen duzu lasterketa hura?

Ez nuen inondik inola irabazterik espero! Aurreko bi asteetan ez nintzen batere gustura sentitu. Ez dakit materialagatik zen, edo fisikoki ez nintzelako erabat sasoian sentitzen, baina, nire harrigarri, asteburuan oso sasoiko sentitu nintzen. Estreinakoz Alpen Cup lasterketa bat irabazteko gai izan nintzen.

Zer sentitu zenuen irabazlea zinela esan zizutenean?

Izugarria izan zen! Ordura arte inoiz ez nintzen podiumera igo, gainera, eta nire kirol ibilbidean lortutako emaitzarik onena Europako lasterketa batean zazpigarren postu bat zen. Baina askotan izaten ez diren egun horietako bat tokatu zitzaidan, materiala bikain, osasunez ere bai... Munduko Kopako maila izaten duen lasterketa bat da Italiakoa, eta nire asmoa zen lehen hamarren artean sailkatzea. Ez nuen ezer espero, eta, gainera, lasterketa hauetara Munduko Kopako probak prestatzera joaten gara gehienbat.

Iraupen eskian hainbeste urte egin eta gero, zer sentitu zenuen podiumean?

Sari bikoitza zela pentsatu nuen! Urteak daramatzat kirol honetan, eta esfortzu handia egin behar izan dut hona iristeko. Agian, urte horietan guztietan egindako lanaren ordaina izan daiteke garaipen hau.

Gutxi ez eta, Munduko Kopan bikain dabilen eta zure taldekidea den Irineu Esteveri irabazi zenion.

Bai. Munduko Kopako proba askotan lehen hamarretan sartzen den eskiatzaile bat da. Laguna dut gainera, eta, haren ondoan entrenatzen nabilenetik, konturatu naiz asko hobetu dudala. Elkar hobetzen dugu, dudarik gabe.

Italiako probatik egun gutxira, Tour de Ski (Suitza-Italia) probara joan zinen. Datuek beldurra ematen dute; hamar egun jarraian, zortzi lasterketa…

Italiako lasterketa amaituta, egun batzuk Viehlan, eta beste egun pare bat Tolosan, etxean, pasatu nituen. Atseden pixka bat hartu ondoren, urtearen azken egunekin batera Suitzara joan nintzen berriro ere. Urtarrilaren 1ean ekin genien probei. Hainbat proba jokatzen dira, distantzia ezberdinekoak: hamabost kilometroko probak, sprintak... Azken egunean, hamar kilometroko alpinoko pista bat igotzen amaitzen da.

Zein asmorekin joan zinen Italiara?

Lehen asmoa munduko txapelketarako prestatzea zen. Lasterketa asko dira munduko onenekin lehian, eta, iaz bezala, lasterketa guztiak amaitzea zen lehen helburua. Lasterketa bakoitzean denbora asko galtzen baduzu, hurrengo egunean ezin zara irteeran egon. Iaz ikusi nuen amaitzeko gai nintzela, eta aurten jauzi txiki bat egin nahi nuen.

Zer-nolako esperientzia izan da?

Urte batzuk daramatzat han lehiatzen, baina iaz arte inoiz ez nuen lasterketa guztiak amaitzeko aukerarik izan. Iazkoarekin alderatuta, askoz hobeto ibili naiz aurten. Lasterketa gehienetan lehen 30 artean sailkatu naiz, eta azken etapan hemezortzigarren amaitu nuen. Munduko Kopa batean inoiz lortu dudan sailkapenik onena lortu nuen. Azken sailkapenean 31. amaitu nuen, baina azken egunean lehen hogeien artean sartzeak bultzada handia eman zidan. Oso indartsu sentitu nintzen, eta atzetik aurrera jende asko aurreratzeko gai izan nintzen. Azken sprintera hamalaugarren iritsi nintzen, eta hori seinale ona da.

Orain munduko txapelketak datoz.

Bai, eta hori izango da hurrengo helburua. Otsailaren 22an hasiko dira, Oberstdorfen [Alemania], eta ideia bakarra daukat buruan; munduko txapelketa batean lehen 30en artean sailkatzea. Munduko Kopako probetan sei aldiz sailkatu naiz, baina inoiz ez dut lortu helburu hau munduko txapelketa batean. Hau izan daiteke urtea! Halere, hilabeteotako emaitza on hauekin, helburua aldatu beharko dut. Normalean, zailagoa izaten da Munduko Kopan helburu hau lortzea, munduko txapelketa batean baino.

Orain bi urte, zure azken ahalegina izan zitekeela esaten zenuen. Gauzak asko aldatu dira geroztik.

Bai, hainbeste urte egin eta gero etsitzen hasita nengoen. Baina iazko emaitza onen ondoren eta aurtengo denboraldia nola doan ikusita, ikuspuntua asko aldatu zait. Jauzi bat egin dudan sentsazioa daukat azkenaldian, eta orain ikusi beharko da munduko txapelketan zer-nolako lana egiten dudan.

Nondik etorri da aldaketa?

Gauza asko elkartu dira. Hasteko, entrenatzeko era aldatu egin dut, eta Andorran dudan taldea izugarria da. Fisioterapeutak, eskiak bere puntuan jartzen dizkidan lantaldea... Irineu Esteverekin entrenatzea ere motibazio handia izan da. Hari jarraitzeko gai naizela ikusteak ere indarra ematen dit. Espainiako selekzioan ez genuen horrelako egiturarik, eta oso zaila izaten zen munduko onenekin lehian ibiltzea.

Urtea bikain doa, eta aipatu duzu munduko txapelketak begiz joak dituzula, baina zein dira handik aurrerako helburuak?

Europako eta Munduko Kopako lasterketak izango ditut helburu nagusiak, munduko txapelketak igarotzean. Erabaki bat hartu beharrean izango naiz. Oraintxe bertan hirugarren noa Europako Kopako sailkapenean, eta polita litzateke podiumera igotzea.

Hori da helburu nagusia?

Aukeretako bat da. Halere, mundukoen aurretik Europako Kopako beste lasterketa bat dago, eta, hara joan eta puntuak pilatuz gero, ziur nago aukera hori aprobetxatzen saiatuko garela. Hiru lasterketa bakarrik gelditzen dira, eta haietako batean jada badakit ez naizela izango, munduko txapelketekin batera jokatuko baita. Beste bi lasterketetan egon daiteke gakoa.

Europako Kopako podiuma aldatuko al zenuke Munduko Kopako probaren batean lehen hamarretan sartzearekin?

Galdera zaila egin didazu! Europako podiumean sartzea erronka handia da, baina, beste alde batetik, Munduko Kopan lehen hamarretan sartzearekin amesten dut. Zaila da erantzutea. Bietakoren bat lortuz gero, bultzada handia litzateke datorren urtean jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako

Olinpiar Jokoak aipatu dituzunez, zure hirugarren Jokoak izango lirateke.

Polita litzateke! Hirugarrenez izango nintzateke bertan, eta aurreko jokoetan egindako lanak hobetzea amesten dut. Inoizko sasoirik onenean nago gaur egun, baina oraindik ere ia urtebete baino gehiago gelditzen da horretarako. Hura izango da etorkizuneko erronka nagusia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Abelardo Fernandez Alaveseko entrenatzailea, haserre, larunbatean Osasunaren aurka jokatutako derbian. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Oroipenak, besterik ez

Eñaut Agirrebengoa

Abelardok okerreko bidetik abiatu du bigarren aroa Alavesen aulkian. Iraganeko formula ahaztu du, eta, oraingoz, hasiera hobe baten akorduak ekarri ditu soilik.
Asier Martinez eta Teresa Errandonea, ahalegin betean. ©KIKO HUESCA / EFE-RFEA

Lekuko baino gehiago

Julen Etxeberria

Atletismoko lehen txapelketa handia jokatuko dute pandemia betean: Pista Estaliko Europako Txapelketa, Torunen, Polonian, bihartik igandera. Bi euskal herritar ariko dira, biak 60 metroko hesidunetako proban: Asier Martinez eta Teresa Errandonea.

 ©STEPH V. PHOTOS / AIVORN

«Giroagatik aukeratu nuen Baiona»

Iñaki Berastegi

Ordasek uste du ezen, koronabirusak gogor astindu bazituen ere, garaiz indarberritu direla mailari eusteko borroka esturako. Taldeko jokalari garrantzitsuetako bat bilakatu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna