Albistea entzun

Bizikleta eta korrika uztartzearen gogortasuna

Irailaren 5ean hasi zen Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua. Hiru hilabete iraungo du, eta bederatzi probaz osatuta dago. Oraingoz, hiru jokatu dira. Enara Oronoz eta Eneko Gurrutxaga pozik ari dira lehiatzen; nabarmendu dute iazko denboraldian parte hartzeak gora egin bazuen ere aurten behera egin duela.
Enara Oronoz duatloilaria, lasterka proba batean.
Enara Oronoz duatloilaria, lasterka proba batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko irailak 28

Azken hamar urteetan gertatu den antzera, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak ez du hutsik egingo aurten ere. Mendiko bizikleta eta mendian korrika aritzea uztartzen dituen modalitatea da mendi duatloia. Proba guztiak korrika hasi eta bukatu ohi dira, tartean mendiko bizikletarekin kilometro batzuk egin ostean. Hiru hilabetez irauten du egutegiak. Igantzin (Nafarroa) abiatu zen, hilaren 5ean. Geroztik, beste bi proba ere jokatu dira; Igartzan (Beasain, Gipuzkoa) eta Urduñan (Bizkaia).

Gizonezkoen artean jokatu diren hiru lasterketetan garailea desberdina izan da. Igantzin Iñaki Isasi txirrindulari ohia gailendu zen; Igartzan, Paul Bereziartua; eta, Urduñan, Jon Durana. Gaur-gaurkoz, Paul Bereziartua dago sailkapen orokorreko lehen postuan, Inaki Isasiren eta Josu Urrestarazuren aurretik.

Emakumeen kasuan, bi izan dira irabazleak. Igantzin, Ainhoa Usandizaga izan zen emakume bakarra parte hartzen, eta harentzat izan zen garaipena. Antzera gertatu zitzaion Enara Oronozi Igartzakoan. Urduñakoa, aldiz, Zuriñe Frutosek irabazi zuen.

Baina zirkuitua amaitzeko, oraindik beste sei proba daude jokatzeke. Hiru asteko etenaldia izan eta gero, urriaren 9an izango da hurrengoa Arespalditzan (Araba). Bertan, jokoan izango da aurtengo Mendi Duatloi Zirkuituko Euskal Herriko Txapelketa. Ondoren izango dira Zegamako (Gipuzkoa), Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) eta Aiako (Gipuzkoa) probak.

Azaroan, Ibarran (Gipuzkoa) eta Adunan (Gipuzkoa) jokatuko direnekin emango zaio amaiera aurtengo zirkuituari.

ENARA ORONOZ
Duatloilaria

«Hain emakume gutxik parte hartzearen arantza izango dut irabaziz gero»

Euskal Herriko Mendi Zirkuituko arazorik handienetako bat emakumeen parte hartze urria izan ohi da. Lehiatzen direnetako bat da Enara Oronoz (Otsagabia, Nafarroa, 1991). Iaz mendi duatloiko Euskal Herriko txapeldun izan zen. «Gogo handia neukan berriro ere zirkuituan aritzeko. Iazkoarekin oso gustura gelditu nintzen». Halere, pena handia dauka hain emakume gutxi dabiltzala ikusita. «Iaz jende gehiago ikusten genuen lehian. Agian, pandemiarengatik beste diziplina batzuetako lasterketak bertan behera gelditu zirelako izango zen. Baina beste gauza bat izan zen».

Oraingoz, hiru neska bakarrik aritu dira lehian zirkuituko lehen hiru probatan. Gogoeta argia egin du Oronozek: «Oso arraroa izan da orain artekoa». Mutilekin «nahastuta» lehiatzea da aukera bakarra: «Lasterketek duten lehia kutsua galtzen da, eta ni askotan neure buruaren aurka aritzen naiz. Nahiagoko nuke beste emakume batzuen aurka aritzea». Antolatzaileei ere ohartarazi die emakumeen parte hartze eskasaz, baina argi dauka ez dela haien errua zirkuituan hain emakume gutxi ibiltzea. Horrek ekar ditzakeen ondorioen artean motibazio falta aipatu du. «Behin edo bitan lehiatu zaitezke bakarrik, baina luzera begira desmotibazioa gailenduko dela ziur nago».

Emakumeen parte hartze eskasaren arrazoietako bat probek duten gogortasuna izan daitekeela uste du Oronozek: «Askok esan izan didate, agian, probek zailtasun gutxiago balituzte, gehiago animatuko zirela». Ondorengoa ere erantsi du: «Bizikletan egin beharreko eremuak oso teknikoak dira gehienetan, eta horrek atzera botatzen ditu parte hartzaile asko. Jendeak ez dauka gaizki pasatzeko gogorik».

Arazoak arazo, Oronozek bikain ekin dio 2021eko zirkuituari. Igartzan eta Urduñan jokatutako probetan garaipena lortu zuen. Honela aztertu ditu bi probak: «Lehenengoan bigarrengoan baino okerrago ikusi nuen neure burua. Mendiko bizikletan apenas ibili nintzen aurretik, eta horrek gauzak zaildu zizkidan. Bigarrengoan, aldiz, oso gustura aritu nintzen. Iazko denbora hobetu nuen». Hasiera batean, zirkuitu osoa egiteko asmoa du. «Aurtengo helburuetako bat zirkuitua irabaztea da. Baina, nahiz eta zirkuitua irabazi, hain emakume gutxik parte hartuta, zapore gazi-gozoa geldituko zait. Ez du meriturik izango egoera horretan irabazteak».

Egutegiko hurrengo proba ere, jada begiz jota dauka. Urriaren 9an izango da, Arespalditzan. «Euskal Herriko txapelketa izango da. Oso gogotsu nago». Iaz Ibarran (Gipuzkoa) irabazi zuen txapelari segida eman nahi dio. Ez du egun hura ahaztu. Gogoan dauka txapel hura irabazteko atera behar izan zuen izerdia. «Iazko Euskal Herriko txapelketako lehia oso polita izan zen. Tartean ziren Maria Ijalba eta Mayi Mujika ere, eta nire onena eman behar izan nuen txapela irabazteko. Ea aurtengo txapelketara, behintzat, emakume gehiago azaltzen diren!».

Baina ordura arte ez da geldirik egongo mendi duatloilari nafarra. Transpyrenaica egiten izango da beste hiru txirrindularirekin batera. Elkartasun egitasmo bat da, eta Oronozekin batera izango dira Jon Mendia, Endika Mantecon eta Xabier Urrutikoetxea txirrindulariak. «Orain dela bi urte Etiopian egon nintzen, eta oso oroitzapen onak dauzkat. 2020ko azarotik, gerran dira Tigrayko lurraldean, eta inork ez dauka horren berri. Hori salatu nahi dugu proiektu honen bidez, eta, aldi berean, lortutako diruarekin, bertakoek ura eta janaria izan dezaten lortu. Etiopia-Utopia fundazioarekin egindako elkarlana izango da». Ez da nolanahiko erronka, zazpi egunetan, Rosesetik (Herrialde Katalanak) Hondarribira (Gipuzkoa) dauden 80 kilometroak osatu beharko baitituzte.

Baina dena ez da mendi duatloia Oronozen kirol jardueran. Behin zirkuitua amaituta, neguko triatloietan aritzeko asmoa dauka. «Denboraldiaurre baten parekoa izaten da zirkuitua niretzat. Askotan, neguko triatloietan, suzko izate horren falta sumatzen du. Hori mendiko duatloiek asko ematen dute. Oso proba motzak dira, eta gorputza azken muturreraino eraman behar izaten dugu ia lasterketetako momentu guztietan».

ENEKO GURRUTXAGA
Duatloilaria

«Isasi eta Bereziartua hobeto daude, baina ez dut ezer baztertzen»

Asko dira azken urte hauetan Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituan aritu diren atletak. Zirkuituari nolabaiteko fideltasuna erakutsi diote azken ekitaldietan. Horietako bat da Eneko Gurrutxaga (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1986). 2019an zirkuituko txapeldun izan zen. «Azken lasterketara arte Iñaki Isasirekin lehian ibili ondoren, irabaztea lortu nuen. Ordura arte inoiz ez nuen zirkuitua irabazteko aukerarik izan, baina urte hartan ondo prestatu nuen. Agian, ez zen aurreko urteetako mailarik egon, Julen Larruzea, Jon Erguin eta Alain Santamaria ez zirelako lasterketa askotan egon, besteak besteak. Baina handia izan zen irabaztea». Ez du berehalakoan ahaztuko 2019a, Mendi Duatloien Euskal Herriko Txapelketa ere bereganatu baitzuen Eliteko mailan.

Aurtengorako ere gogotsu dago. Lehen hiru lasterketak jokatu ondoren, Paul Bereziartuak agintzen du sailkapen orokorrean, eta Gurrutxaga bosgarren postuan sailkatuta dago. Oronozen antzera, Gurrutxaga berak ere begiz jota dauka urriaren 9an Arespalditzan jokatuko den txapelketa. «Ez da batere erraza izango. Iñaki Isasiren herrian jokatuko da, eta badakit oso gogorra izango dela. Halere, argi daukat: ni txapelaren bila joango naiz. Saiatzeagatik ez dadila izan, behintzat». Ondotxo daki aurtengo txapela irabazteko biziki sufritu beharko duela, eta, hasiera batean behintzat, ez du bere burua irabazletzat ikusten. Irabazteko faborito izango direnen izenak aipatu ditu. «Badakit gaur-gaurkoz Paul Bereziartua eta Iñaki Isasi ni baino indartsuago daudela, eta oso zaila izango dela nik irabaztea. Baina ez dut ezer baztertzen. Motibatuta nago»

Uda ez da Gurrutxagarentzat entrenamendu zorrotzen aldia. Lagunekin eta etxekoekin bizikleta irtenaldiak egin ditu. Baina irtenaldi horiek ez dira prestakuntzara bideratuta egoten. «Udan, lagunekin irtetean, ez gara lehian pentsatzen egoten. Ondo pasatzeko irtenaldiak izaten dira, nahiz eta batzuetan ederki lehiatzen garen elkarren artean», gogoratu du, irribarretsu, udaz galdetzean. Baina urtaroa amaitzearekin batera, erronkak eta helburuak finkatzea tokatzen zaio lehian hasi aurretik.

Hasiera-hasieratik argi zeukan berriro ere zirkuituan arituko zela, baina Igantzin jokatutako lehen proban ezin izan zuen parte hartu. Asteburu berean, hiru etapatan jokatzen den Pyr Epic (Lourdes, Pirinioak, 180 kilometro eta -9.000 metro) proban izan zen. Prestaketa handirik gabe joan zen arren, oso ongi jardun zuen. Laugarren postuan amaitzea lortu zuen. Pirinioetako erronka amaituta, konturatzerako iritsi zitzaion zirkuituko lehen lasterketa.

Igartzako estreinakoarekin batera iritsi zen lehen ezustea. «Igartzan jokatutako lasterketan hirugarren amaitzeak harritu egin ninduen. Ez nuen espero hain aurrean amaitzea». Emaitza on horrek, Urduñan izan zuen jarraipena. Laugarren sailkatzea lortu zuen.

Parte hartzea ere izan du hizketagai Gurrutxagak. Azken urteetan beherakada nabarmena izan zuen zirkuituak, aldiz, iazko denboraldian parte hartzea igo egin zen. Gorakada horren arrazoia azaldu nahi izan du. «Iaz jendeak lehiatzeko gogo handia zeukan, eta inoiz zirkuituan aritu gabeko jende asko animatu zen parte hartzera». Baina iazko gorakadak ez du jarraipenik izan. Aurtengo lehen probetan, berriro ere nabarmen jaitsiera dira parte hartzaileak. Zergatiaren arrazoiengatik galdetzean, Gurrutxaga kexu da: «Aurtengorako ere banuen itxaropena, baina izen emateek behera egin dutela aitortu behar dugu. Pentsatzen nuen jendeak jarraituko zuela, baina ez da hala izan». Beste arrazoietako bat ere aipatu nahi izan du: egutegia berandu xamar aurkeztu izana. Horrenbestez, uste du datorren urterako mendi duatloiko egutegia «lehenbailehen» aurkeztea izango dela egokiena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Pumori, 20 urte. Elurbiziak estali ez zuena

Hogei urte bete dira gaur Pumorin bost alpinista euskaldun hil zirela zorigaiztoko istripu batean

Unai Ugartemendia

Hamar alpinistak osatzen zuten espedizioa, baina bost bakarrik itzuli ziren Euskal Herrira. Euskal mendizaletasunak inoiz jasandako istripurik gogorrena izan zen duela hamar urteko hura. Betirako Pumoriren magalean gelditu ziren Javi Arkauz, Aritz Artieda eta Cesar Nieto nafarrak, eta Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza gipuzkoarrak.

Cardoso, gaur, zazpi metroetako jaurtiketa bat botatzen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Bera Berak berdindu egin du Paris 92ren aurkako joaneko neurketa

Paulo Ostolaza

Europako Ligako bigarren kanporaketako lehen partida jokatu dute gaur Donostian. Super Amara Bera Berak bizpahiru golen errentak izan ditu bigarren zatian, baina erasoan ez du asmatu azken-azkenean.

Osasunako jokalariak Chimy Avilaren gola ospatzen, gaur, Vila-Realen. ©Doménech Castelló / EFE

Osasunak aparretan jarraitzen du

Berria

Etxetik kanpo lautik lau partida irabazi dituzte gorritxoek. Lucas Torro eta Chimy Avila izan dira golegileak, eta sailkapenean, behin behinean, bigarren postuan daude.

Bengoetxea VI.a, gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. ©Monika del Valle / Foku

Bengoetxeak ez du azken hitza esan

Paulo Ostolaza

Neurketaren bigarren erdian nagusitu da Bengoetxea. Gaur galduta, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da Elordi, eta Etxeberria finalerdietan da jada.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna