Agintera itzuli da kaisarra

Belauneko lesio larritik osatu, eta Alavesen susperraldian funtsezko eragile bihurtu da Victor Laguardia. Atzelariak segurtasun handia eman dio taldeari, eta urrezko bi gol sartu ditu.

Agintera itzuli da kaisarra.
enaut agirrebengoa
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legeaz mintzo da Berri Txarrak taldea FAQ kantan. Bada, erori ostean, Victor Laguardia ez da altxatze hutsarekin konformatu. Lesio gaiztoa izan zuen eskuineko belaunean duela ia urtebete, iazko apirilaren 23an. Zaharrak berri, 2011n ere artikulazio berean min hartu eta ebakuntza egin behar izan baitzioten. Oraingoan zazpi hilabete luzeko kalbarioa igaro zuen, harik eta azaroan senda-agiria jaso zuen arte. Urtarrilaren 10ean itzuli zen, Espainiako Kopan, eta ligan lau egun geroago izan zuen berragertzea, Sevillaren kontra. Geroztik minutu guztiak jokatu ditu ligan, eta maila apartean jardun. Inoizko sasoi punturik onentsuenean itzuli da.

Azken hilabeteetan lerro asko idatzi dira Alavesen susperraldiaz. Abelardo Fernandez jotzen da erantzule nagusitzat, hura aulkira iristearekin bat hasi baitzen taldea gora egiten. Edonola, beste aldagai batzuk ere aintzat hartu behar dira, hala nola Laguardiaren itzulera. Izan ere, atzelariaren ekarpena oinarrizkoa ari da izaten. Laguardia gabe, Alavesek hamabost puntu lortu zituen ligan jokoan izandako lehen 54etatik; bada, Laguardiarekin, 39 puntutik 20 lortu ditu. Datu horiek aztertzean, aintzat hartu behar da atzelaria ez zela izan sasoi hasierako hondamenean, eta taldea goranzko joera nabarmenean itzuli zela. Edonola, ezin uka hura izan denik Alavesen iraultzaren erantzule behinenetako bat.

Hiru zatitan banatu behar da atzelariaren ekarpena. Alde batetik, eta nagusiki, sendotasuna eta segurtasuna eman dizkio sasoiaren lehen fasean ikaragarri hauskorra izan zen defentsako lerroari. Goikako jokaldietan ia garaiezina da, eta aurrelariei bikain hartzen die aurrea. Hori gutxi ez, eta erasoan ere zeresana ari da ematen. Zentzuz ateratzen ditu baloiak atzetik, eta geldikako jokaldietan mehatxu handia da, buruz bikain errematatzen baitu. Modu horretan urrezko bi gol sartu ditu orain arte: aurrenekoa Levanteren kontra, luzapenean, markagailua hutsean zela, eta bigarrena azken jardunaldian, Getaferi, orduan ere 0-0ekoa apurtuz.

Horretaz landa, nortasunez janzten du taldea, eta hobetu egiten du taldekideen maila. Esaterako, haren alboan nabarmen egin du hobera Rodrigo Elyk. Hori guztia aintzat harturik, ez da harritzekoa Laguardia Alavesen kaisarra bezala ezaguna izatea.

Estutasunik gabeko derbia

Horiek hala, gaur ere hasieratik ipiniko du Abelardok, Alavesek Ipuruan Eibarren kontra jokatuko duen derbian. Arabarrek garaipen biziki baliotsua lortu zuten iragan jardunaldian, eta salbazioa eskura dute: zazpi jardunaldi falta direla, hamabi puntura dituzte jaitsiera postuak. Beraz, premia larririk gabe ariko dira gaur. Eibar ere ez du estutzen sailkapenak, baina Mendilibarrenek bost partida daramate irabazi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.