Festak Lizarran

Eztandak askatuko ditu gogo metatuak

Gaur botako dute Lizarran suziria, hamabietan, zazpi eguneko jaiak hasteko. Musika emanaldiak dira egitarauko gehienak, baina egun bereziak egongo dira: erraldoiena, adinekoena eta umeena.

Dantza ikuskizuna, Lizarrako txupinazoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Lizarra piztear da. Puiko Andre Mariak ematen die izena festei; ohitura berriek, baina, lekua kendu diete ekitaldi tradizionalei. Horrela, begiak udaletxeko balkoira egongo dira zuzenduak gaur, hamabietan. Lizarratarrek indar guztiak gorde dituzte urtebetez, itxoiten egon diren eztanda entzundakoan, jai giroan gogoz murgiltzeko.

Jaien hasierako suziria jada ez dute udaleko politikariek botatzen. Ohitura hori aldatu egin zuen EH Bilduko azken gobernuak. Alkate berriak — Navarra Sumakoak— berdin jarraitu du: Lizarrako Dendari eta Ostalarien Elkarteko lehendakariak botako du aurtengo txupinazoa, hau da, Jose Flamariquek. «Jaien hasieran pentsatzean zirrara izugarria sortzen zait, tximeletak sabelean barna izango banitu bezala», esan du Flamariquek. Elkarteak 30 urte pasatxo ditu, eta saltoki txikiak hauspotzeko sortu zen. Sektorea sustatzeko kanpainak antolatzen ditu, eta baita urteroko Lizarrako Erdi Aroko Astea ere, parte hartze handikoa.

Txupinazoak jaien hasiera markatuko du, eta zazpi eguneko festa dator ondoren, jardueraz betea: 190 ekitaldi ofizial antolatu dituzte. Udal gobernu berriak egina jaso zuen egitaraua, baina aldaketa txiki batzuk egin ditu. Atzoko, adibidez, euskalgintzan lan egiten duen Garean elkarteak umeentzako jolasak zituen antolatuak Foruen plazan; udalak, ordea, Los Llanos parkera mugiarazi zituen abisurik gabe, erdigunetik at.

Gaur, bonba japoniarrak botako dituzte: jostailu arinez betetako suziriak dira. Jostailuak zerutik etortzea ametsa ote? Lizarran ez. Dantzek hartuko dute gero lekukoa, eta bazkariek, erraldoi eta buruhandien konpartsaren kalejirak, meza nagusiak, kontzertuek...

Musikazaleek eskaintza bereziki handia edukiko dute zazpi jaiegunetan. Alde batetik, Lizarrako ikastolak jaigune bat antolatu du Santiago plazan, euskal gunea izateko helburuarekin; afariak, eguneko giroa eta gaueko kontzertuak egingo dituzte han. Bestalde, Lizarrako Festagiro taldeak txosnak prestatu ditu; kontzertuak dira apustu nagusia. Udalak ere antolatu ditu gaitero eta txistularien kalejirak, eta musika mota anitzetako kontzertuak.

Egun bereziak

Herritar talde edo jaietako pertsonaiei eskainitako egun bereziak egingo dituzte. Gaurkoa erraldoien eguna da; astelehena, berriz, adinduen eguna izango da; eta asteartea, umeen eguna.

Azken hori umeen txupinazoarekin hasiko da. Goizean, erraldoien kalejira eta antzerki emanaldi bat egingo dituzte; arratsaldean, jolasak; eta, gauean, En Tol Sarmiento, Hesianeta DJ Ohian Vegaren ikuskizunak.

Hemendik aste batera, ostiralean, aste osoko festaren ondorengo egunean jaikiko da Lizarra, egunerokora itzultzeko zailtasunekin, agian. Orain, baina, udaletxeko balkoiko mugimenduei erreparatu behar zaie. Suziria prest da; egitaraua, abiatzear; jendea, urte osoko itxaronaldia amaitzeko gogoz. Eztanda batek emango die bide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.