Lewis Hamilton

Nork jasoko du haren kaskoa?

Zazpigarrenez irabazi du Munduko Txapelketa Mercedeseko gidariak. Pizgarri dezente ditu datozen bizpahiru urteetarako: nagusia zortzigarren titulua lortu eta titulu gehien irabazi duen gidaria bihurtzea.

CLIVE MASON / EFE.
Laurentzi Garmendia
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Lewis Hamiltonek Michale Schumacher berdindu du, herenegunzazpigarren munduko titulua lortu ondoren. Bien arteko alderaketak izango dira orain. 1 Formulak zazpi-zortzi urteko zikloak ditu, arautegia eta taldeen joan-etorriak direla eta. Schumacherrek mende hasierako zikloa bereganatu zuen; Ferrari eta Bridgestone ukiezin ziren garaia zen. Sebastian Vettelen txanda etorri zen ondoren: Red Bullekin batera, inork baino etekin handiagoa atera zien puztutako difusoreei. Turbo zikloa 2014an hasi zen, eta inork ez zekien aro hori Hamiltonena izango zenik. Horregatik, alderaketak ezin dira planteatu oinarri bera hartuta. Badira puntu komunak, noski: oso ona izan behar da 1 Formulan egoteko; oso azkarra izan behar da lasterketa bat irabazteko, baina gidari azkarra, trebea eta adimentsua titulua irabazteko.

Oso posible da datorren urtean Hamiltonek zortzigarren titulua lortzea. Talde gehienek egungo egiturari eutsiko diote; beraz, pentsatzekoa da ez dela berebiziko aldaketarik izango. Hamiltonek 35 urte ditu, eta bere aurkari nagusiak askoz gazteagoak dira: Max Versatappenek 23, Charles Leclercek 23 eta Lando Norrisek 21. Horiek badute Hamiltonengandik zer ikasia. Igandeko lasterketa da horren erakusle bikaina: seigarren hasi zen, eta lehen erdia osatuta, ez zirudien irabazteko moduan zegoenik. Lasterketa amaieran adierazi zuenez, itzuliz itzuli bihurguneetan gidatzeko modu desberdinak probatuz joan zen, eta azkenerako nahierara irabazi zuen, pneumatikorik zaharrenak izan arren. Gazteek abiadura izugarria dute, baina halako baldintza zailetan zer pentsatua ematen du podiumean eskarmentua duten gidariak egoteak. Izan ere, Sergio Perez eta Vettel sailkatu ziren ondoren.

Muga non duen galdetu behar zaio. Nahi duen arte jarrai dezake Mercedesen, eta nahi izanez gero, baditu bizpahiru urterako erronkak: datorrenerako, Schumacherren marka hobetzea; hurrengorako, autoak erabat desberdinak izatea eta araudia berria egotea.

Orain dabiltza Mercedes eta Hamilton kontratu berria eztabaidatzen. Normalena bi aldeak ados jartzea izango da, Schumarrekin duen berdinketa haustea oso ikusgarria baita kanpora begira. Gainera, Hamiltoni Mercedes izena lotzea oso preziatua da komertzialki. Duela aste batzuk Hamiltonek adierazi zuen oraindik ez zuela horretan pentsatu.

Autoetan, parekotasuna

Zortzigarrena lortuz gero, bera bakarrik geldituko litzateke tituluen sailkapenaren gorenean. Egungo autoak makina perfektuak dira kasik; inoiz ez da hain txikia izan parrilako autorik mantsoenaren eta azkarrenaren arteko aldea. Hala, balentria ez da behin irabaztea, baizik eta zazpi aldiz irabaztea. Eta hor Hamiltonek ez du bere mailari eta tentsioari eutsiko dion aurkaririk topatu. Hori da haren tituluek duten orbana, 2008koak izan ezik: Felipe Massak eta Kimi Raikkonenek estu jarri zizkioten gauzak.

Azken zazpi urteetan, sei aldiz lortu du titulua Hamiltonek, 2016koa Rosbergek irabazi baitzuen. Alemaniarrak ezustean erretiroa hartu ostean, Hamiltonek ez du aurkaririk etxean. Valtteri Bottas ezkutari fidela du; pole-ren bat lapurtu dio, baina lasterketan koska bat beherago dago. Mercedesek aski du horrekin, batak gidarien titulua ematen dielako eta besteak autogileena. Gainontzean, Ferrari bakarrik izan da bizpahiru aldiz gerturatu zaiena, baina italiarrek beti dute lan ona zapuzteko dohain hori. Azken adibidea aurten bertan eman dute. Araudi aldaketa batekin hasi zen Hamilton-Mercedesen nagusitasuna, eta beste araudi aldaketa batek amai dezake.

Lortu dutena hor geldituko da, betiko. Hamiltonek handi egin du Mercedes, eta Mercedesek handi egin du Hamilton. Ayrton Sennaren kasko bat jaso zuen 2017ko Kanadako Sari Nagusian, brasildarraren 65 pole-en marka berdindu zuenean. Aurten, Schumacherren kaskoa jaso zuen haren seme Mick-ek emanda, haren garaipen kopurua berdindu zuenean. Jada marka gutxi dauzka hausteko, baina inork ez ditu hark bezain eskura. Zaila izango da, ordea, hemendik aurrera beste norbaitek Hamiltonenak haustea. Denbora luzean ez da izango haren kaskoa jasoko duenik, panoramari erreparatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.