Gazte jarraitzen du matrizeak

'The Matrix' filma 1999an estreinatu zen, eta arrakasta handia lortu zuen zinema aretoetan. Herri kulturan txertatu dira zenbait eszena, balak mugimendudun kamera motelean agertu zituen, eta mitologia berri bat sortu zuen. Superheroien filmetan eragin nabarmena izan du, adituen arabera.

BERRIA.
Iker Tubia.
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Esnatu, Neo... Matrixek bere baitan zaitu... Jarraitu untxi zuriari. Kask, kask, Neo». Ordenagailua da, The Matrix filmeko protagonistari solasean. Une horretan, errotik aldatuko da Neoren (Keanu Reeves) bizitza, superheroi bat bihurtzeraino. Mende aldaketaren atarian estreinatu zuten Wachowski ahizpek The Matrix, 1999. urtean. Teknologiaren iraultza, ekialdeko arte martzialak, bala motelduen uhinak eta Platonen haitzuloaren alegoria nahasten zituen koktelak sekulako arrakasta izan zuen zinema aretoetan. Hogei urte geroago, filmak garaiko zirrarari eusten dio.

Adituei galdetuta, bat datoz: filma ona da, oraindik ere, hogei urteren ondoren, eta ez da zaharkitu: «Hollywoodeko zinema mainstream-aren produktu bikaina da. Oso ondo egindako ikus-entzunezko kontaketa da, dudarik gabe, ikuspegi teknikotik zein narratibotik. Horregatik, hogei urte geroagoko begirada batetik ikusita, ez da zaharkitu», azaldu du Leire Ituarte EHUko ikus-entzunezko irakasleak. Bat dator Josemi Beltran Donostia Kulturako Zinema saileko zuzendari teknikoa eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria: «Bere boterea eta energia mantendu ditu, bisualki zein istorioari dagokionez».

Arrakasta handia erdietsi zuen filmak. Ezustean gainera. Hala uste du Gontzal Agote zinema kritikoak: «Ekoiztetxe handia zuen atzetik, Warner Bros, eta ekoizlea Joel Silver zen, baina ez zuen sortu ikusmira handirik estreinatu aurretik. Sorpresa izan zen». Ez hori bakarrik: «Zientzia fikzioaren zaleen muga gainditu zuen; horrelako filmak ailegatzen ez diren beste esparruetara ailegatu zen».



Koktel on baten modukoa izan zen The Matrix: arrakastaren gakoa osagaiak ongi nahastea izan zen. Batetik, une egokian aurkeztu zen. Milurte aldaketaren atarian, teknologia berrien iraultzak kezka piztu zuen gizartean. «Bazegoen milenarismo moduko zerbait, bazegoen beldur bat», gogorarazi du Agotek. Ituarteren arabera, garaiko kezkei erantzun zien filmak: «Narrazioaren osagaiak primeran nahasten dira milurteko aldaketak zekartzan kezka eta antsietate kolektibo garaikideekin: teknologia berriek ekartzen zituzten eraldaketak, errealitatearen eta simulakroaren arteko muga geroz eta lausoagoak...». Irakaslearen arabera, Jean Baudrillarden Simulacres et Simulation saiakerako ideia jaso zuten. Are, bere aipua erabiltzen du Morpheusek (Laurence Fishburne): «Ongi etorri errealaren basamortura».

Bala motelak

Efektu bisualek ere eman zuten zer esanik, batez ere bullet time deiturikoak. Ez zen efektu hori erabili zuen lehenbiziko filma, baina hari esker egin zen ezagun. Efektu horren bidez, oso azkarrak diren mugimenduak oso abiadura motelean ikus daitezke, kamera mugitzen den bitartean. Hau da, ikuspegia aldatu bitartean. Herri kulturan txertaturik daude The Matrix filmean atzean uhinaren arrastoa uzten zuten balek abiadura oso motelean egiten zuten bidea, Neok atzeraka makurturik saihesten zituen bitartean. Berdin arte martzialetako mugimenduekin. Efektu hori lortzeko, bata bestearen atzetik eta distantzia txikira jarritako kamera anitzekin grabatu behar da ekintza bat, eta, ondoren, grabatutako fotogramak tartekatu egiten dira muntaketan.

Efektu berezien erabilerak sona handia eman zion filmari, Beltranen arabera. «Ideia asko lapurtu zituzten ekialdeko edo Japoniako zinema artetik, baina teknologia berriarekin hobetuz: arte martzialak, koreografiak eta ziberpunk kutsu hori bazeuden Japoniako beste film batzuetan. Baina, jakina, AEBetan egiten dutena gehiago zabaltzen da». Hiru ezaugarri nabarmendu ditu: estetikoki zuen indarra, efektu bereziak eta musika.

Watchoski ahizpek musika eta iruditeria «oso berezia» sortu zuten film horretarako, Agoteren ustez. «Ez da original-originala, baina ongi jakin zuten handik eta hemendik hartutako elementuak nahasten». Horri loturik, istorioa. Kontatzeko moduak ez ezik, kontatzen denak ere garrantzi handia baitu. «The Matrix-ek erakutsi zuen posible zela film batean tiro asko egitea, eta hori istorio landu batekin uztartzea, halako ikonografia propio batekin», azaldu du Agotek. Beltranek ere aipatu du istorioaren eta efektu berezien arteko oreka dagoela filmean. Filmak dakarren kontzeptua azpimarratu du, mundu digital paraleloaren esistentzia: «Jerga filosofiko eta informatiko horrek arrakasta izan zuen, belaunaldi batekin bete-betean asmatu zuen».

Bi mundu ageri dira The Matrix filmean, eta aukeraketa bat: errealitatea ezagutzea, edo errealitate paraleloan kezkarik gabe bizitzea. Horratx herri kulturan txertatu den beste eszena bat: Morpheusek bi pastilla eskaintzen dizkio Neori: urdina edo gorria. Urdina hartuta, dena ahantzi eta ordura arte Matrixen barnean zuen bizitza birtualarekin jarraitzeko aukera zuen, bere informatikari lanean. Gorriarekin, askatasuna lor zezakeen, edo, Morpheusek dioen bezala, Lurralde Miresgarrian sar zitekeen, untxi zuloaren sakoneneraino ailegatu arte.



Alizia herrialde miresgarrian ipuinari egiten dio erreferentzia The Matrix filmak behin baino gehiagotan. Ez horri bakarrik. Platonen haitzuloaren alegoria da filmak eskaintzen duena: leizean gelditu liteke protagonista soilik suak sortzen dituen itzalak ikusten, edo kanpora irten liteke, errealitatera. Horrekin batera, Bibliari erreferentzia anitz egiten zaizkio filmean. «Mundu erlijioso edo mistiko bat badago. Ez da oso originala, baina wachowskitarrek ere onartu izan dute Ghost in the Shell filmak haiengan izan zuen eragina», azaldu du Agotek. Gerora, hamaika interpretazio egin dira filmari buruz. Horrek «aberastu» du filmaren mitologia, Agoteren arabera, baina ezin jakin zuzendariek filma sortu zutenean zenbateraino izan zituzten kontuan aipatzen diren azalpen guziak.

Istorioari dagokionez, Ituartek uste du «ederto» egituraturik dagoela filma, eta genero zinema klasikoaren estereotipoak «modu ezin hobean» erabiltzen dituela. «Heroiaren bidaiaren arketipo maskulinoan oinarritutako kontaketa edipiko tradizionala eszenaratzen du. Genero estereotipo klasikoen osagai edipiko guztiak hor daude: Neo —heroia—, Morpheus —aitaren ordezkoa— eta Matrix —antagonista, oztopo femeninoa, suntsitu beharreko amaren arketipoa—. Matrizidioa da heroiaren arrakastarako baldintza». Gogora ekarri du Matrix bera umetoki bezala irudikatzen dela filmean.

The Matrix-en eragina

Mitologia berri bat sortu zuen The Matrix filmak. Hala uste du Beltranek. «Ez zen saga ezagun bat, pertsonaia berriak ziren, eta heroi berri bat. Oso zaila da pertsonaia berriak sortzea, eta hori gakoa izan zen. Azken urteetan ikusten dugu dena dela remake eta reboot. Auskalo The Matrix berri bat ikusiko dugun. Horri buruzko proiektuak badaude». Horretaz gainera, eragin handia izan du filmak zientzia fikziozko zineman. Estetikan izandako eragina nabarmendu du Beltranek. Hala ere, berezia da: «Oso zaila zen The Matrix imitatzea; are, ez da lortu. Bide bat ireki zuen bere garaian, baina bakarra da oraindik ere».

Superheroien filmetan ere oso nabarmen eragin du wachowskitarren filmak. Agotek eman ditu azalpenak: «Gogorarazi zigun heroiek ez dutela zertan oso gihartsuak eta indartsuak izan. Ordura arte Schwarzeneggerrenak ziren zientzia fikzioa eta fantastikoa akzioarekin nahasten zuten film arrakastatsuak. Keanu Reeves ez da indartsua. Nire ustez, gerora etorri den eta gaur egun dugun bolada itogarri honetan, eragin izugarria izan du».

Orain dela hogei urte estreinatu zuten filmaren ondotik, beste bi film egin zituzten Wachowski ahizpek: The Matrix Reloaded eta The Matrix Revolutions. Horiek ez zuten hainbesterako arrakasta izan, hala ere. «Jarraipen duina eman zioten lehenengo zatiari, baina originaltasuna galdu zuen, sorpresa efektua. Guztiak elkarrekin ikusita, film bakarra izan daiteke», esan du Beltranek. Filmen arteko tartean ikusleak galdu bazituzten ere, film sorta «orekatua» eta «interesgarria» egin zuten Wachowskitarrek, Beltranek gaineratu duenez.

Ibilbide gorabeheratsua

Wachowski ahizpen izena anitz zabaldu zen The Matrix-ekin, baina ez dute beti horrelako arrakastarik lortu. «Orduan, ezezagunak ziren zuzendari horiek, eta gerora ere ez dute horrelako arrakastarik izan. Nahiko ibilbide gorabeheratsua izan dute», azaldu du Agotek. Iritzi antzekoa agertu du Beltranek: «Hollywood oso krudela da, eta boladak asko aldatzen dira».

Bestelako ekarpenik egin dute: LGTBI komunitatearen ikusgarritasunari, esaterako. Emakume transexuala zela esan zuen Lana Wachowskik 2012an, eta lau urte geroago Lilly Wachowskik. Honako azalpen hau eman zuen bigarrenak: «Trantsizioan nago, eta nire bizitza osoa emanen dut trantsizioan, maskulinoaren eta femeninoaren arteko infinitoan barrena. Sinpletasun binariotik harago eraman behar dugu dialogoa. Binarismoa idolo faltsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.