Mikel Portularrume, 'Paorra'. Santurtziko entrenatzailea

«Urak gure lekuan jarriko gaitu: jaisteko postuetan, edo bigarren txandan»

Aurreko sasoiko Santurtzi irabazleak ez du antzik oraingoarekin: talde eraberritua da; prestatzailea ere aldatu du. Portularrumek «ilusioz» ekin dio erronkari, estreinakoz ari baita entrenatzaile. Besteengandik edan duena arraunlariei ematea du helburu.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Santurtzi
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euria erruz ari duela azaldu da Santurtziko (Bizkaia) Itsasoko Ama arraun elkartearen egoitzara Mikel Portularrume Paorra (Aia, Gipuzkoa, 1983). Solasaldia hasi aurretik, argazkiak ateratzen egon da Sotera-ko prestatzaile berria, klubeko zoko batean eta bestean, eta, nola ez, txisteak egiteko aukera ez du inolaz ere galdu. Gizon handia da Paorra, baina umorea barruan darama, «baita irabazle sena ere».

Zer moduz ekin diozu ibilbide berriari?

Gustura eta ilusioz nago, eta ikusten dut klubeko jendea ere sentipen berberekin dagoela. Bide baten hasiera besterik ez da. Esperientzia eta erronka berri bat da niretzat, eta bizimodu berrira egokitzen ari naiz.

Entrenatzaile izateko nahia buruan zebilkizun azken urteetan. Bada, heldu zaizu garaia.

Betidanik gustatu izan zait arraun munduaren saltsan ibiltzea. Egia esan, ez nuen uste entrenatzaile izateko aukera helduko zitzaidanik. Azkenean iritsi zait, eta gogotsu nago.

Zer esan zizuten gertukoek?

Familiakoek, hasieran, ez joateko esaten zidaten, baina, hotzean pentsatuta, nire erabakia babestu zuten. Lagunek, berriz, bitan ez pentsatzeko: hasteko eta hasteko.

Nolatan heldu zitzaizun Santurtziko entrenatzaile izateko aukera?

Ikerrek [Salgado Santurtziko presidentea] urri amaiera aldera deitu zidan, entrenatzailea behar zutela esanez. Eibarren geratu ginen, eta klubaren egoeraren berri eman zidan.

Erabakia hartzea kosta egin zitzaizun?

Kostatu zitzaidan, bai. Santurtziko klubaz entzuten zirenak ez ziren gustagarriak, eta, alde horretatik, ez zen harritzekoa izango atzera egiteko inertzia edukitzea. Baina neure buruari esan nion: «Zer demontre! Aukera hau baliatu beharra zeukaat. Balio badiat, aurrera; bestela, kanpora».

Proposamena onartzeko, zer baldintza ezarri zenituen?

Harrobikoak ezinbestean behar nituela eta kanpotik lauzpabost arraunlari fitxatu behar genituela. Halere, egunak aurrera zihoazen heinean, merkatuan aukera gutxiago zegoen. Garai batean egoten zen mugimendurik ez da egon azken urteetan.

Beste talderen baten eskaintzarik jaso zenuen?

Ez, ez nuen jaso.

Zergatik erakarri zaitu Santurtzik?

Aurrez, Santurtzin ibilitakoa naiz, oso gustura, gainera. Iker Zabalak deitu ninduen, kluba goi-goian utzi duen entrenatzaileak. Lan handia egin du. Bestalde, Salgado eta biok gazte mailetan euskal selekzioan elkarrekin aritu ginen; gainerako estropadetan, berriz, lehiakide. Oroitzapen politak ditugu. Gizon zintzoa da, eta horregatik guztiagatik, konfiantza eta segurtasuna eman dizkit egitasmoan sartzeko.

Bertigorik ez dizu ematen Sotera-ren aginte makila hartzeak, prestatzaile gisa esperientziarik eduki gabe?

Nola ez dit ba bertigorik emango? Santurtzi talde txapeldun bat izan da: ligako eta Kontxako Banderako irabazlea. Ez dago gehiago eskatzerik. Alde horretatik, presioa sentitzen dut, baina jabetzen naiz aurreko sasoiko talde hori ez dudala esku artean.

Eskarmentu handia duten entrenatzaileekin aritu zara. Haiengandik edango zenuen.

Entrenatzaile asko eta handiak izan ditut, eta bakoitzaren onena hartzen saiatu naiz. Orain, haiengandik jaso dudana mutilei transmititzen ahaleginduko naiz. Mutil beroa naiz, lehiakorra, eta irabazteko sufritzen dut.

Salgadok BERRIAri urri amaieran aitortu zion taldea egoera benetan beltzean aurkitu zuela, arlo ekonomikoan eta kirol arloan. Hala da?

Aurreko sasoiarekin alderatuta, zuzendaritza berriak beste egitasmo bat du esku artean. Guri ezin zaigu eskatu irabazteko. Inguruko askok gorengo mailan mantentzea dauka helburutzat. Mantendu bai, baina, ahal badugu, gehiago egin nahi dugu.

Zenbatek jarraituko dute?

Aurreko sasoiko harrobiko lau arraunlarirekin eta Eneko Gonzalez patroiarekin topo egin nuen. Orain, 30 inguru gaude: gazte mailetatik igotakoak, arrauna utzia zutenak, hasiberriak...

Eta Gorka Aranberri patroia?

Santurtzin ez jarraitzeko erabakia hartu du, eta guztiz errespetatzen dut. Bakoitzak nahi duena egiteko askatasuna dauka. Etxeko bi patroirekin nabil lanean.

Arraunlari askorekin duzu harremana. Xaxatu al dituzu?

Entrenatzaile batek jendea berotu behar du, gauzak argi azalduta eta errespetuz. Euskaraz hobeto moldatzen naiz gaztelaniaz baino, eta batekin zein bestearekin hitz egitean katramilatu naiz [barrez]. Hori ere ikasiko dut. Ez dago beste erremediorik.

Halabeharrez, Santurtzik aldatu egin behar izan du orain arteko filosofia; kanpoko atea jo beharrean harrobiko atea ireki behar izatea.

Bai, hala da. Bestalde, ligako estropadetan, harrobiko arraunlari kopuru jakin bat jarri behar duzu traineruan. Harrobia da oinarria. Halere, gaur egungo maila handiarekin etxeko arraunlariekin irabaztea, jai dago.

Espero zenuen zeure burua egoera horretan aurkituko zenuela?

Denon artean aurrera egin nahian gabiltza, eta guztiek egin nahi dute ekarpen bat. Lehen eginbeharra arraunketa berrira egokitzea da, bakoitzak berea baitu. Taldea bateratzea dagokigu.

Klubean zer giro nabari duzu?

Lanerako giro ona eta sanoa sumatzen ditut. Gazteak batez ere piztuta daude, eta nik esandako guztiari baiezkoa emateko prest. Taldeari sua ematen diote. Nik haien adinean izaten nuen jarrera dute. Askotan esan izan diet kasta izan behar dutela. Errespetuz eta bata bestearen gainetik jarri gabe, horma jo behar badugu, denok jo dezagun.

Eta herrian?

Oraindik ez naute gelditu. Ezkutuan ibiltzen naiz, txapela eta maskara jarrita [barrez]. Gelditzen nauenari lasai hitz egingo diot. Horretarako ez dut arazorik.

Zer helburu jarri diozu zeure buruari?

Entrenatzaile gisa, barruan dudana arraunlariari transmititu eta hark niri erantzutea. Arrauna kirol gogorra denez, taldean giro ona sortzea nahi dut, eta gozatzea, zaila izango den arren. Buruari buelta asko emango dizkiot, eta denari adi egon beharko dut. Seguruenik, akatsak egingo ditut, baina horietatik ikasiko dut.

Eta talde gisa?

Barruan dugun guztia ematea eta arraunlariek lehiatzeko gosea edukitzea izango dira helburu nagusiak. Hori egiten badugu, urak gure lekuan jarriko gaitu: edo jaisteko postuetan, edo bigarren txandan. Garbi dut aurreko denboraldikoa ezingo dugula berriz egin. Gorabehera handiko denboraldiaurrea izan da, eta egunez egun hobetuz joan beharko dugu.

Datorren udan tostartean egongo al zara?

Nahiago nuke taldekideek kanpoan uztea! Denboraldiaurrea egiten ari naiz, bai. Adinean aurrera noan arren, arraunaren harra barruan daramat. Arrauna utzita egon nintzenean ere, erreparatzen nion, handik edo hemendik. Eta erabat uzten dudanean ere odolean eramango dut. Etxean asko jaso dut. Aiakoa naiz [Gipuzkoa], baina Oriotik [Gipuzkoa] bi kilometrora bizi den batek arraunari ez badio erreparatzen, zerbait gaizki egongo den seinale.

Tostartean hitz egitekoa zara. Karelez kanpoko motordun txalupan ere ez zara geratuko isilik, ezta?

Nire azalpenak arraunlariei ailegatzea nahi dut, eta garrasi egitekoa ere banaiz. Gauzak beti garbi esatea gustatzen zait.

Klubak etxea jarri dizu astea Santurtzin igarotzeko. Autoak lasaitu ederra hartuko zuen.

Castron [2003tik 2006ra] eta Urdaibain [2007tik 2011ra] ibiltzen nintzenean, autoan egiten nituen joan-etorriak. Auskalo zenbat kilometro egingo nituen. Gidatzea asko gustatzen zait, eta horretarako ez dut alferkeriarik. Orain, ordea, Santurtzitik etxerako bidea luze eta neketsua egiten da neguan. Santurtzin bizi naizen arren, askotan etxera joaten naiz amari janaria kentzera [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.