Donostiako Aste Nagusia

Hogeigarrenez abordatu dute piratek Donostia

Donostiako Piratek Kontxako badia abordatu dute bi urteren ondoren. Berrehun bat baltsa atera dira guztira, eta jende ugari ibili da bai uretan, bai lehorrean

Paletak eta lokarriak. Paletak elkarri nola lotu izaten da baltsa egiteko buruhausteetan bat gehiago. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea - Jakes Goikoetxea
Donostia
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako portuko arrapala jendez gainezka zegoen atzo arratsaldean. Horietako asko pirataz jantzirik, eta ez zen gutxiagorako, hiria abordatu behar baitzuten. Hogeigarren abordatzea izan zen atzokoa; berezia zen, gainera, hogei urte igaro baitira lagun talde batek beste festa eredu bat aldarrikatu, eta baltsekin itsasora salto egin zuenetik.

Abordatzea hasi aurretik, mota eta kolore guztietako flotagailuak ikus zitezkeen kaian, baina Lur Labordek eta bere lagunek ez zuten bat bera ere soinean. «Azkeneko abordatzean baltsa oso gaizki atera zitzaigun, eta aurten baltsarik ez egitea erabaki dugu», azaldu zuen donostiarrak. Piraten estilora, baltsa bat abordatzea zen Laborderen eta bere lagunen plana.

Parte hartzaileek baltsak egiteko aukera goizean izan zuten arren, bazen baltsa azken orduan muntatzen ari zenik ere. Lorea Soragurenbeaskoa eta bere lagunak ziren horietako batzuk: «Baltsen muntaketa 09:30ean jartzen digutenean, azken unean muntatzea ideia hobea iruditzen zaigu», esan zuen barre artean. Lehen alditik urtero hartu du parte lagun talde horrek.

Batzuentzat, lehen abordatzea izan zen atzokoa, ordea. Nahia Bilbaok eta Ekhine Zubeldiak Euskarabenturan ezagutu zuten elkar, eta, espedizioko hainbat kiderekin batera, han egin zuten abordatzera joateko plana. Kide asko izanda, taldeka banatu ziren Euskarabenturako kideak, eta euren baltsa ahalik eta azkarren aurkitzea espero zuten, inork aborda ez zezan.

17:00etarako minutu gutxiren faltan, geroz eta giro beroagoa zegoen kaian. Musikak dantzan mantentzen zituen piratak, eta bazegoen ur pistolekin eguzkia arintzen zuenik ere. Ezkila eta Matti ere iritsi ziren abordatzera —Bilgune Feministako kideak dira aurten—, eurek baitzuten abordatzeko txupinazoa botatzeko ardura. Bilgune Feministak 20 urte bete ditu, eta, Mattiren esanetan, «oraindik ere Donostia abordatzen jarraituko dugu, hiri feminista bat behar dugulako». Diskurtsoaren ostean, suziriaren hotsarekin piraten olatuak uretara egin zuen salto, eta ura kolorez bete zen segundo gutxian.

Baltsa batzuk hondartzatik geroz eta hurbilago zeudenean, beste batzuk kaitik irten berri besterik ez zeuden. Kontxako baranda jendez lepo zegoen, baita hondartza bera ere.

Pixkanaka, lehen baltsak iritsi ziren hondartzara. Ikusleek txalo artean jasotzen zituzten piratak, eta haiek gustura jasotzen zituzten txaloak. Antiguako lau laguneko talde batek ongi pasatu zuen bidean: «Flotagailuak zulatu zaizkigu, baina ondo pasatu dugu», esan zuten. Hurrengo urtean baltsa hobe bat egiteko promesa egin zuten.

Josu Gomez eta bere lagunak leher eginda iritsi ziren ur ertzera. «Uste genuena baino gogorragoa izan da», argitu zuen Gomezek. Hala ere, gainerako piratek jarritako giroak lagundu omen zien hondartzaraino iristen.

Iristen zen baltsa bakoitza jaso, eta antolatzaileek eta udaleko langileek hondakinak banandu ondoren, birziklatzera botatzen zuten, hondartzan zaborrik ez uzteko. Abordatzearen ondoren, ez zen egon atseden hartzeko aukerarik. Reimy DJak, bizikleta gainean, musika jarri, eta piratak dantzan jarri zituen.

Kaia, 'ontziola'

Eguneko lehen abordatzea goizean izan zen. Turistek hartu zuten udaletxearen eta portuaren arteko bidea, eguzkipean. Bakarrik, bikoteka, haurrekin eta talde handitan ere bai.

Haien artean, paletak, banbuak, flotagailuak, lokarriak, zinta itsaskorra eta zinta amerikarra zeramatzaten gazteak. Batzuek eskuetan hartuta; besteek arrastaka. Luze egin zitzaizkien portuko metroak. «Honek flotatuko al du?», galdetu zion neska batek besteari, paleta eraman ezinik, arratsaldean haren gainean jarri beharko zutela pentsatuz.

Konponbidea parean zuten. Donostiako Piratek airez betetako poltsak saltzeko denda bat zuten. Zaku itxurako poltsa zuriak. Sei euro poltsa bakoitza. Paletak eta paleten gainean jarri behar zutenak eusteko modukoak.

Ontziola erraldoia bihurtu zen Donostiako kaia. Baltsa guztien artean handiena, nabarmenena, Parte Zaharrekoena —lehen baltsak auzoka egiten ziren—. Egurrezko xaflak elkarri lotu zizkioten, eta gainalde handi bat osatu zuten. Haren azpian, hamasei aire poltsa. Poltsak egurrei lotzeko, lokarriak, eta, lokarrien gainetik, zinta itsaskorra.

Arratsaldean 25 bat lagun eraman behar zituen kaitik Kontxako hondartzara. «25 bat abiatuko gara, baina iritsi?», galdetu zuen Igor Elberdinek. «Urteren batean 32 ere joan gara». Gakoa: baltsa arina egitea. Marinelen artean, DJ Bull.

«Urteroko materiala ekarri dugu», zehaztu zuen Elberdinek. Aurreko urteetan erabilitakoa, birziklatutakoa. Egurrek bost urte dituzte. Torlojuek, hogei. «Gutako batzuek hogei abordatze egin ditugu. Lehen urtean hamabost baltsa ginen».

Abordatzeko kuadrilla helduenetakoa zen Elberdinena. Parte hartzen jarraitzeko asmoa dute, abordatzearen helburuak indarrean jarraitzen duen bitartean: «Jai herrikoiak eta parte hartzaileak».

Kuadrilletako asko taldeko kamisetekin ari ziren lanean. Elberdin-eta lagunak horiarekin, gaztetxo batzuk laranjarekin eta beste batzuk morearekin. Bizkarrean, izen bat, mito bat: Aita Manuel. Manuel Arrillagaren ezizena, Pasai San Pedroko traineruaren patroi historikoa.

Baziren baltsa garatu gabe eta oinarrizkoagoak ere: zintaz elkarri lotutako flotagailuekin egindakoak.

Laidak, Garazik eta Anek ez zekiten baltsa nola egin. Paletak lortu zituzten, poltsak erosi, lokarria eta zinta itsaskorra eraman, baina ez zekiten oso ondo hura guztia nola antolatu. Ondokoei begiratuta eta galdetuta, lanean hasi ziren: «Ez gara ingeniariak, baina moldatuko gara».

Lehen erronka: paletak elkartzea. Lokarriekin. Sartu zirrikitu batetik, atera bestetik eta korapilo mordoxka bat. Bigarren erronka, poltsak jartzea eta paletei lotzea. Aurrena lokarriekin eta gero, lokarriak ez mugitzeko, zinta itsaskorra lokarrien gainetik. «Ez dugu asko pisatzen. Eutsiko gaitu, eta eramango gaitu Kontxaraino».

Baziren ia hitzik egin gabe baltsa muntatu zutenak ere. Paletei banbuak lotu, banbuei poltsak, eta kito. Urteetako eskarmentuaren abantailak.

Baltsak bai, baina bandera gutxi ageri ziren baltsetan. Batean ikurrina, bestean euskal presoen aldekoa, eta, kaiaren erdian, Ukrainako bandera bat.

Pankarta batek gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzak kaia itxi egin duela herritarrentzat: «Gora kai herrikoiak!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.