Eskoziaren independentzia

Zer egin Londresen ezezkoaren aurrean

SNPko sektore batzuk haserre daude independentziarako B planaren eztabaida blokeatu dutelako. Sturgeonen asmoa da bide orria eta galdera 2021eko bozen aurretik jakinaraztea

Nicola Sturgeon Eskoziako Parlamentuan, pentsakor. F. BREMNER / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Theresa Mayk lehenik, eta Boris Johnsonek ondoren; Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak Londresen ezezkoa jaso du bigarren independentzia erreferenduma egiteko eskumenak eskatu dituen bakoitzean. Eta, halere, agintari independentista tematu egin da 2014ko galdeketa ekarri zuen bide bera egiten, hainbatetan errepikatu baitu Eskoziako herritarrei auzi beraz iritzia emateko eskatuz gero prozesuak Erresuma Batuarekin adostua izan behar duela. «Pazientzia» eskatu zien alderdikideei eta militanteei iaz, baina pazientzia hori agortzen hasia da sektore batzuetan: izan ere, datorren urteko Eskoziako Parlamenturako bozen emaitzen zain, B plan baten beharra mahaigaineratzen hasiak dira horietako batzuk. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren zuzendaritzak, ordea, ez du beste bide orririk adosteko prestasunik erakutsi, oraindik oinarrien gehiengoaren babesa baitu independentziarako estrategian.

Londresen eta Edinburgon uste bat finkatzen ari da brexit-a gauzatu zenetik, baina batez ere koronabirusak eragindako osasun larrialdia hasi zenetik: Eskoziaren independentzia inoiz baino gertuago dagoela, eta bigarren erreferenduma saihetsezina dela. Zer esanik ez auzi horretaz egindako azken hamar bat inkestak aurretik jarri ondoren baiezkoa, %51 eta %58 artean.

Horri gehituz gero 2021eko maiatzaren 6ko hauteskundeetan SNPk gehiengo osoa lortzeko aukera handiak dituela, eta ekologisten diputatuak kontuan hartuta independentismoak eserlekuen bi heren eskuratu ditzakeela, Sturgeonek uste du nahikoa indar erakustaldi eta babes izango dutela bigarren erreferenduma exijitzeko. Eta, hortaz, Londresek ez duela zilegitasunik izango ezezkoa berriz emateko.

Testuinguru horri begira, Eskoziako lehen ministroak iragan irailean jakinarazi zuen datozen bozen aurretik emango duela balizko bigarren erreferendumaren egutegiaren, bide orriaren eta galderaren berri, boto emaileak «ideia argi batekin» joan daitezen bozkatzera.

Independentistek testuingururik baikorrena espero dute maiatzetik aurrera, baina zer gertatuko da Johnsonek ezezkoan jarraitzen badu? Sturgeonek ez du zantzurik eman estrategia aldatzeko asmoaren inguruan, eta horregatik ari dira SNPko hainbat sektoreB plan baten beharrean arreta jartzen; alderdiak gaur hasi eta astelehenera bitarte egingo duen kongresu birtualean, ordea, blokeatu egin dituzte horien inguruko proposamenak, iragan urtean egin bezala.

Angus B. MacNeil Komunen Ganberako diputatuak eta Christopher McEleny Inverclyde udalbatzako zinegotziak aurkezturiko bide orria da eztabaidatik kanpo utzi dutenetako bat. Horien arabera, lehentasuna Erresuma Batuko Gobernuarekin ados jartzea da, baina Londresek bere jarrerari eutsiko balio, beste bi pauso proposatu lituzkete: batetik, auzitegietara joatea, Eskoziak bere kabuz galdeketa lotesle bat egiteko baimena eskuratzeko; eta, bestetik, epaileek kontrako iritzia emango balute, datorren urteko maiatzeko hauteskundeak de facto erreferenduma izatea, eta, hortaz, Eskoziako Gobernuak ekitaldi horretan jasotzea independentzia negoziatzeko agintea.

SNP barruko Common Weal Group izeneko sektore ezkertiarrak ere aurkeztu zuen bere proposamena, baina kasu horretan ere ezezkoarekin erantzun dio zuzendaritzak; besteak beste, Joana Cherry Komunen Ganberako diputatu ezagunaren babesa zuen. Halere, baliteke mozio horrek aurrekoak baino bide oparoagoa izatea, ateak ireki baitizkiote honako hau eztabaidatzeari: Asanblea Nazional bat osatzea—eskumenik eta autoritaterik gabekoa— Erresuma Batuaren ezezkoaren aurrean eman beharreko pausoez eztabaidatzeko.

Iazko konferentzian alderdikideek eta militanteek izan zutenB plan baten beharraz eztabaidatzeko aukera, baina ezezkoa gailendu zen horri buruzko bozketan; txistuka ere aritu ziren batzuk, gaia mahaigaineratu zuten alderdikideen aurka. Urtebeteren ostean, ordea, plan horren sustatzaileek uste dute iritzia bestelakoa dela alderdiaren oinarrian.

Bi galdeketa?

SNPtik kanpo, independentziari begirako beste aukera bat unionismotik aurkeztu dute, eta ez edonork: 1990etik 1997ra Erresuma Batuko lehen ministro eta kontserbadoreen buruzagi izandako John Mayorrek. Haren iritziz, oraingoan bi erreferendum egin beharko lirateke, bakarra egin beharrean.

Lehena independentziaz litzateke, eta, baiezkoak irabaziz gero, bigarrena Edinburgok eta Londresek izan behar luketen etorkizuneko harremanaz. Mayorren arabera, horrek balioko luke Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzeko, hilaren hasieran azaldu zuenez: «Bigarren galdeketaren helburua litzateke Eskoziako boto emaileek jakitea zer bozkatuko duten, eta orain dutenarekin alderaketa egiteko aukera izatea».

Eskozian, 2014ko irailaren 18an egin zuten lehen independentzia erreferenduma, eta Erresuma Batuan geratzearen aldeko jarrera gailendu zen, botoen %55,3 bilduta. «Belaunaldi baterako galdeketatzat» jo zuten denek, baina brexit-aren ondorioz egoera aldatu dela argudiatu dute independentistek, unionisten galdeketa hartako argudio nagusietako bat izan baitzen Eskozia Europako Batasunetik aterako zela herrialde independentea bilakatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.