Erlijio bat jomugan

Austriako Gobernuak eratutako islamaren mapak hautsak harrotu ditu herrialdeko erakunde musulmanen artean, horietako hainbat eskuin muturreko taldeen helburu bihurtu baitira. Adituek, baina, nabarmendu dute neurri jakin batzuetan zentratu beharrean horien atzean dagoen narratibari aurre egin behar zaiola.

Meskita baten aurkako polizia operazioa, iaz, Vienan. FELIX HUBER / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Austriako Gobernuak herrialdean dauden 623 erakunde islamiarren inguruko datuak biltzen zituen mapa bat argitaratu zuen apirilaren amaieran, iaz Vienan gertatutako atentatuari erantzunez. Egun gutxiren buruan itxi dute, ordea, hainbat egoitzak jasaniko erasoen ostean. Susanne Raab Integrazio ministroaren arabera, proiektuaren helburua «islam politikoari» aurre egitea zen. Zer da, baina, islam politikoa deritzona? «Kontzeptu huts bat», azaldu du Ainhoa Nadia Douhaibi hezitzaile eta ikertzaile antirrazistak: «Herritar musulmanak jomugan jartzeko modu bat da».

Meskitak, gazte antolakundeak, kultur zentroak, kirol taldeak... biltzen zituen Vienako Unibertsitateak eta Islam Politikoaren Dokumentaziorako Zentroak elkarlanean argitaratutako mapak. Bilaketak egiteko aukera ematen zuen hark, eta erakunde bakoitzaren inguruko hainbat datu plazaratzen. Batzuetan, izena eta helbidea ematen zituen bakarrik, baina, beste hainbatetan, erakundearen historiaren eta hura osatzen duten kideen jatorriaren berri ere ematen zuen.

Hor dago gakoetako bat, Douhaibiren ustez. «Ez dira espazio erlijioso jakin batzuk markatzen soilik ari: tradizio musulmana duten erakunde sozialak ere markatu dituzte. Horiek ere jopuntuan daude». Beraz, neurriak bainoago, hura aurrera eramateko erabiltzen diren narratiben atzean zer dagoen aztertu beharra nabarmendu du ikertzaileak: «Islama arrisku gisa irudikatzea dago».

Ideia horrekin bat dator UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle Jose Maria Perceval ere. Haren esanetan, zerbait seinalatzen denean, adierazi egin behar da zertarako egiten den: euren eskubideak defendatzeko, eurak asimilatzeko... Kasu horretan, ordea, «modu anbiguo batean» egin dela uste du, eta «arriskutsua» izan daiteke hori: «Helburua, oro har, erakunde islamistak seinalatzea da, eta segurtasunik eza sustatzen du horrek».

Austriako Gobernuak, halako kritiken aurka, baztertu egin du helburua musulman guztiak—herrialdeko biztanleriaren %6,9 dira— «susmopean» jartzea denik, eta adierazi du erlijioa «gizartea berregituratzeko asmoz» erabiltzen duten erakundeen aurka borrokatzeko eta «gardentasuna sustatzeko» sortu zutela webgunea: «Helburua ideologia politikoak borrokatzea da, ez erlijioa».

«Zergatik jazarri behar zaio, baina, islam politikoari?», galdetu du Percevalek: «Demokrata kristauei jazartzen zaizkie? Ezin dira guztiak terroristatzat hartu». Beraz, irakaslearen ustez, arazoa ezin da islama izan, kristautasuna edo judaismoa ez diren bezala; horiek «eraso terroristak egiteko erabiltzen dituztenak» baizik.

Diskurtso mota hori, «terrorearen aurkako gerra deitzen dutena», Europan hedatzen ari den narratiba bat dela uste du Douhaibik, batez ere 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostetik. Diskurtso horrek «mundu modernoaren aurkako arrisku gisa» irudikatzen ditu islama eta musulmanak, ikertzailearen esanetan: «Erretorika modu horrek adierazten du arazo bat dagoela islam politikoa erabiltzen dutenekin, baina erabiltzen den seinalatzeko moduak musulman denei eragiten die». Horren adibide gisa aurkeztu du terrorismo jihadista kontzeptuaren erabilera: «Tradizio erlijioso islamikotik datozen hitzak erabiltzean, erlijioa bera eta jatorri erlijioso hori duten herritar guztiak jartzen dira jomugan». Ikertzaileak azaldu bezala, jihad hitzak definizio ugari ditu, baina egun «terrorismoarekin eta indarkeriarekin» lotzen da, eta erlijioari lotutako jendeari arazo bat sorrarazten dio: «Beldurra senti dezakete beren tradizio erlijiosoa espresatzeagatik».

Ideia horrekin bat datoz Austriako erakunde islamiarrak, eta hala esan diote gobernuari. «Antolakunde musulman guztien izenak, jarduerak eta helbideak argitaratu izanak muga guztiak zeharkatu ditu», azaldu du Austriako Gaztedi Musulmanak. Herrialdeko Komunitate Islamikoak, berriz, nabarmendu du «ordena demokratikoarentzat eta gizartearentzat arazo potentzial bat» dela zerrenda: «Herritar musulmanak segurtasun arrisku handian jartzen ditu».

Hura izan da egileak webgunea «behin-behinean» ixtera behartu dituen gakoetako bat. «Sentitzen dugu [webgunearen] instrumentalizazio handi bat egon izana egunotan, eta eskuin muturreko taldeek proiektu honen helburuaren aurka egitea», azaltzen du webgunearen azalean ageri den mezuak, gehitzeko Vienako hainbat erakunderen egoitzek mehatxuak eta erasoak jasan dituztela. Izan ere, musulmanen aurkako erasoek gora egin duten garai batean egin zuten publiko proiektua. Zehazki, iazko azarotik hauteman dute fenomeno hori. Hilabete haren hasieran, EI Estatu Islamikoaren jarraitzaile batek lau lagun hil eta beste hogei baino gehiago zauritu zituen.

Webgunearen jatorria ezagutzeko ere, garai berera egin behar da atzera. Eraso haren ostean, Sebastian Kurz lehen ministroak adierazi zuen Austriaren etsai nagusia «estremismo islamiarra» dela: «Gure balio guztien eta Konstituzioaren aurka zuzendu da». Egun batzuk geroago, gainera, ondorengo hau gehitu zuen: «Islam politikoa izeneko delitu bat sortuko dugu, finean, terroristak izan ez baina haien haztegi gisa funtzionatzen dutenentzat». Horren bidez, hainbat meskita ixteko, imanen zerrendak osatzeko, sinboloen eta elkarteen legeak gogortzeko eta «terrorismoaren finantzaketa» erraztu dezaketen diru fluxuak eteteko asmoa du.

Halako erabakiak egoera edo gertakari jakin batzuekin lotzea okerra da, ordea, Douhaibiren esanetan; «despistatzeko modu bat». Ikerlariak argitu du «ohiz kanpoko indarkeria egoerei aurre egiten» ari direla irudikatu nahi dutela gobernuek, halako egoerak aurrez gertatuko ez balira bezala: «Testuinguru horretan beharrezko tresna guztiak erabiltzea baimentzen da». Uste bera du Percevalek ere: «Diskurtsoa atentatuetatik independentea da, justifikazio bat gehiago dira». Hala, argudiatu du eskuin muturrak bere kontakizuna eraikitzeko topatutako «mamu handia» direla gertaera horiek.

Kontu zaharra

Adituen esanetan, «terrorismoaren aurkako diskurtsoaren» atzean dagoena ez da berria. «Jada arrazagatiko definituta dauden politiken jarraipena da. Kakotxen artean jarrita, oraingo terroristak lehengo lapurrak dira», nabarmendu du Douhaibik, gehitzeko «kolonialismo garairaino» egin behar dela hastapenetara iristeko. Percevalek egungo egoera jo du horren lekuko: «Xenofobia eta arrazakeria migrazioaren fenomenoarekin lotuta ageri dira askotan. Horiek, baina, aurrez eraikitako narrazio baten parte dira. Unean uneko justifikazioak topatzen dira, izan migrazio krisia edo atentatuak».

Vienakoa Austriak jasan duen modu horretako eraso bakarra izan da, baina migratzaileen eta musulmanen aurkako mezuak ez dira berriak Kurzen diskurtsoan. 2017an boterera iritsi zenetik, ezinbestekotzat jo ditu kanpo mugen kontrola zorroztea eta identitate nazionalaren defentsa sustatzea. «Migrazioari muga argi batzuk jartzen ez dizkiotenak laster hasiko dira euren lurretan lekuz kanpo sentitzen», adierazi zuen kantziler gisa urtebete egin zuenean. Une hartan, EB Europako Batasuneko Kontseiluko presidente ere bazen. Gerora, herrialdeko zazpi meskita itxi zituen Poliziak, atzerritik iritsitako diruarekin «muturreko ideiak zabaltzen» eta «adingabeak doktrinatzen» zituztelakoan.

Migrazioaren eta islamaren aurkako diskurtso horren atzean, baina, ez dago laikotasunaren aldeko defentsa bat, Percevalen esanetan, «europartzat jotzen duten balio kristauena» baizik: «Lehen antisemitismoa zena—orain ere bada— islamofobia bihurtu dute. Kolektibo horiei dena libre utzi zaien kontakizuna saltzen dute». Irakaslearen ustez, «demokraziari kalte» eta «eskuin muturraren estrategiari mesede» egiten dion diskurtso bat da hori. «Supremazia zuriari», zehaztu du Douhaibik, haren arabera, diskurtso mota horrek «arrazen hierarkiaren delirioa» sustatzen baitu.

Finean, egungo eskuin muturreko alderdiek «konplexurik gabe» adierazten dute jokamolde hori, ikertzaileak azaldu duenez. Halere, nabarmendu du alderdi mota horiek oraindik apenas izan direla gobernuak zuzentzen, baina musulmanak edo migratzaileak seinalatzen dituzten diskurtsoak denbora luzea daramatela: «Ez dugu ikusi ezberdintasunik gobernu mota ezberdinek hartutako erabakietan. Ez dira ekintza benetan eraldatzaileak sustatu».

Beraz, ezkerreko alderdiek eta gobernuek izaniko jarrera ere kritikatu du Douhainbik, «arrazakeriaren aurka erantzun sendo bat emateko» izan dituzten gabeziengatik: «Gaiaz zerbait esaten dutenean, normalean, eskuinaren astakeriei erantzuteko izaten da. Badirudi ezkerrak eskuinak aipatzean soilik ikusten duela arrazakeria». Finean, «ez da lehentasun bat». Hala, «estatu islamofobia» aipatu du, «estatu aparatuen bidez sortzen den arrazakeriari» erreferentzia eginez: legeak, erabaki politikoak, gobernatzeko moduak... «Aurrez ezarri diren ideia islamofoboak bere egiten ditu», eta, nolabait, «bizitza ordenatzen du».

Horrek guztiak «egoera gogor batean» utzi du egungo Europa, Percevalen aburuz, «baita musulmanen presentzia esanguratsu bat ez duten herrialdeak ere»—EBko herritarren %4,9 dira musulmanak—. Izan ere, Kurzen diskurtsoak bat egiten du Europako beste hainbat herrialdetako gobernuek aplikatutakoekin. «Erretorika global bat da», dio Douhaibik, Islamaren ideia orientalista Mendebaldearen dikotomia gisa aurkezten duena: «Haren arabera, Ekialdea tradizionala da, barbaroa; ez da modernizatu. Horrek lurralde horietan bizi direnak definitzen ditu».

Percevalen esanetan, berriz, «bazterketa sistemak ez dira bestearen gain eraikitzen, nahiz eta ondorio negatiboak hark jaso». Haren arabera, «norberaren identitatearen eraikuntzaren» parte da: «Euren komunitatearen idealarentzat negatibotzat dituzten ezaugarriak hartzen dituzte, eta talde bat bilatzen dute horiek aplikatzeko: juduak, musulmanak, migratzaileak, txiroak...».

Ulertu eta ekin

Horren guztiaren ondorioak plazaratzen ditu Pew ikerketa zentroaren lan batek. Haren arabera, EBko herritarren %45ek uste dute euren kultura gainontzekoen gainetik dagoela. Era berean, galdetutakoen herenek ez lukete nahiko musulmanik euren familian.

Horri aurre egiteko, «arrazakeriak nola lan egiten duen ulertu beharra dago», Douhaibiren esanetan. Aldaketa nabarmen bat izan beharko litzatekeela uste du; pertsonen arteko arazo gisa irudikatzeari utzi eta, besteak beste, legeetan, lanean, baliabideen banaketan eta polizien jardunean ere presente dagoela ulertzea. Percevalek, berriz, eskuin muturraren diskurtsoei erantzuteko bide berriak topatu beharraren premia nabarmendu du. Izan ere, «hedabideen demokratizazioak» ekarri dituen ondorioetako bat kontakizun mota hori «modu eraginkorrago batean» zabaltzeko aukera ematea izan dela uste du: «Erraztu egin du halako neurriak hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.