LGTBIfobiaren aurkako eguna. Elena Olartua. Abokatua

«Estrategia globalak behar dira gorrotoari aurre egiteko»

Elena Olartuak uste du legeak bakarrik ez duela balio erantzuteko sexu orientazioagatik eta genero identitateagatik LGTBI kolektiboaren aurka eginiko gorroto erasoei.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
aitor biain
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Sexu orientazioarekin zein genero identitatearekin lotutako gorroto delituetan aditua da Elena Olartua (Bilbo, 1975). Aldarte elkartean lan egiten du, abokatu gisa. LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delitu gehienak eraso gisa gertatzen dira Euskal Herrian, Olartuaren arabera.

Zer arrazoi dago gorroto ekintzen atzean?

Jarrera jakin baten azken erantzuna da bortxa, baina, ikuspegi orokor batetik begiratuta, aurreiritziak, estereotipoak, desberdintasuna ukatzea, aniztasuna ez onartzea eta halako arrazoiak daude eraso horien atzean. Gero, gorroto jarrera hori LGTBI komunitateko pertsonen aurkako bortxa ekintzetan islatzen da.

Gorroto delituarekin lotutako bortxa ekintzak gero eta gehiago dira, baina gutxi batzuk baino ez dira salatzen. Zergatik?

LGTBI komunitatearen aurkako jarrera handiagoa den herrialdeetan, esaterako, beldurra da salaketa ez jartzearen arrazoietako bat. Pertsona horiek ez dute nahi izaten gay, lesbiana, transexual edota bisexual gisa identifikatzea, horrek izan ditzakeen ondorioen beldur. Sistemarekiko konfiantza falta ere izan daiteke. Hainbat arrazoi daude, eta hainbat faktorek eragiten dute. LGTBI komunitatearen aurkako erasoek oinarri komunak dituzte alde guztietan; errealitate global bat dela esan daiteke, baina egoera ez da berdina leku guztietan.

Formakuntza gehiago behar da Polizian, esaterako?

Hemen, Euskal Herrian, ez nuke esango. Hego Amerikako herrialdeetan, beharbada bai. Mexikon edo Hondurasen, adibidez, arazo larria dute Poliziarekin, sarritan beste alde batera begiratzen baitu. Hemen, aldiz, egoera oso bestelakoa da, zorionez. Sentsibilizatuta daude, eta, sexu orientazio eta genero identitatearengatik egindako erasoren bat salatzera joanez gero, tratu egokia ematen dute. Hemen arazoa gehiago da identifikazioa: salaketa jartzera joanez gero, LGTBI komunitateko pertsona gisa identifikatu nahi ez izatea. Errealitate globala bada ere, hainbat ikuspegi ditu.

Ikusgaitasunik eza arazo da LGTBI komunitatearentzat?

Bai, noski. Hori da sexu orientazio eta genero identitateagatik egindako gorroto delituen arazoetako bat: ikusgaitasunik eza. Zenbat ekintzari buruz ari gara? Nola zenbatzen dira? Nolakoa da errealitate honen benetako argazkia?

Nola egin jarrera horien aurka?

Sexu orientazio eta genero identitateen ondorioz jazotzen diren gorroto delituak amaitzeko zer neurri hartzeaz hitz egiten dugunean, hainbat tresna jarri ditzakegu mahai gainean. Bide judiziala eta zigor penalena aukera bat da, bai, eta beharrezkoa ere bai, ekintzek ezin baitute erantzunik gabe geratu. Baina ez da bakarra. Aurrez aipatu moduan, eraso horien atzean arrazoi asko daude, eta horiei aurre egin behar zaie. Nola? Sentsibilizazio kanpainen bidez, formakuntzak emanez hezkuntzan, gizarte zibilaren parte hartzea sustatuta... Arlo guztietako teklak ukitu behar dira honi buelta emateko.

Beraz, legea soilik ez da aski.

Ez, noski. Gorroto delitu bat errespetu falta bat da, finean; aurretiazko lanketa bat behar du, beraz. Zigor zuzenbidea erantzun bat baino ez da sarritan, eta zigor batek ez du pertsona baten pentsamoldea aldatuko, seguru asko. nire iritziz, nahikoa izan daiteke ekintza jakin batzuen aurka egiteko, baina betiere erantzun penal bat eman nahi bada. Zalantza dut, ordea, zuzenbide penala bakarrik nahikoa ote den gorroto delituak amaitzeko. Delituaren larritasuna kontuan izanda, ezinezkoa da erasoak erantzunik gabe geratzea, pertsona batzuen eskubideak urratzen baitira. Baina ezin da baztertu berriz errepikatuko ez direnik. Estatistikei erreparatuz gero, behintzat, esan daiteke ez dela gorroto delituak desagerrarazteko tresnarik egokiena. Eztabaida mahai gainean dago, ordea, eta interesgarria izan daiteke.

Ezta ikuspuntu global batetik begiratuta?

Ikuspuntu global batetik, are gutxiago. Estrategia globalak behar dira gorrotoari aurre egiteko. LGTBI komunitate osoari balioko dioten tresnak aurkitu behar dira; denok estaliko gaituen aterki bat behar dugu. Hori da bilatu behar duguna, eta horretarako antolatu ditugu biharko topaketak, hein handi batean.

Ikuspegi global horretan zer rol jokatzen du sareak?

Gure kasuan, esaterako, nazioarteko sare bat jarri dugu martxan. Izan ere, jabetu gara, estatuko tresnak edota legezko tresnaak egon arren, askotan sare sozialak direla salatzeko egokienak. Konturatu gara balio dezaketela borrokarako aparailu gisa, elkarren arteko sinergiak sortzeko, estrategia komunak eratzeko, edota delituen bozgorailu gisa. Ikuspegi globala dute, eta hori da guk bilatzen duguna: munduko elkarte eta talde ororen partaidetza. Lan indibidualak ez baitu behar besteko erantzunik ematen askotan; LGTBI komunitateko pertsonen eskubideen defentsan aritu diren ekintzaileen hilketak dira horren adibide.

Non dago gorroto diskurtsoaren eta adierazpen askatasunaren arteko muga, kasu honetan?

Bi eskubideek talka egiten dute, eta hori egia da. Eztabaida zaila izan daiteke. Zer punturaino esan daiteke iritzi batek gorrotoa sustatzen duela? Autobus transfoboaren adibidea hor dago, esaterako. Elkarren arteko lerroa oso fina izan daiteke, eta horrek egoera zaildu dezake. Kasu bakoitza aztertu beharko litzateke: diskurtso batek izan dezakeen eragina ez da berdina hemen edo munduko beste edozein herrialdetan. Diskurtsoa egiten duenaren ardura aztertu behar da, ordea: ez da gauza bera kaleko diskurtso bat, edo ardura sozial, politiko edo erlijioso bat duen batek egin dezakeena. Hala ere, giza eskubideen errespetua dago iritzi ororen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.